Diru politika

EBZk tresna bat sortuko du arrisku saria apaltzeko

Ezohiko bilera batean, iragarri du lehenik PEPP programaren zorraren berrinbertsioak erabiliko dituela Italiaren eta hegoaldeko beste herrialde batzuen arrisku sariak jaisteko, baina gero «zatiketaren aurkako tresna» bat egingo duela.

Euroguneko kide batzuen arrisku saria. JOXEAN APEZTEGIA
Iker Aranburu.
2022ko ekainaren 15a
11:30
Entzun

Ostegunean aztertzeko utzi zuen gai bati heldu behar izan dio EBZ Europako Banku Zentralak: hegoaldeko herrialdeen arrisku sariaren igoerari. Erdizka heldu ere, aurreragorako utzi baitu sari hori apaltzeko tresna bat sortzea. Hori iritsi bitartean, PEPP pandemian zorra erosteko programa bereziaren berrinbertsioak «malgutasunez» erabili nahi ditu, Italiak, Espainiak, Portugalek eta beste batzuek zor jaulkipenetan ordaindu beharreko interesa apaltzeko.

Ezohiko bilera bat egin du gaur EBZko gobernu kontseiluak Frankfurteko egoitzan, ikusita ostegunean arrisku sariaren gaia konpontzeko biderik iragarri ez izana arazoa okertzen ari zela. Ez da batere ohikoa banku zentralak bere egutegia aldatzea —konfinamenduaren hasieran egin zuen azken aldiz, 2020ko martxoan—, baina behartuta zegoela ikusi du, astelehenean eta asteartean merkatuek argi utzi baitzuten ez ziotela tarterik utziko gaiari patxadaz erantzuteko.

Euriborra ere, oso gora

Izan ere, azken astean koska bat egin dute gora euroguneko hegoaldeko estatuetako arrisku sariek. Berez, interes tasa guztiak gora egiten ari dira EBZk iradoki zuenetik atzean utziko zuela zero intereseko aroa. Uztailean egingo du, 0,25 puntuko igoerarekin, baina jada horren oso gainetik daude herritarrek, enpresek eta, noski, estatuek ere ordaindu behar dituzten interes tasa errealak. Horrela, Euriborra %1,067ra iritsi da gaur, eta analistek ez zuten halakorik espero datorren urtera arte.

Estatuen hamar urteko zorra, berriz, %1,5etik gora kotizatzen ari da bigarren mailako merkatuan. Inbertitzaileen artean salerositako zorra dago merkatu horretan, eta erreferentzia gisa balio du jakiteko zenbat ordaindu beharko duten erakunde publikoek zor jaulkipen berrietan.

Horrela, Alemaniaren hamar urteko bonuak %1,73ko interesa eman du gaur bigarren mailako merkatuan, eta %2ren bueltan dabiltza Herbehereak (%2,07), Frantzia (%2,3) eta Irlanda (%2,4).

Italiarekin kezkatuta

Espainia eta Portugal koska bat gorago daude (%3), baina gehien kezkatzen duena Italia da, %4an baitago. Hau da, Alemaniaren zorrarekin ia 230 punturen aldea du, iazkoa halako bi. Arrisku saria deitzen zaio Alemaniaren zorrarekin dagoen aldeari, haren bonua Europako ziurrena dela ulertzen baitute inbertitzaileek.

Italiari dagokionez, egia da 230 punturen aldea arriskutsua dela, milioika euroko kostua dakarkiolako Italiari, oso zor handia baitu: BPGaren %150,8ko zorra zuen 2021 amaieran, 2,67 bilioi euro kopuru zehatzetan.

Greziaren zorra handiagoa da proportzionalki —BPGaren %193—, eta handiagoa da arrisku saria (276 puntu), baina herrialde horren zorpetzeak gutxiago kezkatzen du, ESM Europako erreskate funtsari zor diolako diru gehien eta ez inbertitzaile pribatuei, eta interes txikiekin, gainera.

Agiri laburra

Gaurko datuetan jada islatzen zen EBZk zerbait egingo zuen ustea —arrisku saria apaldu egin zen atzo—, astearte arratsean eman baitzuen Isabel Schnabel EBZko kontseiluko kideak arrisku sarien igoera eteteko lehen pausoa. Hitzaldi batean, nabarmendu zuen banku zentralak «mugarik ez» zuela euroa defendatzeko orduan.

Antzeko adierazpen batek eten zuen euroaren krisiaren hedapena, Mario Draghi EBZko orduko buruak ziurtatu zuenean «beharrezkoa zen guztia» egingo zutela euroa defendatzeko.

Ez dauka halako hitz indartsurik EBZko gobernu kontseiluak atzo arratsaldearen hasieran zabaldutako bi paragrafoko agiriak. Horretan, EBZk onartu egin du ekonomia dopatzeari uztearekin batera zabaldu direla «zatiketa arriskuak», herrialde batzuk ahulagoak direlako beste batzuk baino, eta horrela «diru politikaren transmisioan gorabeherak» daudela herrialde batetik bestera.

Hori dela eta, gobernu kontseiluak banku zentraleko zerbitzuei eskatu die lana «bizkortu» dezatela «zatiketaren aurkako tresna bat» sortzeko. EBZk ez du zehaztu tresna horrek zer egin ahal izango duen eta nola, baina analistek uste dute estatu kide ahulenen zorra erosteko balioko duela.

Tresna hori iritsi bitartean, eskura duten beste bat baliatuko dute: PEPP pandemiaren garaiko zor erosketarako programaren berrinbertsioak. Aurten itxi du EBZk programa hori, bi bilioi zor erosi ondoren, baina erositako zorra berriro inbertitzen du behin haren epe muga bukatzen denean. Ulertzen denez, hurrengo asteotan batez ere hegoaldeko estatuen zorrean berrinbertituko du dirua banku zentralak, haiek errazago izan dezaten merkatuetara jotzen dutenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.