Otsailaz geroztik egindako mobilizazioek bultzatuta, erakunde publikoek zenbait neurri eta konpromiso hartu dituzte lehen sektorearen itolarria arintzeko. Nekazari eta abeltzainen iritziz, ordea, ez diete erantzuten beren eskaera zehatzei. Hala adierazi du Edurne Basterrak, UAGA Arabako Nekazarien Elkarteko presidenteak (Aberasturi, Gasteiz, 1974). Hori salatzeko, ostera traktoreak aterako dituzte gaur Gasteizko kaleetara. Bizkaiko eta Gipuzkoako ENBA eta EHNE konfederazioarekin —Gipuzkoako eta Nafarroako EHNE eta UAGAk osatzen dute— batera egingo dute protesta.
Protestek balio izan dute erakundeak mugiarazteko, gutxienez. Neurri eta konpromiso batzuk hartu dituzte. Ez dira nahikoa?
Ez dira nahikoa, ez. Aurrekoan [Arantxa] Tapiarekin bildu ginen, eta txoke neurri batzuk proposatu zizkigun, baina epe ertain edo luzerakoak dira. Eta guk berehala erantzutea behar dugu, erantzun zehatzak ematea: halako egunetik aurrera hau eta hau egingo da, edo koaderno digitala malgutu egingo da... Irudipena dugu ez entzunarena egiten ari zaizkigula agintariak; bildu gara, bai, baina gure eskariei ez diete erantzuten.
Uste duzu lehenago ere hartu zitezkeela neurri eta konpromisoak?
Bai, noski. Mobilizazioak orain sortu dira, baina duela urtebete ere bageneuzkan orain ditugun arazoak, baita duela bi urte ere. Lo egon garela? Bai, onartu behar da. Eta ez nabil sindikatuaz soilik, sektore osoaz baizik. Dena den, ondo dago kalera atera eta protesta egitea, baina argi eduki behar dugu zertarako aterako garen eta zer eskatuko dugun. Gu erantzun zehatzak eskatzen ari gara.
Zeintzuk dira? Zer gehiago egin daiteke lehen sektorearen egoera hobetzeko?
Eskatzen ari garena da Nekazaritza Politika Bateratuaren laguntzen ordainketen egutegia zehaztea, eta burokrazia arintzea. Baina behien gaixotasun hemorragiko epizootikoa ere hor dago: epidemia bat egon da 2023an, eta ez digute ezertan lagundu.
Arabari dagokionez, badago kezka berezirik?
Hemen energia berriztagarrien azpiegiturak dira kezka iturri nagusietako bat. Nekazaritza lur asko hartuko dituzte azpiegitura horiek. Arazo oso larria da. Baina elikadura katearen legea betetzeaz ere hitz egin dezakegu, otsoaz, prezio justuez, esplotazioen errentagarritasun txikiaz... Arazo ugari ditugu hemen, eta antzekoak edo berberak dituzte Bizkaian eta Gipuzkoan ere.
«Irudipena dugu ez entzunarena egiten ari zaizkigula agintariak. Ez diete erantzuten gure eskariei».
Sektorea askotarikoa da, ordea, eta eskaerak, askotarikoak ez ezik, batzuetan kontrajarriak ere badira. Zaila zaizue agenda propioa zehaztea hemen?
Uste dut hemen batasuna lehenetsi behar dugula. Oinarrizkoa da. Araban kalera atera gara oinarriek hala eskatu digutelako. Baina, Euskadin, denon artean hitz egin behar dugu, eta elkar ulertu. Guk sektorearen batasuna aldarrikatuko dugu beti.
Halere, protesta asko sindikatuen babesik gabe egin dira. Zer iritzi duzu?
Lehen nioenaren haritik, uste dut sektorea lo egon dela azkenaldian, eta orain esnatu egin da, Europatik etorri den zaratarekin, eta horrek lehertze edo irakinaldi bat eragin du. Baina arazoak lehendik datoz, eta, ez dakit zergatik, orain gainezka egin du egoerak. Dena dela, ez dakit zein izan den horren atzean dagoen arrazoi nagusia.
Eskuin muturra protestei etekina atera nahian ibili da.
Ez dugu bat egiten mugimendu horiekin. Ez dakit nondik atera diren, baina ez dugu zerikusirik haiekin. Eta ez dakit nola aldendu haiengandik, egia esan. Dakidana da UAGAk ez duela zerikusirik haiekin. Guk gure bide orria ongi zehaztuta daukagu.
2030 agendaren edo jasangarritasunaren aurkako mezuak zabaldu dira protestetan. Otsoa aipatu duzu zuk lehen. Ez al da hori ere eskaera populista bat?
Abeltzaintza estentsiboak ematen die bizia mendialdeei eta inguruko larreei. Baina hor harrapakari bat daukagu, eta argi dago guk animaliak mendian askatzen baditugu, ba, hura erasotzera joango dela. Eraso asko izaten badituzu, eta baditugu, zure esplotazioa arriskuan ikus dezakezu. Eta ez dira hiltzen dutenak bakarrik: ondorio asko ditugu, eta horiek ez dira kuantifikatzen. Horregatik, kuantifikatzeko eskatzen dugu, eta babesa jaisteko. Ez dugu desagertzeko eskatzen, kontrola jartzeko baizik. Ulertzekoa dela uste dut.
Eskatzen duguna da guri ezartzen zaizkigun baldintza berberak eskatzea kanpotik datozen produktuei. Arau eta eskakizun berberak izan behar lukete haiek ere. Ezin dena da hemen produktu batzuk erabiltzeko debekua ezartzea, baina gero debeku hori ez duten herrialdeetatik salgaiak inportatzea. Lehia ez da justua. Baldintza berberetan lehiatu behar genuke.
Ikuspenak areagotzea ere eskatzen duzue, kostatu baino gutxiago ez dela ordaintzen ziurtatzeko. Ez da halakorik egiten?
Legea betetzen ez bada salatzeko eskatzen zaigu, baina nik upategi bat edo esne enpresa bat salatzen badut, hurrengo batean ez dit erosiko. Gertatu izan da aurten. Beraz, haiek jartzen dizkiguten baldintzak onartu beste aukerarik ez dugu batzuetan. Horregatik, eskatzen duguna da ofizioz egitea ikuskapen horiek, ardura guztia gure gain utzi ordez.
«Uste dut sektorea lo egon dela azkenaldian, eta orain esnatu egin dela. Baina arazoak lehendik datoz».
Gizartearen kontzientziazioa ere areagotu beharko da. Baina hori ere ez da berehala lortzen.
Kalera atera garenean, txalo eta babes keinu ugari jaso ditugu, baina txalo horiek erosketa saskian ere islatu behar dira. Modu horretan lagunduko zaio sektoreari, hemengo produktuak erosiz eta hemengo ekoizleei dagokien balioa emanez.
Mobilizazio gehiago egingo dituzue?
Bai. Asteartean [gaur], manifestazio bat egingo dugu Gasteizen, eta asteazkenean, berriz, Solaria enpresaren egoitzaraino eramango ditugu protestak. Dena den, hasieratik esan dugun moduan, mobilizazioak negoziazio batekin uztartu behar dira. Horretan ari gara.
Kezkatzen zaituzte hauteskundeak direla-eta zuen aldarrikapenak ezerezean geratzeak?
Saiatu behar dugu agintea hartuko duen alderdi horrek garbi izatea zer eskatzen ari garen. Konpromisoa hartu dezatela nahi dugu; orain da garaia. Eta gero konpromiso horiek betetzeko exijituko diegu.