Hil egin da Iruñean edukiontziak husten ari zela istripua izandako FCCko langilea

Iruñerriko Mankomunitatearentzat azpikontratutako FCC enpresako langileak uztailaren 10ean izan zuen ezbeharra, sanferminetan, eta astebete geroago hil da. LABek salatu du zaborra husteko arazoetarako segurtasun prozedura ez zela bete.

Istripua izandako langileari babesa adierazteko egindako elkarretaratzea, herengun, Iruñean. LAB
Istripua izandako langileari babesa adierazteko egindako elkarretaratzea, herenegun, Iruñean. LAB
2024ko uztailaren 19a
20:00
Entzun

Astebete eman du ospitalean, baina azkenean I.U. langilea hil egin da, LAB sindikatuak jakinarazi duenez. Uztailaren 10ean, gaueko txandan zabor edukiontziak husteko lanean ziharduela, kamioiaren gainaldera igo behar izan zuen. Edukiontzia trabatuta geratu zen, eta, hura askatzeko ahaleginean, langilea irristatu egin zen, lurrera erori, eta buruan kolpe larria hartu zuen. 

Herenegun, zaborrak husten diharduten FCCko langileek elkarretaratzea egin zuten. Sindikatuak elkartasuna adierazi dio familiari. LABen beraren zenbaketaren arabera, Euskal Herrian 35 pertsona hil dira lanean zihardutela, eta, azken istripu hori aintzat harturik, horietatik 11 garraiolariak izan dira.

LABek salatu du zabor bilketa kamioiaren gidariek egin ohi dutela. Alta, edukiontzia trabatzen denean, segurtasun prozedura bat aktibatu beharko litzateke. Horrek eskatzen du beste langile batzuk bertan egotea —hala nola baliabide prebentiboa eta haren arduraduna—. Uztailaren 10ean, baina, gidaria bakarrik zegoen. «Gaueko txanda izanik, ez zegoen nahikoa langile, eta prozedura ez zen abian ipini», salatu du sindikatuak.

Gaineratu du FCCko langileek denbora asko daramatela ohartarazten Iruñerriko Mankomunitateko kamioi berriekin arazo asko sortzen direla zabor bilketan. Horrez gain, langile guztiek ez dute segurtasun prozeduraren berri. «Edozein langile eramaten dute prozedura hori aurrera eramateko, nahiz eta hark prestakuntzarik ez izan». 

LABek salatu du FCCk «behar baino langile gutxiago» kontratatzen dituela, zerbitzuari etekin ekonomiko gehiago ateratzeko. Halaber, administrazio publikoari eta mankomunitateari leporatu die zerbitzu horiek adjudikatzeko orduan segurtasun neurririk ez bermatzea. «Interes ekonomikoak langileen bizitzaren aurretik daude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.