Iragarpenek ez dute huts egin, eta Europako Banku Zentralak puntu laurden jaitsi ditu interes tasa ofizialak. Argudiatu du interes tasak azken aldiz igo zituenetik, 2023ko irailetik, inflazioa erdira jaitsi dela eurogunean —%5,2tik %2,6ra—, eta horrek erakusten duela diru politika murriztaileak bere lana egin duela prezioen presioa arintzeko. Horrenbestez, %4,25ean mailegatuko die dirua bankuei, eta %3,75 ordainduko die beren erreserbak gordetzeagatik.
Erabakiak maileguak merkatzea eragingo du —dagoeneko ari da eragiten—, eta espero da euroguneko ekonomiak suspertze pixka bat izango duela horren bitartez, 2023an atzeraldiaren atarian egon baitzen. Badirudi 2024. urtea bizkorrago hasi duela, %0,3 handitu baitzen barne produktu gordina.
Jaitsiera espero zenez, orain ikusteko dago zer egingo duen EBZk hurrengo bileretan. Hasieran espero zen aurten beste hiru halako jaistea interes tasak, baina, inflazioak oraindik banku zentralaren helburua gainditzen duenez —%2,6, maiatzean—, orain uste da banku zentralak patxadaz hartuko duela, eta asko jota beste bi mugimendu egingo dituela, irailean eta abenduan.
Ikusi gehiago
Bere agirian, EBZk adierazi du aldi batez «diru politika murriztaile bat» izango duela, hau da, interesak ohi baino handiagoak izango direla, «bermatzeko inflazioa epe erdian %2koa izateko helburura iristen dela».
Borroka hori luzatzen ari dela erakusten du EBZk inflazio iragarpena handitu izanak: orain espero du %2,5 izatea batez beste 2024an, %2,2 2025ean, eta %1,9 2026an. Hau da, hurrengo hilabeteetan ez du aldaketa handirik izango, eta gutxienez datorren urtearen erdiraino itxaron beharko da interes tasek EBZren %2ko helburuan finkatzeko.
Banku zentralak esan du «bileraz bilera» jokatuko duela, bere eskura dauden datuen eta informazioaren araberako erabakiak hartuko dituela, eta ez duela konpromisorik hartuko hurrengo mugimenduei buruz.
Lagardek arrasto gutxi
Datozen bileretan zer egingo duen arrasto gutxi eman ditu Christine Lagarde EBZko presidenteak, kazetariek modu batera zein bestera galdetu dioten arren. Oso zuhur agertu da, eta behin eta berriro esan du urratsez urrats jokatzeko asmoa daukatela. «Datuak eta datuak behar ditugu, eta gero analizatu egin beharko ditugu», esan du.
Datu horien artean daude soldata eguneratzeak, banku zentrala beldur baita asko handitzen badira kontsumoak berriro inflazioa handituko ote duen. Berez, soldata igoeren bizkar jarri du Lagardek maiatzean inflazioak gora egin izana, baina gaineratu du hurrengo hilabeteetan indarra galtzea espero duela. Horrek bide emango lioke urtea amaitu aurretik tasak berriro jaisteko, bi aldiz ziur aski, %3,75eraino.
%3,684Euriborrak abenduan hasi zuen beheranzko bidea, EBZren interes tasak hurbiltzen ari zirela ikusita. Baina otsailaz geroztik oso egonkor dago, %3,65 eta %3,75 artean, nahiz eta aurreikusi zen tasak uste baino polikiago eta gutxiago jaitsiko zirela. Maiatzeko batezbestekoa %3,68 izan zen, eta hortxe kokatu da gaur ere: %3,684. Litekeena da aldaketa handirik ez izatea banku zentralaren hurrengo mugimendua noiz gertatuko den argitu arte.
Interes tasak jaisteko erabakiaren alde egin dute EBZko gobernu kontseiluko 25 kidek, eta batek bakarrik eman du aurkako botoa. Lagardek ez du argitu zein izan den, baina ondoren jakin da Robert Holzmann izan dela, Austriako Bankuko gobernadorea.
Kanadako Bankuak atzo jaitsi zituen interes tasak (%4,75eraino), eta aurretik bide hori hartu dute Brasil, Mexiko, Txile, Suitza eta Suediak ere, herrialde guztietan apaltzen ari baita inflazioaren indarra. Baina urrats hori egiteko denbora gehiago hartuko dutela iragarri dute AEBetako Erreserba Federalak eta Ingalaterrako Bankuak, haien eremuetan prezioen igoera oso sendoa baita oraindik.
7.500 milioi gutxiago hilero
Gaurko bileran ere, Europako Banku Zentralak beste urrats bat egin du bere diru politikaren normalizazioan. Hainbat urtez, zor publikoa eta pribatua erosten aritu da, ekonomia bultzatzeko, eta estatuei beren burua finantzatzen laguntzeko. APP programaren bitartez erositako zorra aspaldi ari da txikitzen, eta gaurko bileran erabaki du gauza bera egitea pandemiari lotutako programarekin, PEPP izenekoarekin. Orain arte, zorra itzultzen ziotenean berriro inbertitu egiten zuen, baina uztailetik aurrera, hilero 7.500 milioi euro kenduko ditu zirkulaziotik.