Jose Perez Berdud. AFMko lehendakaria

«Egoera ez da erraza, baina ez gara sektore negartia»

2020ko hutsunearen ondoren, hilaren 13tik 17ra egingo dute BECen Makina-erremintaren Biurtekoa. Sektoreko enpresen buruzagi berriak «feria ikusgarria» espero du.

BERRIA.
Iker Aranburu.
Donostia
2022ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Makina-erremintaren Biurtekoaren atarian aldatu du buruzagia sektoreko elkarteak, AFMk. Buru berria, Jose Perez Berdud (Zumarraga, Gipuzkoa), ingeniari elektronikoa da, eta ibilbide profesional osoa Fagor Automationen egin du. 1993an ikerketa eta garapen teknikari gisa hasi zen, eta 2016az geroztik zuzendari nagusia da. Idatziz erantzun die BERRIAren galderei.

Kargua hartu eta gutxira, Biurtekoa. Ardura handiagoa al da?

AFMko presidentea izatea ardura bat da, noski. Makina-erreminta eta ekoizpen aurreratuaren sektoreak garrantzi handiko enpresa eta aktibitateak ordezkatzen ditu, gure herrian bereziki. Ardura da, bai, baina gogotsu eta harrotasunez jaso dut, gure sektoreak eta gure jendeek maila izugarria erakusten dutelako. Biurtekoa horren segidan izateak badu bere zirrara: izugarrizko erakustaldia, elkarrizketa ugari, agintari asko bisitan... BECekin batera lan asko egin dugu dena oso ondo atera dadin. AFMren lantaldea ere beti alboan daukat, eta, bizitza erdia sektorean igaro ondoren, eginbeharrak aurrera ondo aterako ditugulakoan nago.

Lau urteko hutsunearen ondoren, zer esan nahi du Biurtekoak sektorearentzat?

BIEMH gure azoka da. Barne merkatuko eta aldameneko herrialdeetako bezeroekin daukagunhitzordu garrantzitsuena. Azken bi urteak ez dira errazak izan, eta, oraingo egoerak konplexutasun handia erakusten duenez, berriz ere gure aurpegirik onena erakustera gatoz Bilbora. Feria ikusgarri baten aurrean gaude, BECeko sei pabiloiak gure industriaren indarrarekin beteak. Bisitari asko espero ditugu, eta lan kontaktu ugari egingo ditugulakoan gaude. Kontaktu horiek lantzean, etorkizuneko lana bermatzeko bidea zabaltzen dugu.

Nola aldatu da makina-erreminta azken lau urteetan?

Alde batetik, oso barneratuta daramagu berrikuntza, eta horrek garamatza zehaztasun eta produktibitate gehiagoko produktuak sortzera. Bestalde, digitaliza- zioaren inguruan, makinen bitartez gure bezeroei hobekuntza, ahalmen eta zerbitzu berriak eskaintzeko bidea jorratzen ari gara. Makina-erremintak badu zeresana datuen munduan, datuaren ekonomiaren inguruan. Tailer batean, makina-erreminta da datuak erabiltzeko eta prozesatzeko ahalmen handiena duen elementua. Konektibitatea, monitorizazioa, datuen hartu emana eta analisia, simulazioa, bisio artifiziala, machine learning edota adimen artifizialaren inguruan gabiltza egunero lanean, aplikazio konkretuak eskaini ahal izateko.

Zer berrikuntza lantzen ari da sektorea?

Besteak beste, multifuntzioaren unibertsalizazioa; hau da, makina bakar batean lehen makina askotan egiten ziren operazioak egitea. Prozesu askoren automatizazioa ere bai, malgutasun irizpideak kontuan edukita, gizakiarekin elkarbizitza garrantzitsua den testuinguru batean. Gure sektoreak osagaiak, erremintak, ekoizpen aditiboa, eta beste zenbait alor ere biltzen dituenez, azpisektore bakoitzaren aberastasuna aipagarria da, eta berrikuntzak oso azkar doaz. Horregatik etorri behar duzue Biurtekora. Asko dago ikusteko.

Sektorearen eta industria osoaren arazo bat dirudi irabazi tarteena. Duela aste batzuetako prentsaurrekoan aipatu zenuten, eta mezu hori bera eman zigun zure aurrekoak, Cesar Garbalenak, 2018an: «Arte bat da marJinei eustea». Zer gertatzen da?

Industria, orokorrean, eta gure sektorea bereziki, jarduera konplexuetan eta teknifikatuetan oinarritzen da. Berrikuntzaren, nazioartekotzearen, digitalizazioaren eta jasangarritasunaren bultzadari eusteko, inbertsio oparoak eta oso ondo trebatutako eta zaindutako lantaldeak behar dira. Hori dena errentagarritasunak sortutakoari esker lortzen da. Gurean errentagarritasun hori defendatzea ez da erraza, enpresa txiki eta ertainak garelako, eta askotan bezero handiak ditugulako; zailtasun handiko eskariak eta konpetentzia itzela. Horrez gain, ezegonkortasunak eta kostuen igoerak ez gaituzte laguntzen. Lan karga mardula jaso dugu azken boladan, eta horregatik diogu marjinak mantentzea aurtengo ariketa garrantzitsuenetakoa izango dela, aurrerago beharko ditugun inbertsio lan guztiak egin ahal izateko.

Nola eragiten dizuete hornidura arazoek? Atzerapen gehiago dituzue Txinako hirien konfinamenduen ondorioz?

Gainontzeko industria guztiei bezala: epeak luzatu dizkigu, kostuak igo, kudeaketa zaildu. Eta bai, Txinaren egoerak ere badauzka eragozpenak. Gure konpromisoak ondo betetzea da helburua. Ez gara edonola kikiltzen, baina badaukagu nahikoa lan.

Mikrotxipen eskasia nola jasaten duzue? Arazoa konpontzen ari da ala okerrera doa?

Proiektuak amaitzea atzeratzen digu, eta, ondorioz, produkzioan ere atzerapenak pilatzen ari gara. Nire enpresak, Fagor Automation-ek, zenbakizko kontrola ere ekoizten ditu, eta guretzat bereziki txipak lortzeko kudeaketa literalki eguneroko ardura bihurtu da. Hala ere, esfortzu izugarriz, lortzen dugu erostea.

Makina erreminta industriaren termometroa dela esaten duzue. Zer dio termometro horrek? Zein sektore daude hotz eta zeintzuk bero?

Egoera sinesgaitz batetik gatoz, eta beste egoera sinesgaitz batean sartu gara. Sektore askok geldiuneak eta arazoak izan dituzte, eta horrek gauzak zaildu ditu. Baina, testuinguru horretan, gai izan gara ondo moldatzeko eta azken urtean eskari zorro polit bat osatzeko. Automozioan eta aeronautikan, hainbat arrazoirengatik, inbertsio batzuk geratu egin dira, eta horrek ezinbestean ondorioak sortu ditu. Egoera ez da erraza, baina ez gara sektore negartia: automozioa ibilgailu elektrikoaren inguruan mugitzen hasi da, eta aukerak ikusten ditugu; aeronautikak bidaia asko berreskuratu ditu, eta horrek beharra dakar inbertsioak suspertzeko; energia berriztagarrien inguruan, berriz, bultzada nabarmena dator.

Zuen esportazio datuek diote Alemaniak pisua galdu duela—%13,7 zen 2019an; %9,9 2021ean—, eta Italia %6,7tik %10era igaro dela. Zergatik?

Azken urtean aurrekoan baino gehiago saldu dugu atzerrian, eta baita Alemanian ere; beraz, ez dago benetako beherakadarik.Alemania guretzat beti izango da merkatu garrantzitsuenetakoa.Italiaren kasua oso berezia izan da, eta herrialde honetan eduki dugun salmenten igoerak aldatu ditu besteen portzentajeak. Iaz gure lehen merkatua izan zen, eta historikoki laugarrena edo bosgarrena izan ohi da. Italiak ekipamendu industrialetan inbertsioa asko bultzatu du, programa oso interesgarri eta eskuzabalen bitartez. Batzuetan, inbertsioaren %50 bueltatzen zitzaion erosleari.

Badirudi brexit-a eragiten ari dela: Erresuma Batua esportazioen %2,8 baizik ez da. Noraino jaitsiko da?

Erresuma Batua ez da guretzat merkatu handia, eta ez da inoiz izan. Hortaz, brexit-aren ondorioak mugatuak dira. Bestalde, guk inbertsio produktuak egiten ditugu, eta haien egoera ez da seriean ekoizten direnen parekoa. Brexit-aren ondoren emaitza onak ere lortu ditugu Erresuma Batuan, baina ezin daiteke ukatu haiekin komertzioa zaildu egin dela.

Txinako %9,5 datu ona al da? Asiako herrialde batzuek makinen produkzioa handitzeak esan nahi du merkatu horiek zuentzat ez direla asko haziko datozen urteetan?

Txina urteetan gure lehen merkatua izan da. 2008aren osteko bolada zailean, hango eskariek ondo hornitu zuten gure eskari zorroa. Ordutik, gure lehen bi-hiru merkatuen artean dago, eta han gure izena ezaguna da herrialde gisa. Txinako administrazioek ez dituzte gauzak erraz jartzen, baina, produktu aproposa daukagunez, gorabeherekin eta zailtasunekin, etorkizunean ere han izango gara.

India, berriz, istorio desberdina da; merkatuak beti ditu aukerak, baina ez dago Txinaren tamainatik gertu. Horrez gain, gizarte korapilatsu horretan beti azaltzen dira garapena oztopatzen dituzten arazoak. Han gehiago egin daitekeen sentsazioa dute herrialde guztietako enpresek, eta aspaldidanik gainera.

Ez dirudi Errusiak makina asko eskatuko dizkizuenik hurrengo urteetan. Zer sektorek jasango du gehien galera hori?

2014tik aurrera kudeaketa konplexua izan du Errusiako merkatuak, isunak asko gogortu ondoren. Gure salmenten %1-3 inguru biltzen du merkatu horrek; beraz, orokorrean ez da kritikoa. Hala ere, gauza politak egiten ari ginen. Besteak beste, energia, aeronautika eta trenbideen sektoreen inguruan egin ditugu lanak; indarrak beste herrialde batzuetara bideratu beharko ditugu etorkizunean.

Barne merkatua nahiko laua da. Zergatik? Ez dago inbertsiorik?

Barne merkatua gorabeheratsua izan da azken urteetan, urte makal xamarrak eta hobexeagoak tartekatuz. Gure aldarria han eta hemen zabaldu dugu: herri industrial lehiakor batek makina eta ekipamendu berriak behar ditu, horrek ematen baitio balio erantsi handiko produktuak ekoizteko aukera, lehiakor izateko bidea. Estatu osoan zona desberdinen garapen industriala oso desberdina da. Hemen, esaterako, hobetu beharra beti egonda ere, enpresen, erakundeen eta gizartearen industriarekiko konpromisoa oso sendoa da. Hala ere, denok dauzkagu etxeko lanak, eta horretan gabiltza.

Next Generation funtsak iristen ari dira? Zer proiektuk jaso beharko lukete?

Gure sektoreak ez du laguntza zuzenik jasoko. Orokorrean, sektore industrial handiek eduki dute ESEPE programan arrakasta, haiek dauzkaten enpresa traktoreei esker. Guk, balio kate askoren partaide garen heinean, handik eta hemendik datorrena aprobetxatu behar dugu. Edonola ere, administrazio guztiek dauzkaten zeharkako programek diru laguntzak ugaritu dituzte, eta hor ere badauzkagu aukerak.

Trantsizio energetikoa gizartearen eta ekonomiaren erronka handiena izango da hurrengo urteotan. Nola heltzen dio gai horri makina-erremintak?

Hiru eratara. Lehenik eta behin, sektore elektrointentsiboa ez garen arren, gure etxeko lanak egiten: gutxiago eta garbiago ekoizten. Bestalde, gure produktuak eta makinak erabiltzean jasangarriagoak izan daitezen saiatuz; produktiboagoak, energia eta material unitate bakoitzeko gehiago ekoizten, eta hondakin gutxiago sortzen dituzten makinak egiten. Azkenik, gure produktuek garrantzi izugarria daukate beste hainbat produktu eta aktibitateren jasangarritasuna hobetzen, gure makinekin, haize errotak, motor elektrikoak eta abar ekoizten direlako.

Sektore batzuk kexu dira langileak falta zaizkiela. Zuek ere bai?

Bai. Pertsona trebatuak dira eta izan behar dira gure indargune garrantzitsuena. Ezagutza sektore bat gara, eta gure langile eta pertsonak erakarri, prestatu eta zaintzen ditugu. Baina ez dago bide errazik; gazte gutxi dauzkagu orokorrean, ikasketa teknikoetara erakartzeko zailtasunak ditugu, eta tailerretan emakumeak nahi eta behar baino gutxiago dira. Industriok eman behar ditugu lehen pausoak: gazteei industria zer den azaldu, talentua nola erakarri eta garatu asmatu, behar bezala ordaintzen jarraitu, eta emakumeentzako leku gehiago egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.