22.000 metro kubikotik 64.000ra pasatuko da Egoin enpresak duen ekoizpen azalera, eta uste du ehun bat lanpostu zuzen emango dituela, Legution zabalduko duen fabrika berriari esker. 25 milioi euroko inbertsioa egingo du han, eta apustu sendo horrekin Europako erreferentzia nagusi bat bihurtu nahi du egurrezko eraikuntzan, modulu kontraxaflatuekin. Egoineko zuzendari nagusi Unai Agirrek esan du «ekoizpen prozusetan industrializazioaren eta digitalizazioaren aldeko urrats handia» egin dutela.
Icoa zena erosita, Legution, zur enpresak bere gaitasun produktiboa handituko du, gero eta gehiago hazten ari den sektorean. Bizkaiko enpresak aspaldian egin zuen zuraren aldeko apustua etxeka eta bestelako eraikintzak egiteko. 1992an hasi ziren egurrarekin lanean. «Baserrikoak gara, eta beti izan dugu basoa alboan. Eraikuntzan sartu ginen, egiturak eginez, piezak mekanizatuz eta mekano bat balitz bezala lekuetara eramaten, han bertan muntatzeko», azaldu zion enpresak BERRIAri, Hondarribian (Gipuzkoa) bost solairuko egurrezko etxe baten eraikuntzaren harira. Europan arrakasta handia izan du Bizkaiko enpresak, eta zabalkunde handia lortu du askotariko eraikinak egiteko, betiere egur kontraxaflatuen moduluen bidez.
Enpresak dio ingurumenarekin duten «konpromisoari» eutsiko diotela aurrerantzean ere, KM zeroko lehengaia baliatuko dutela bere piezak egiteko. Bizkaiko basoetako pinuak erabiltzen dute batik bat Egoinen aspaldian. Europa iparraldeko izeiak inportatzen zituen Egoinek, harik eta bertako intsinis pinua eraikuntzarako hobea izan zitekeela ohartu ziren arte. Gaur egun, Euskal Herriko radiata pinuarekin aritzen dira gehien-gehienetan. CLT (Cross laminated timber) sistemari esker, egitura iraunkor eta sendo bihurtzen ditu pinuaren zurarekin egindako panelak; besteak beste, labeetan lehortzen dute zura, agente biotikoen erasoak egon ez daitezen.
Fabrika berriaren eraikuntza lanak hasi dira jadanik, eta lehenengo makinak hiruhileko honetan jarriko dituzte. Lanek luze joko dute, ordea, 2022.urterako bukatzea espero dute. Hortaz, fabrika berriare ekoizpena 2023. urtean da hastekoa. «Planta berri horri esker, atzerriko merkatu gehiagotan sartzeko gai izango gara», esan du Agirrek;«ingeniaritza, ekoizpena eta muntaia lotuko dituen proposamena da fabrika berria».