Gutxienez irailaren 12ra arte itxaron beharko dute interes tasen jaitsiera ikusi nahi dutenek, eta orduan ere ez da ziurra halakorik izango ote den. Gaurko bileran, EBZ Europako Banku Zentralak erabaki du tasak bere hartan uztea: %4,25eko interesa ordaindu behar diote hari dirua eskatzen dioten bankuek, eta beren erreserbak gordetzeagatik %3,75ekoa ordaintzen die EBZk.
Bere agerraldian, Christine Lagarde EBZko presidenteak ez du arrastorik eman nahi izan hurrengo urratsei buruz. «Irailerako aukerak zabalik daude; jasoko dugun datuen arabera hartuko dugu erabakia». Hau da, baliteke tasak bere hartan uztea edo beste puntu laurden bat jaistea.
Izan ere, datu horiek erakusten dute inflazioa oso motel baizik ez dela jaisten ari, eta zenbait ataletan goranzko presioa egon badagoela. Ekainean, hamarren bat jaitsi zen, %2,5eraino, baina zerbitzuena oso egonkor dabil (%4,1), atal horretan soldaten eguneratzeek pisu handia dute eta. Azken atal horrek azaltzen du ekaineko inflazioaren hiru laurden.
%3,5Euriborra, gaur. EBZk interes tasak jaitsi zituen ekainaren hasierako bileran, eta horren eskutik beherako bidea hartu zuen Euriborrak ere. Azken bi egunotan, %3,503an geratu da, eta horrekin oso litekeena da hilabetea %3,55etik beherako batezbestekoarekin bukatzea —hori hartzen da kontuan maileguak eguneratzean—. Horrek euro askoren aurrezkia ekarriko die orain hipoteka berritu behar dutenei baldin eta urtean behin egiten badute, iazko uztailean %4,149an geratu baitzen. Aurrezkia euro apur batzuena soilik izango da sei hilean behin egiten badute.
Edonola ere, Lagardek onartu du soldatei buruzko azken datuak ez doazela bide txarrean, hau da, ez direla inflazioa nabarmen puzten ari. Onartu du igoera handiak ikusten ari direla —%5 ingurukoa, eurogunean—, baina igoera horren indarra apaltzen ari dela esan du, eta 2025ean eta 2026an are gehiago apalduko dela.
Azaldu duenez, soldatetan berreskuratzen ari da aurreko urteetan inflazio handiaren eraginez galdutako erosahalmena, eta, hein batean, enpresen irabazietatik elikatzen ari direla soldatak. «2023ko azken hiruhilekoan ez bezala, orain enpresen mozkina txikitzen ari da, lan kostuen igoera beren kargu hartzen ari baitira».
Beste bi jaitsiera aurten
Merkatuek eta analistek espero dute urtea amaitu bitartean EBZk beste bi aldiz jaitsiko dituela tasak, baina puntu laurden bakarrik egingo duela.
Horregatik, apustuek diote hurrengo jaitsiera irailean iritsiko dela, eta abendukoa izango dela haren hurrengoa.
EBZren azken aurreikuspenek diote inflazioa 2025. urtearen amaieran baizik ez dela iritsiko banku zentralak gogoko duen zenbatekora, %2ra. Ekaineko bileraz geroztik jasotako datuek ez dute aldarazi iragarpen hori.
Erreserba federalari begira
Bada Europako Banku Zentralaren zuhurtzia azaltzen duen beste faktore bat ere: AEBetako Erreserba Federalaren politika. Banku independentea da EBZ, baina adi ibili behar du, berak tasak asko jaitsi baina Fed ez bada mugitzen arriskua baitago inbertitzaile askok dirua hara eramateko, interes handiagoa lortze aldera. Horrek euroa ahuldu eta inportazioak handituko lituzkeenez, inflazioa piztu dezake berriro.