Inflazioa

EBZk uste du inflazioa %7ra arte igo daitekeela eurogunean

Euroguneko inflazioa %5,9an dago jada, eta %6,2an Europako Batasunean, Eurostatek jakinarazi duenez. Christine Lagardek gogoratu du 2022ko batez bestekoa %5,1 izatea dela aurreikuspena.

Christine Lagarde EBZko presidentea. OLIVIER HOSLET / EFE
xabier martin
2022ko martxoaren 17a
11:19
Entzun

EBZ Europako Banku Zentralak atzean utzi ditu 2022. urterako zituen aurreikuspenak, eta Ukrainako inbasioak eragindako egoeraren ondorioei neurria hartzen ari da azken egunetan, aurreko asteko agerraldian garbi utzi zuenez. Haren presidente Christine Lagardek onartu egin du gaur balitekeela eurogunean %7 inguruko inflazioa egotea hilabete gogorrenetan. Euroguneko kideen batez besteko inflazioari erreparatzen dio EBZk. Hego Euskal Herrian KPIa %7tik gora dago jada , eta, urte arteko tasan, 2022ko amaieran, %7 horretatik gertu buka dezake inflazioak Hegoaldean, aintzat hartzen badugu eurogune osoarentzat %5,1eko aurreikuspena egin duela banku zentralak.

Izan ere, Eurostatek jakinarazi berri du euroguneko inflazioa %5,9ra igo dela otsailean, urte arteko tasan, eta Europako Batasunean %6,2ra. Hala, hilabete bakar batean zortzi hamarren gorago kokatu da bizitzaren garestitzea adierazten duen indikatzailea eurogunean, eta sei hamarren gorago Europako Batasunean. Inflazio horren erdia energiaren garestitzeari dagokio: otsailean %32 egin dute gora prezio horiek. Baina otsaileko datuek argi utzi dute inflazioa beste esparruetara zabaltzen ari dela.

Ukrainako gerraren aurretik pandemia osteko suspertzean abiarazi zen inflazioaren oldarraldia asko indartu dute Ukrainako gerraren ondorioek, baina Lagardek uste du %2ko inflazioaren helburuari eusteko tenorean egongo dela banku zentrala, epe ertainera behintzat. Edonola ere, EBZren diru politika gerraren ondorioen araberakoa izango dela berretsi du.

Iazko urrian, inflazioa gora zihoan indarrez, baina EBZk aurreikusi zuen prezioen garestitze hori apalduz joango zela 2022ak aurrera egin ahala. Lagardek, agintari gehienek bezala, ez zuen aurreikusi Ukrainako inbasioa, eta horrek hankaz gora bota ditu kalkuluak; EBZk ametitu baitzuen uste baino gehiago igoko zela inflazioa eurogunean, eta goian denbora luzeagoz egongo dela.

Orain, berriz, %5eko batez besteko KPIa aurreikusi du eurogunerako, baina azpimarratu du epe batez %7 inguruan egon daitekeela; Hego Euskal Herrian langa hori gainditu da jadanik (urte arteko tasan). Dena den, EBZk ez du uste euroguneko ekonomiak aurten atzeraldian sartu behar duenik, orain egun batzuk argi azaldu zuenaren arabera.

Familien aurrezkiak, energia pagatzeko

«Litekeena da inflazioak gora egitea aurrerantzean ere. Errusiak eta Ukrainak munduko gari esportazioen %30 ordezkatzen dute, eta gariaren salneurria %30 garestiagoa da gerra aurretik baino», esan du Frankfurten egindako hitzaldi batean. Lagardek ohartarazi du industriaren lehengaien hornidurarekin egon diren arazoek, zeinak konpontzen ari ziren, berriro okerrera egin dezaketela, eta horrek ere prezioak igoko dituela.

Dena den, EBZk garbi utzi du berriro ere «behar den edozein neurri hartuko duela salneurrien egonkortasunari eusteko». Inflazio hori dela eta, europarrek «hazkunde ekonomikoaren moteltze bati egin behar diote aurre», luze gabe. Horregatik, Lagardek espero du familien aurrezpenek behera egitea, batik bat energiaren prezioen gorakadari aurre egiteko.

Enpresek ere nozituko dituzte Ukrainako krisiaren ondorioak, EBZko buruaren arabera. Golkoko gerran eta Irailaren 11n ere inbertsioak behera egin zuela gogorarazi du, eta egungo egoera orduko krisi bi horiekin erkatu du.

OCDEren aurreikuspena

OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak kalkulatu du euroguneko BPGari %1,4 higatuko diola Ukrainako gerrak. Munduan, berriz, barne produktu gordinari %1 murriztuko dio gerrak, haren aurreikuspenen arabera. Errusiak, berriz, aberastasunaren %10 galduko duela uste du. Era berean, OCDEko herrialdeen batez besteko inflazioa %2,5 igoko dute Errusiaren inbasioak eragindako ondorioek, eta Europan izango du eragin gehien prezioen garestitzeak, «Errusiaren gas eta petrolioaren mendekotasuna dela eta».

OCDEko azken txostenaren egileek uste dute Europako herrialdeek ahalegin bereziak egin beharko dituztela inflazioa bridatzeko eta ohi baino ekoizpen handiagoa bultzatu beharko dutela janariaren sektorean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.