Zalantzak ahalik eta gehien murriztu nahi izan ditu EBZk, eta iragarri du uztaileko bilkuran euroaren interes tasa nagusiak puntu laurden igoko dituela, hurrengo hilabetearen hasieran zorra erosteari utzi ostean.
Beraz, eztabaidarik ez uztailean tasak %0,25 edo %0,50 igo behar dituen; puntu laurdena eta kito. Iragarpenarekin, gainera, merkatuan inor jokoz kanpo gelditzea eragotzi nahi izan du EBZk; horregatik iragarpena eta ez igoera atzo Amsterdamen (Herbehereak) egindako Gobernu Kontseiluan.
Hala ere, ziurtasun handiagoa eman nahian, irailean ere beste %0,25eko igoera espero dutela adierazi du banku zentralak, eta litekeena dela igoera hori handiagoa ere izatea. Uda osteko goratzea luzera begirako inflazio aurreikuspenen araberakoa izango da; iragarpenak egungoak bezalakoak badira, edo okerragoak, igoera handiagoa izango da, EBZk atzo aurreratu zuenez. EBZko presidente Christine Lagardek gehiago zehaztu zuen: 2024. urterako %2,1eko inflazioa aurreikusten jarraitzen badute irailean, tasak %0,50 igoko dituzte.
Eta, horrela, uztailaren 21eko bere bilkuran, tasa igoerarik gabeko 11 urteko aldiari amaiera emango dio Europako Banku Zentralak «inflazio oso altuari» aurre egiteko.
«Ez da urrats bat, bidaia bat da», adierazi zuen Lagardek bere agerraldian, azaldu nahian oso posible dela irailaren ondoren ere tasen igoera gehiago etortzea. Europako Banku Zentralak uste du igoera «mailakatu eta jarraituak» egokiak izan daitezkeela.
Edonola ere, urrats bat izanda ere, EBZk hartutako jarrera «urrats garrantzitsua» dela nabarmendu zuen Lagardek, banku zentraleko gobernu kontseiluak jarrera aho batez onartu duela esan baitzuen.
Izan ere, inflazioari heltzeko prest dagoela argi utzi behar zuen banku zentralak, ikusita zer panorama duen prezioen bilakaerarekin. EBZren beraren iragarpenen arabera, martxoko txostenean aurreikusitako maila guztiak goratuko ditu inflazioak: aurten %6,8ko urteko tasa izango da; 2023an %3,2ra apalduko da; eta 2024an, %2,1era, EBZren %2ko helburutik zertxobait gora.
Azpiko inflazioa ere bai
Jakina, prezioen igoera horretan eragin zuzena izan dute energia gaiek eta elikagaiek, baina azpiko inflazioa ere helburutik gora ikusten du banku zentralak hurrengo hilabeteetan: %3,3ko azpiko inflazioa iragarri du 2022rako, %2,8koa 2023rako, eta %2,3koa 2024rako.
Hazkunde ekonomikoari dagokionez, euroguneko ekonomiarentzat martxoan iragarritakoak baino hazkunde txikiagoak ikusten ditu EBZk barne produktu gordinarentzat 2022. eta 2023. urteetarako: %2,8koa eta %2,1ekoa, hurrenez hurren. 2024rako, ordea, martxoan ikusitakoa baino igoera handiagoa espero du: %2,1ekoa.
Hazkunde ekonomiko apal horri kalte egitea —tasak gehiegi edo bizkorregi igoz— ere bada beste kezka bat. Horregatik, Lagardek azpimarratu du hurrengo urratsak egiterakoan «aukera desberdinak» hartuko dituztela aintzat, eta beti «datuetan oinarrituta» ariko direla, «modu mailakatuan».
Zorra eta arrisku saria
Adi egon beharreko datu horietako bat izango da, adibidez, euroguneko herrialdeek pilatutako zorra, tasen igoerak zamatu egingo duelako pandemian pilatutako zorra. Ildo horretan, banku zentrala behartuta dago oso adi egotera Alemaniako bonuarekiko arrisku sariak agerian uzten duenari: arrakala handia dagoela euroaren herrialdeen artean.
Finantzaketarako arrakala, zatiketa hori murriztea izan da, hain zuzen, APP zorraren erosketa programaren helburua, zeinaren erosketak uztailaren hasierarekin etengo diren. Aurretik, martxoan amaitu zuen pandemian abiatutako PEPP erosketa programa ere.
Behin erosketa programak amaituta hegoaldeko herrialdeak arrisku sari handiegietara itzul daitezkeen kezka hor dago. Horri erantzunez, Europako Banku Zentralak atzo gogoratu zuen bere «diru politika behar bezala transmitituko» dela ziurtatzeko PEPP programaren epemugak berriz inbertitu ditzakeela, aktibo motekiko edota nazionalitateekiko «malgutasun osoz». «Ez dugu finantzaketa zatiketarik onartuko». Lagarde saiatu zen kategoriko agertzen, Mario Draghiren egin beharreko guztia hura ekarriz gogora. Baina, atzo behintzat, zor merkatuak ez zituen erabat konbentzitu.
EBZk uztailean hartuko du igoeren bidea, interes tasak %0,25 handituz
Martxoko aurreikuspenak okertu ditu, eta aurten inflazioa %6,8koa izango dela iragarri du. Irailean beste igoera bat etorriko dela ere esan du, eta egoera hobetzen ez bada %0,50ekoa izango dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu