Kutxabanken Administrazio Kontseiluak Eduardo Ruiz de Gordejuela proposatu du bankuaren kontseilari ordezkari berria izateko, Javier Garcia Lurueñaren ordez —ekainean utziko du kargua—. EBZ Europako Banku Zentralaren egokitasun azterketa igaroz gero izendatuko dute kontseilari ordezkari. Horren ostean, administrazio kontseiluaren parte izatera igaroko da.
Etxekoa da Ruiz de Gordejuela, 30 urte baino gehiago daramatza-eta BBKn eta Kutxabanken. 2012an hiru aurrezki kutxak Kutxabanken elkartu zirenean, negozio sareak bateratzeaz arduratu zen, eta orain arte txikizkako negozioen zuzendari nagusia izan da; Aitor Aranburuk ordezkatuko du kargu horretan. 2019k hona Finecoren presidente ere izan da; Kutxabanken filiala da banku hori, ondare handiko bezeroen kudeaketaz arduratzen dena.
Izendapenaren ostean, kontseilari ordezkari berriak adierazi du bezeroarekiko arreta hobetzea izango dela bere helburua.