Egun beltza burtsetan, AEBetako ekonomiari buruzko kezkarengatik

Zenbaki gorriak nagusitu dira Asiako burtsetan, eta Europara ere iritsi dira, modu apalagoan. Kezka piztu da AEBak atzeraldian sar ote daitezkeen, eta Erreserba Federalaren tasa jaitsierak berandu irits ote daitezkeen.

Nikkei indizeak bere historian izan dituen beherakadarik handienetan bigarrena izan du gaur. KIMIMASA MAYAMA / EFE
Nikkei indizeak bere historiako bigarren erorketa handiena izan du gaur. KIMIMASA MAYAMA / EFE
Irune Lasa.
2024ko abuztuaren 5a
13:25
Entzun

Gorabehera handiak errazago gertatzen dira abuztuan burtsetan; opor giroan, negoziatutako kopuruak nabarmen txikiagoak izaten direlako eta, ondorioz, aldaketak gehiago igartzen direlako. Neurri batean horrek azaldu ditzake ostiral gauean eta gaur bertan nazioarteko burtsa nagusietan agertutako zenbaki gorri handiak; akzio gutxi salerosten direnean, eta operazioetan salmentak pilatzen hasten direnean, aldaketa portzentajeak handitzen dira.

Baina, zenbaki gorriak orokortu dituen aldakortasun handiaren atzean, egon al daiteke arrazoi sendorik ere? Zaila da ikusten. Ostiralean, AEBetako enplegu datuak espero baino okerragoak izateak kezka piztu zuen Wall Streeten. Uztailean, AEBetako ekonomiak soilik 114.000 lanpostu sortu zituen, eta langabezia tasa %4,3ra igo zen.

Analista batzuen ustez, hilabete soil bat da, eta urrunegi joatea litzateke AEBetako ekonomia atzeraldian sartzear dela ondorioztatzea, badaudelako bestelakoa erakusten duten beste datu batzuk ere. Izan daiteke, haien ustez, pandemia osteko neurriei esker iritsitako hazkundeak jada goia jo izana, eta inflazioa jaistearekin batera, AEBetako ekonomia lur hartze leun baterako bidean izatea.

%12,4

Nikkei indizearen jaitsiera gaur. Joan den astean, Japoniako Bankuak interes tasak igo zituen ustekabean, eta yen indartsuegiak inbertsiogile askori sortutako kezkari ostiraleko Wall Streeteko itzal iluna gehitu zaio gaur Tokion. Nikkei indizea %12,4 apaldu da. Shunichi Suzuki Finantza ministroak lasaitasun mezua eman du, eta azpimarratu herrialdeko ekonomia suspertzen ari dela.

Beste batzuentzat, aldiz, atzeraldi baten atarian egon daitezke AEBak, eta berebizikoa da interes tasen jaitsiera bat. Urduritasun horrek bultzada hartu du astelehen goizean, Japoniako Nikkei indizeak %12,4ko beherakada izan duenean, bere historiako handienetan bigarrena. Herrialde hartan, yenaren indarra da kezka areagotu duten arrazoietako bat. Izan ere, Japoniako Bankuak joan den astean igo zituen interes tasak, %0,25eraino.

Asiako burtsetan zabaldutako izuak, hori bai, eragin leunagoa izan du Europan, eta, galerak izan arren (Stoxx Europe 600 %2 inguru jaitsi da), ez dira Asiakoen neurrikoak. Hori bai, Europan ere hasiak dira Europako Banku Zentralak irailean (12an du erabakitzeko bilera) tasak gutxienez 50 puntu jaitsi beharko dituela apustu egiten.

Banku zentralak

EBZ baino gehiago, AEBetako Erreserba federala dago orain guztien begietan. Hain zuzen, Jerome Powellek gidatutako kontseiluak orain egun gutxi erabaki zuen interes tasak bere horretan uztea, lurreratze leunaren analisia eginda, eta lehen jaitsierak iragarriz bere hurrengo bilerarako, irailaren 18rako. Jaitsiera horiek hasieran uste baino handiagoak izango direla uste dute orain merkatuek.

Baina batzuen ustez, Erreserba Federalaren tasen jaitsierak berandu irits daitezke hazkundearen beherakada handia saihestera, eta gaur zenbait ahots entzun dira larrialdiko bilera bat eta, beraz, jaitsiera bat eskatuz. Baina horrelakoak oso gutxitan gertatu dira, eta egoera oso larrietarako gordetzen dira. Azkena, adibidez, pandemiaren hasieran izan zen.

Adimen artifizialaren burbuila?

Burtsetan, balore teknologikoak ari dira sumatzen beherakadarik handienak. Joan den astean, jada zenbaki gorrietan zeuden konpainia teknologikoen Nasdaq indizean, adimen artifizialaren burbuila bat lehertzear dagoen ala ez zen eztabaidagaia foroetan; izan ere, hedge fund batzuen arabera, adimen artifizialak ekarri behar zuen iraultzaren itxaropena ez dira betetzen ari errealitatean, eta ez dira beteko ere. 

Horri gehitu zaio orain Nvidiak iragarri duela atzeratu egingo direla bere azken txipa hornitzeko orduan. Gaur, Europan, Herbehereetako ASM International txip egilearen akzioak %12 jaitsi dira une batez, baina gero pixka bat berreskuratu da. Alemaniako Comet txip egileak %3ko galera izan du. Alemanian salerosten diren Appleren akzioak ere jaitsi egin dira gaur, %10. 

Oraingoz, AEBetako akzioen merkatua zabaldu osteko salerosketan Nvidiaren akzioak %9tik gora ari dira galtzen. %7tik gora galtzen ari dira Tesla eta Intel eta %5etik gora Apple.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.