Eneko Larrarte. Tuterako alkatea eta Eder kontsortzioko burua

«Edo gu ateratzen gara ataka zailetik, edo ez zaigu inor etorriko»

Lau sektore estrategiko, 25 erronka eta 50 proiektu. Laburbilduz, horiek dira Erriberako plan estrategikoaren ildo nagusiak. Anbiziorik ez zaio falta: 2030era begira, mila milioi euroko inbertsioa bilatuko du.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
2017ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Egoera zaila izanagatik, Erriberak badu bere plan estrategikoa. Urtebete pasatu behar izan dute lantzen, eta iragan azaroaren 11n aurkeztu zuten. Eder kontsortzioa izan da bultzatzailea, eskualdeko 26 udal eta gizarte zein ekonomia arloko eragileak biltzen dituen partzuergoa, eta eskualdeko alderdiek eta eragile nagusiek parte hartu dute. Eneko Larrarte Tuterako alkatea da kontsortzioko burua. Prozesuan, orotara, beste hainbat erakundetako ordezkari diren 365 lagunek parte hartu dutela nabarmendu du. Anbizioa ez zaio falta planari. Helburua, hauxe: 2050era begira 1.000 milioi euroko inbertsioa bilatzea, publikoa zein pribatua.

Zer egin behar duzue ahazturiko egitasmo bat izan ez dadin?

Planak aurrekontu bat eta egutegi bat ditu. 25 erronka eta 50 proiektu estrategiko aukeratu ditugu, eta bakoitzean zehaztua dago iraupena, abian jar dadin zer eragilek parte hartu behar duten, zein izan daitekeen finantzaketa iturria... 2030era begirako plan bat, ezinbestean, etengabe berrikusi beharra dago. Horretarako ezinbestekoa da bai Erriberako eragileen, bai Nafarroako edo Espainiako gobernuen inplikazioa. Horretan datza haren arrakasta.

Erribera osoaren inplikazioari begira, kezka baduzu zarata politikoak hori baldintzatuko ote duen?

Arrisku bat da. Ez gara Aliziaren mundu liluragarrian bizi. Desadostasun politikoak egon badaude, are gehiago bozak gerturatu ahala. Hala ere, alderdiek horren gainetik egon behar lukete. Bakoitzak bere ideiak izango ditu, baina espero dut plana bultzatzeko prest egotea, eta Erriberaren osotasunean pentsatzea.

Zein izan da Nafarroako Gobernuaren erantzuna?

Departamendu askoren erantzuna oso ona izan da. Prozesuan parte hartu dute, eta eragileek eurek ikusi dute gertu dutela eta interes komunak ditugula. Barkos lehendakariari esan nion, gainera: lehentasunak ez dira soilik onak Erriberarentzat, gainerako eskualdeentzat ere badira.

Erriberak ditu adierazle ekonomiko eta sozial txarrenak. Nola dago orain eskualdea?

Iparraldearen hegoaldea gara, eta hegoaldearen iparraldea. Hau da, Espainiara begiratuta, abantaila argia dugu, bai arlo sozioekonomikoan, bai hezkuntzan. Baina Nafarroara edo bereziki Iruñerriari erreparatuz gero, oso urrun gaude. Nire ikuspegitik, iraganean hemen hainbat erakunderen ardura izan zutenak etengabe kexuka aritu ziren, biktimismoan erorita, eta hori txarra da egoeratik ateratzeko. Paradigma aldatu dugu. Edo gu ateratzen gara ataka zailetik, edo inor ez da etorriko. Jar ditzagun mahai gainean proiekturik onenak, eta lan egin dezagun elkarrekin. Era berean, Europako Batasunaren zeietan Nafarroako Gobernuaren estrategien ildoari jarraitu behar diogu. Hala, errazago izango da beharrezko proiektuak bultzatzea.

Krisiak nola eragin dio gizarteari?

Krisiak agerian utzi du Nafarroan lurraldeen artean arrakala handi bat dagoela. Baina ez da soilik Erriberarekiko. Iruñerriak bereganatzen ditu baliabide eta azpiegitura gehienak, baita ezagutza ere, eta hori arriskutsua da. Ez da iparraldearen eta hegoaldearen arteko arazo bat, baizik eta lurralde barruko desoreka arazo bat. Herritarren artean sentsazioa egon da konponbideak jarri behar zituztenek nolabaiteko utzikeriaz jokatu dutela eta errezeta horiek ez dutela desoreka hori txikitu.

Arriskutsutzat jo duzu lurralde desoreka hori. Zergatik?

Ageriko arriskuak daude. Bata da herriak hustea, lan egiteko edo zerbitzuak izateko gutxieneko baldintzarik ez dagoelako. Pirinioek, adibidez, egoera hori jasaten dute. Beste arrisku bat da biztanleen kualifikazioa maila. Erriberak arlo horretan alde handia du Iruñerriarekiko. Adibide paradigmatikoa Aragoi da: Zaragozaren inguruan biltzen dira baliabide guztiak, eta inguruko lurraldeak konpartsa hutsa dira. Uste badugu Nafarroaren baliorik handiena bere aberastasuna dela, aniztasuna elementu bereizlea dela, hori landu beharra dago.

Zergatik diozu plana ez dela soilik Erriberarentzat, baizik baita Nafarroarentzat ere?

Ez da ezer berri. Lurralde antolamenduaren iraganeko planetan planteatu da Iruñerriaren kontrapisu izan daitekeela Erribera. Ebroren ibarrean Mediterraneo aldera edo hegoaldera Madrilen eta Gaztelaren konexioa izan daiteke, eta, horregatik, Erribera indartuta Nafarroa ere indartzen duzu Ebro ibarreko beste zonen aldean. Erriberaren arazoa ez da Iruñea, baizik eta, adibidez, Calahorrak hartzea Ebro ibarreko erreferentzia. Horregatik, plan hau ona da Nafarroarentzat ere.

Plan anbiziotsua da. Nondik atera dira mila milioi euro?

Kopuru handia irudi dezake, baina bi gogoeta egin nahi ditut. Ez dugu ezer asmatu. Proiektu batzuk abian daude jada. Adibidez, Nafarroako Ubidearen lehen fasearen zabaltzea, edo Erriberara kalitatezko ura ekartzeko proiektua. Planak ez dio ezer gehitzen Nafarroako Gobernuak edo Espainiakoak Canasaren bidez jar dezaketen diruari. Nafarroako trenaren korridorea Espainiako Sustapen Ministerioak finantzatu behar du. Beste inbertsio batzuk pribatuak dira. Adibidez, zinema estudio batzuk sortzeko dirua ez du Tuterako Udalak jarriko, eta, ziurrenik, arlo pribatutik etorri beharko du.

Inbertsioaren zati bat azpiegiturak dira. Zer behar daude?

Mapan kokapen oso ona izanagatik ez badugu azpiegiturarik kokapen horri garrantzia estrategikoa emateko, ez digu ezertarako balio. Horietako bat da Tutera eta Medinaceli arteko errepidea. Bukatu gabe dago. Bestetik, AP-15aren doakotasuna oso zail dago, aurreko gobernuek ondo lotuta utzi baitzuten [errepide hori kudeatzen duen] Audenasaren kontratua. Hala ere, gobernuak aztertu beharko lituzke konpentsazio neurri batzuk.

Elikagai industria, berriztagarriak eta eraikuntza eraginkorra, turismoa eta zinema, eta kultura esparruadira aukeratutako sektore estrategikoak. Zergatik?

Ez gara uharte bat, eta Nafarroako estrategiaren ildo beretik goaz, kontrako norabidean arraun egiteak ez baitu zentzurik. Sei sektoreen artean lau horiek aukeratu genituen, sendotasun handiak dituztelako. Elikagai industriarena argi dago; eskualdean errotuta dago eta deslokalizazioaren arriskua txikiagoa da. Berriztagarriei dagokienez, eguzkia eta haizea izanik, baliabide nahikoa dugu. Gainera, burbuilaren lehertzearen ondorioz, eraikuntza sektorea gogor jo zuen eta jende ugari joan zen kalera. Sektore hori berrikusi nahi dugueta eraginkortasun energetikoaren bidez elkarren osagarri izan daitezke. Turismoan, B ardea oinarrizko baliabidea da, baina barazkiek ere erakargarritasuna dute, eta sektore hori elikagai industriarekin eta kultur sektorearekin uztar daiteke. Azkenik, kultur sektoreak bide handia du egiteko oraindik, baina interesgarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.