EDF Electricite de France konpainiak burtsako kotizazioa eten du aldi baterako, Frantziako Finantza Ministerioak jakinarazi duenez. Estatuak energia enpresa hori erabat publiko bilakatzeko nahia erakutsi zuen joan den astean. EDFk nazionalizazioa nola egingo den jakin nahi du, ezer esan aurretik: «Enpresak ez du adierazpen gehiago egingo estatuak prentsa ohar bat argitaratu arte».
Estatua prozedura aztertzen ari da, eta «beranduenez» uztailaren 19an «argituko» dio nola nazionalizatuko duen energia konpainia. Gaur egun, estatuak konpainiaren kapitalaren %84 du bere esku. Nazionalizazioaren helburua elektrizitate produkzioa bermatzea da, eta nuklearraren aldeko apustua egitea epe luzera burujabetza energetikoa lortzeko.
2035-2050 artean sei erreaktore nuklear eraiki nahi ditu Frantziak; 52.000 milioi euroko inbertituko lituzke gutxienez. EDFk dagoeneko 43.000 milioi euro zor ditu, eta beste 50.000 milioi euro beharko ditu jada dituen 58 erreaktoreen mantentze lanetarako –estatuko elektrizitatearen %70 sortzen dute normalean, baina egungo produkzioa apalagoa da, arazo teknikoak-eta direla medio–.