Igor Eizagirre. ELAko zerbitzu publikoetako idazkari nagusia

«Egin beharko luketenaren kontrakoa egiten ari dira administrazioak»

Murrizketak alde batera utzi, eta sektore publikoa indartzeko neurriak eskatu dizkie Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, «publikoa eredu delako pribatuarentzat»

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Igor Eizagirrek astebete besterik ez darama ELAko Gizalan zerbitzu publikoetako federazioko idazkari nagusi karguan, nahikoa langile prublikoen egoeraz jabetzeko, administrazioek guraizeak ateratzen dituztenean haiek direlako ondorioak jasaten lehenak. Gaur, funtzio publikoko mahaia bigarren aldiz bilduko dela aprobetxatuz, ELAk, LABek eta EILASek deituta murrizketen kontra elkarrerataratzea egingo dute Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzaren parean, 10:00etan hasita.

Eusko Jaurlaritzak ehun milioi euro aurreztu nahi ditu langile publikoen kontura, baina zerbitzu publikoen kalitatean galerarik eragin gabe.

Iruditzen zaigu Eusko Jaurlaritza arduragabe hutsa dela, horrelako politikekin lortu nahi duen gauza bakarra lanpostuak deuseztatzea eta zerbitzu publikoetako langileen lan baldintzak okertzea delako. Eta horrek ondorioak ditu sektore pribatuan ere, sektore publikoan lanpostuak galtzeak kalte egiten diolako ekonomia errealari, eta, ondorioz, baita sektore pribatuari ere. Egin behar lukeenaren kontrakoa egiten ari da Administrazioa: zerbitzu publikoak indartu behar lituzke ekonomia errela eta sektore pribatua berpizteko. Gainera, ezin da ahaztu sektore publikoa eredu dela pribatuarentzat, eta bateko lan baldintzak okertzen badira, bestekoak ere okertu egiten direla.

Orduan, Jaurlaritzak zergatik heldu die murrizketei?

Confebaskek hala eskatu diolako. Bi gauza eskatu dizkio: zergak jaisteko eta ohiko gastuak murrizteko. Eta Jaurlaritzak horixe egin du, zerbitzu publikoetako langileak beretzat ohiko gastuak direnez, haiei dagokioen aurrekontuaren zatia jaitsi. Hor ikusten da Jaurlaritzak ez duela sinesten zerbitzu publikoetan eta haiek kaltetu nahi dituela, negozio pribatu bilakatzeko.

Zerga sisteman ELAk eskatzen dituen aldaketak eginez gero, ehun milioi euro baino gehiagotan handituko lirateke administrazioaren diru sarrerak.

Bai, hala da. Diputazioek presio fiskala handitzea eta zerga iruzurrari aurre egitea erabakiko balute, Jaurlaritzak ez lukete murrizketarik egin beharrik izango. Ehun milioi horiek anekdota hutsa izango lirateke, administrazioek 10.000 milioi gehiago bilduko lituzketelako. Baina inork ez du horretan eskurik sartu nahi.

2009an, aspaldiko partez, funtzio publikoko lan ituna sinatu zuen ELAk. Baina, diozuenez, Jaurlaritzak ez du bete agindutakoa.

Lau konpromiso hartu zituen Jaurlaritzak: 13.000 lanpostu egonkortzea, haietatik 5.000 berriak; soldatak KPI baino gehiago igotzea; zerbitzu gehiagorik ez azpiontratatzea; eta euskarari bultzada ematea. Ordutik, erosteko ahalmenean %13ko galera izan dute langile publikoek; lanpostuak suntsitu dira; zerbitzuak azpikontratatzen jarraitu du; eta euskara bultzatzeko ezer ez du egin.

Bihar [gaur] bigarren aldiz bilduko da EAEko funtzio publikoko negoziazio mahaia. Ze jarrerarekin joango zarete bilerara?

Funtzio publikoko mahaiaren lehen bilera azaroaren 23rako antolatu zuen Jaurlaritzak. Ordurako, hauteskundeak pasata zeuden eta datorren urterako aurrekontu proiektua aurkeztuta, negoziatzeko inolako marjinik ez genuen, beraz. Hori ez da negoziazio mahai bat, inposaketa mahai bat da, Confebaskek eskatzen dituen politikak islatzeko mahai bat. Eusko Jaurlaritzak egindako proposamena erretiratu, kendu diguna itzuli eta aurreko akordioak zioena betetzen ez duen artean, guretzat mahai horrek ez dauka inolako zentzurik.

Beste sindikatuek zer diote? Batera ezer egiterik pentsatzen al duzue?

LABekin eta EILASekin hizketan ari garela, besterik ezin dezaket aurreratu.

Nafarroan ere duela egin batzuk osatu zuten funtzio publikoko ituna negoziatzeko mahaia. Gobernuak, ordea, hasiera-hasieratik garbi utzi zuen ez duela onartuko eduki ekonomikoa duen proposamenik.

Nafarroan ere gauza bera ari da gertatzen. Gobernuak dio ez duela euro bakar bat gehiago zerbitzu publikoko langileen gastuetarako, aldiz, politikarien eta aholkularien soldatak igotzeko eta azpiegitura erraldoiak eraikitzeko bai, horretarako badu dirua. Nafarroako Erresuma Arenara 74 milioi euro bideratuko ditu aurrekontutik eta Los Arcoseko zirkuitura 52 milioi euro. Eta Yolanda Barcina lehendakariak soldata 23.000 eurotan igo dio bere buruari eta 16.000 eurotan Roberto Jimenez lehendakariordeari. Lotsagarria da. Horregatik, hilaren 20rako sektore publikoko murrizketen kontrako manifestazioa antolatu dugu LABekin eta CCOOrekin batera eta urtarrilean lanuzteren bat egitea aztertzen ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.