EDF erabat publiko bihurtuko du Macronek, 9.700 milioi euro pagatuta

Parisek energia nuklearra bultzatzeko duen planaren zutabeetako bat da Electricite de France. Enpresaren %15,9 falta zaio nazionalizatzeko

Macron, turbina nuklearrak egiteko fabrika batean. JEAN-FRANCOIS BADIAS / EFE.
jokin sagarzazu
2022ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Frantziako Gobernuak iragarri du Electricite de Francen (EDF) falta zaizkion akzioen %15,90 erosteko eskaintza bat egingo duela, konpainia erabat publiko bihurtzeko: 12 euro eskainiko ditu akzio bakoitzeko, eta 9.700 milioi euro jarriko ditu guztira. Gobernuak azaldu duenez, estatuak bihurgarrien edo trukagarrien %60 erosiko ditu.

EDFren akzioak uztailaren 13an eten ziren Parisko Burtsan, eta asteartean berriro kotizatu dute, 11,78 euroan. Gobernuak eskaintzen duen prezioa uztailaren 5ean erregistratutakoa baino %53 handiagoa da; egun horretan, Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroak berretsi zuen gobernuak konpainia nazionalizatzeko asmoa zuela. EDF 2005ean hasi zen burtsan kotizatzen, eta 75 eurotik gorako gehieneko prezio historikora iritsi zen.

Konpainiaren nazionalizazioa Emmanuel Macron Frantziako presidenteak martxoko hauteskundeetan egindako promesetako bat izan zen, Errusiako eta beste herrialde batzuetako energien mendekotasuna amaitzeko neurri gisa, eta prezioen gorakada handiari aurre egiteko.

Era berean, gobernuak EDFren nazionalizazioa erabili nahi du energia nuklearra bultzatzeko. Hurrengo urteetan, Frantzian sei erreaktore nuklear eraikitzeko plan bat iragarri du. Berriki, EDFk arazoak izan ditu bere erreaktore batzuekin, eta Frantziak energia gehiago inportatu behar izan du.

Izan ere, EDF Electricite de Francek 56 erreaktore ditu gaur egun, eta erdiak inguru geratu behar izan ditu azken hilabeteetan, bereziki maiatzean eta ekainean. 61 gigawatteko potentzia dute erreaktore horiek, baina, bolada batez, 27,4 gigawatt baizik ezin izan dira erabili, hau da, gaitasunaren %44,8 bakarrik.

Independentzia energian

«Eragiketa honek Frantziaren independentzia energetikoa indartzen du. EDFri beharrezko baliabideak ematen dizkio errepublikako presidenteak, gauzatu nahi duen programa nuklear berria azkarrago ezartzeko eta energia berriztagarriak Frantzian hedatzeko», adierazi du astearte honetan Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia ministroak.

EDFk 3.150 milioi euroko kapital zabalkuntza egin zuen apirilean, eta estatuak 2.700 milioi euro jarri zituen orduan. Konpainiak 5.113 milioi euroren irabazi garbiak izan zituen 2021. urtean, baina 43.000 milioi euroko zorra du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.