Azaroa hilabete ona izan ohi da enplegurako Hego Euskal Herrian. Eguberrien usainean, 2013tik urtero jaitsi izan da langabezia hilabete horretan, eta aurten era hala izan da. Hilaren amaieran, urrian baino 508 langabe gutxiago zeuden, batez ere zerbitzuen sektorearen beharrengatik. Gizarte Segurantzako afiliazioari dagokionez, joera bera berresten du. 2.015 langile berrik eman dute izena azaroan, eta 1.335.519 afiliatu daude guztira.
Azaroan langabeziatik irten den langilearen profila oso zehatza da: emakumea da, zerbitzuen sektorean dihardu, eta behin-behineko kontratua du. 520 dira azaroan langabeziatik irten diren emakumeak; gizonen artean, kopuruak gora egin du (+12). Hala ere, oraindik ere askoz gehiago dira lan bila dabiltzan emakumeak: %58,4.
Dena den, iazko azaroko datuak baino apalagoak dira aurtengoak, iaz 1.333 izan baitziren hilabete horretan lana aurkitu zuten langabeak. Eta orduan baino zenbat langabe gutxiago daude aurten: 235 gutxiago. 138.312 ziren iaz, eta 138.077 aurten. Lan kontratuei dagokienez, 84.257 sinatu ziren, horietatik %77,8 behin-behinekoak. Azaroan ohikoa den beste datu bat da, eta Eguberrietako beharrekin lotuta doana.
70.797Dirusaririk gabeko langabeak Hego Euskal Herriko langabeen %51k ez dute inolako langabezia prestaziorik jasotzen. Guztira 70.797 dira egoera horretan dauden pertsonak.
Gizarte Segurantzarako afiliazioari erreparatuz gero, datuak iazko azarokoak baino apalagoak dira, baina aldea txikiagoa da. Iazko azaroan 2.270 afiliatu gehiago zenbatu zituen Espainiako Gizarte Segurantzak; aurtengoan, berriz, 2.015 izan dira. Urte arteko alderaketa eginez gero, egun duela urtebete baino 16.422 pertsona gehiago daude izena emanda Gizarte Segurantzan. Datu ona da, baina ikusi beharko da zer bilakaera duen urtarrilean, kontratu horietako asko orduan amaitzen baitira.
Langabezian dauden pertsonen erdiak baino gehiagok (%51,09) ez zuen prestaziorik jaso urrian. Sari arrunta jaso zuten lautik batek (%26,4). Eta subsidioa %18,10ek, 25.090 lagun, erdiak baino gehiago 50 urtetik gorakoak. Iazko azaroan %53,79 ziren prestazio eskubiderik ez zuten langabeak.
Jaurlaritza, baikor
Datuez gain, eta ohikoa denez, erakundeek eta sindikatuek haien interpretazio ezberdina egin dute. Eusko Jaurlaritzak EAEko lan merkatuaren «dinamismoa» goratu du, nazioarteko testuinguruan ziurgabetasun handia egon arren, enplegu eta afiliazio datuak hazi egin zirelako. Halaber, nabarmendu du kotizatzen duen jende kopurua inoizko handiena dela.
Nafarroako datuak ez dira EAEkoak bezain onak, lurralde horretan urrian baino 95 langabe gehiago zenbatu zituztelako azaroan. Nafarroako Gobernuaren arabera, igoera hori «txikia» da, eta ohikoa azaroan. Datu baikorragoen bila bila Gobernuak urte arteko filiazio igoera nabarmendu du, iaz baino 4.755 pertsona gehiago baitaude izena emanda Gizarte Segurantzan. Gobernuaren arabera, bilakaera hori «igoera sendo baten» zantzu da.
Sindikatuek, aldiz, beste datu batzuei erreparatu diete. ELAk esaterako nabarmendu du azaroan sinaturiko kontratuen %80 behin behinekoak direla, eta «2012az geroztik egondako azaro okerrena» dela. Sindikatu subiranistaren kalkuluen arabera, egun Hego Euskal herriko langabezia tasa %9,9koa da, Europar Batasuneko batez bestekoa ( %5,9) baino lau puntu handiagoa.
LABek beste hari mutur batzuei heldu die bere balorazioan. Esaterako, nabarmendu du langabeziak gora egin duela 25 urtez azpikoen (%3,98) eta migratuen artean (%8,64). Kontraesan bat ere azaleratu du sindikatuak, izan ere afiliazioa kopuru historikoetan egon arren, langabeziak ez du maila berean behera egin eta jaitsiera «lausoa» izan du. Horren atzean Euskal Herrira lan bila etorritako migratzaileak eta lan ez egitetik lan merkatura igarotako emakumeak ikusten ditu.
UGTk, bestalde, ondorio ezberdinak atera ditu EAEn eta Nafarroan. EAEn langabeziak bilakaera positiboari eusten diola iritzi dio, eta baikortasunez hartu dituzte azaroko datuak, baina gogoratu du langabeziak «emakumeak kolpatzen» jarraitzen duela. Kritikoago mintzo da Nafarroara begira, langabeziak gora egin baitu bosgarren hilabetez jarraian eta neurriak eskatu ditu enplegu sorreran sumatzen duen motelaldia eteteko.