Edesaren hartzekodunen itunari helegitea jarri dio Fagor taldeak

Zorraren %90 barkatzea izenpetu zuen bankuekin Edesaren jabeak, CNAk. Fagorrek eta Mondragonek uste dute diru gehiago berreskura dezaketela Edesa likidatuz gero

Edesa Industrialeko langileak protestan, kaleratzeen aurka, urte hasieran, Garagartzako fabrikan (Arrasate). JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Iker Aranburu.
2018ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Azken kapitulua idatzi gabe du Fagor Etxetresnak kooperatibaren porrotak. Haren ondorengoa, Edesa Industrial, konkurtsotik ateratzekotan zegoen, uztailaren erdialdean akordioa lortu ondoren haren zorraren zatirik handiena duten hartzekodunekin. Baina akordio horrek ez ditu hartzekodun batzuk gogobete, Edesaren zorraren %90 barkatzea dakarrelako, eta haren aurkako helegitea jarri du Fagor S.Coopek.

ZERGATIK JARRI DU HELEGITEA FAGORREK?



CNAk bankuekin lortutako itunak ez die batere mesederik egiten beste hartzekodunei. Haien artean daude Mondragon korporazioa —lau milioi euro zor dizkio Edesa Industrialek, Ekimen Berriren proiektuarengatik—, eta beste milioi bat Fagor kooperatiba taldeari (Fagor S. Coop), Fagor marka erabiltzeagatik ordaindu beharreko royalty-ak pagatu ez zizkiolako.

Fagorrek uste du Edesak zor dionaren %10 baino gehiago berreskura dezakeela, baldin eta enpresa hura likidaziora joaten bada eta haren jabe CNA Kataluniako taldeak haren aktiboak saltzen baditu. Horien artean daude, esaterako, Arrasateko Garagartza auzoko lantegia (Gipuzkoa) eta Basaurikoa (Bizkaia). Barruan dauden makinek ere badute balioa. Horrela, azken asteetan CNAk milioi bat eurotik gora patrikaratu ditu Basauriko ekoizpen lerroko makinak Frantziako Atlantic taldeari salduta. Garagartzako hiru prentsa ere kolokatu ditu.

NORI ZOR DIO DIRUA EDESA INDUSTRIALEK?



Hartzekodun nagusiak Edesa Industriali etxetresnen produkzioari berriz ekiteko dirua utzi zioten bankuak dira. 2014ko uztailean jaso zituen CNAk Fagor Etxetresnak zenaren aktiboak, hura likidatu zutenean. Eduardo Malagon epaileak Kataluniako enpresaren alde egin zuen, besteak beste, lanpostu gehiagori eutsiko ziola agindu zuelako —750 agindu zituen, baina 450 langilera soilik iritsi zen—. Eusko Jaurlaritzak eta beste erakundeek babestu egin zuten operazioa, baina ustela gertatu zen. Salmentak ez ziren espero bezalakoak izan, eta, hiru urte geroago, konkurtsora jo zuen Edesa Industrialek, zorrei aurre egiterik ez zuelako. Bankuei ez ezik, materiala hornitzen zioten enpresei ere zor handia utzi zien Edesak —18,56 milioi—. Ogasunei ia milioi bateko zuloa eragin die, Gipuzkoari nagusiki, eta langileek 1,2 milioi euro dituzte jaso gabe.

ZER HITZARTU ZUTEN CNA-K ETA BANKUEK?



Ekainaren erdialdera, CNAk akordio bat lortu zuen Caixabank, Sabadell, Santander, Popular, Bankia eta Ibercaja bankuekin. Horren bidez, haiei zor zizkien 54,4 milioi euroren zorraren %10 baizik ez zizkien itzuli beharko. CNAk Edesa marka norbaiti erabiltzen utzita lortutako diruaren ordaindu nahi du zor hori.

ZERGATIK ONARTU DUTE BANKUEK KITA HANDI HORI?



Askoz gehiago zutelako galtzeko. Hau da, CNAk Edesaren zorrak pagatu behar izatea konpainia ama bera arriskuan jar zezakeen, eta, haren hartzekodun ere badira banku horiek. Berez, Edesaren zorraren kita ez ezik, bankuekin duen zorra ere berregituratu du CNAk.

EPAILEAK ZER DIO?



Edesaren konkurtsoa daraman epaileak, Malagonek, ontzat hartu zuen CNAren eta bankuen arteko akordioa, horrelako kasuetan derrigorrezkoa den baldintzabetetzen zuelako: zorraren %65 dutenek onartzea, Kasu honetan, zor arruntaren %70 dute bankuek. Guztira, 104 milioi euroren zorra du Edesa Industrialek.

ZER ARGUDIATU DU FAGORREK?



Diote bankuei ezin zaiela eman hartzekodun arrunten izaera, CNArekin duten zorra berregituratuta diru gehiago jasoko dutelako bueltan.

NORK DU AZKEN HITZA?



Malagon epaileak berak. Helegitea atzera botako balu, zorraren %10 soilik ordainduta egingo du alde CNAk Euskal Herritik. Onartuko balu, berriz, likidaziorantz joko luke Edesak.

ZER GERTATU DA EDESAREKIN?



Fabrikak itxita daude, eta badira hilabeteak ez duela ezer ekoitzi.2017aren hasieran jada nabariak ziren likidezia arazoak —ez zien hornitzaileei ordaintzen—, eta galerarik handienak eragiten zizkioten ekoizpen lerroak ixten hasi zen. Urte horretako uztailean, konkurtsoaren aurrekora jo zuen, eta, abuztuan, 200 langile botatzeko eta Garagartza ixteko bideragarritasun plana aurkeztu zuen. Langileek ez zuten onartu, eta irailean urrunago jo zuen, geratzen zitzaizkion 327 langileak kaleratzeko erregulazio bat aurkeztuta. Urrian hasi zituen kaleratzeak, 145 lehenik. Urtarrilean bota zituen geratzen zitzaizkion ia guztiak —komertzial gutxi batzuk geratu dira—.

ETA FAGORREKIN?



Gaur egun, marka bat da Fagor. CNAk hura erabiltzeko eskubidea zuen, royalty txikien truke, baina horiek ere ez ditu ordaindu, eta marka bere hasierako jabeak soilik erabil dezake, Fagor S. Coop taldeak —Ederlan, Automation, Assembly eta beste kooperatiba batzuk biltzen ditu—. Behin Edesa-CNA auzia itxita, ez da baztertu behar etxestresnen beste egile batek Fagor marka erabiltzeko baimena erostea kooperatibari, batez ere Euskal Herriko eta Espainiako merkatuetan sartu nahi duten ekoizle bat. Aipatu diren artean Poloniako Amica dago. «Baina ez hura bakarrik», esan diote BERRIAri Fagor kooperatibako iturriek. Aukera txikiagoa dago norbaitek Fagor zenaren fabriketan etxetresnak berriro egiten hasteko. CNAren esperimentuaren porrotak gera zitezkeen hautagaiak uxatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.