Ustekaberik ez da izan, eta Europako Banku Zentralak bere hartan utzi ditu interes tasa ofizialak: aurrerantzean ere bankuek %4,5 ordaindu beharko diote EBZri maileguen truke, eta EBZk %4 ordaindu beharko du bankuen gordailuen truke. Atenasen egindako bileran, EBZk ziurtatu du inflazioa «oso goian» izango dela «oso denbora luzean». Mezu horrek iradokitzen du denbora asko igaro beharko dela banku zentrala interes tasak jaisten hasi arte.
Merkatuek datorren urtean bi aldiz egitea espero dute, baina Nazioarteko Diru Funtsak ez du mugimendurik espero urtea bukatu arte bederen. Noiz egingo duen arrastorik ez du eman Christine Lagarde EBZko presidenteak, kontseiluko bileraren osteko prentsaurrekoan: «Gaia ez dugu eztabaidatu ere egin. Debate hori hasteko oso goiz da oraindik».
Interes tasak ez ukitzeko erabakia aho batez hartu dute EBZko kontseiluko kideek, eta horrekerakusten du banku zentrala oso ziur dagoela hartutako bidearen zuzentasunari buruz: interes tasak igota, bankuek emandako maileguak gutxitzen ari dira, horrek jarduera ekonomikoa asko moteldu du, eta horren bitartez ari dira inflazioa itotzen.
Eurogunean, inflazioa %5,2tik %4,3ra jaitsi zen abuztutik irailera, eta asteartean zabalduko da urriko datua. Jaitsiera nahiko handia espero da orduan ere, baina EBZk azaldu du egutegi kontuengatik gertatuko dela hori, hau da, iazko udazkenean jo zuelako goia —%10,6ra iritsi zen 2022ko urrian—, eta horrekiko aldea delako oraingo inflazioa. Banku zentralaren beraren aurreikuspenak betetzen badira, 2025 arte itxaron beharko da inflazioa bankuarentzat onargarria den maila batera gerturatzeko —%2,1—
Helburu hori lortu arte interesak ez direla asko jaitsiko adieraztera eman du Lagardek, baina horrek ez du esan nahi ez direla beheranzko mugimenduak izango, eskua lasaitzeko presioa handitu egingo baita ekonomia atzeraldian sartuz gero. Datorren asteartean emango du Eurostatek hirugarren hiruhilekoari buruzko lehen datua, eta zeroren bueltan ibiltzea edo negatiboa izatea espero dute analistek.
Gainera, badago beste faktore bat: enplegua. Oso ongi eutsi dio oraintsu arte, baina lan merkatua lehen neke zantzuak azaltzen ari dela onartu du Lagardek.
Zorra erosteko programak
Interes tasetan ez ezik, beste neurrietan ere ez da aldaketarik. Azken urteetan EBZk ia bost bilioi euro jaulki ditu herrialdeen eta enpresen zorra erosteko, eta gutxika-gutxika ari da diru hori zirkulaziotik kentzen. Badira hilabete batzuk APP programarekin erositako bonuen irabazia ez duela berriro inbertitzen, eta zalantza zegoen PEPP pandemiaren aurkako programa bereziko inbertsioekin gauza bera egingo ote zuen. Ez du halakorik egin.
Are gehiago, Lagardek ziurtatu du gaia ez dutela eztabaidatu ere egin. Horrenbestez, gutxienez 2024. urtea amaitu arte jarraituko duela programa horren bitartez berreskuratutako dirua inbertitzen. Diru hori merkatutik kentzea handitzen ari da euroguneko gobernuek beren zorraren truke ordaintzen duten interesa, eta, horregatik, tentuz jokatzeko presioa du banku zentralak.
EBZk iradoki du aldi baterako %4,5ean utziko dituela interesak
Inflazioa «oso goian» izango da «oso denbora luzean», banku zentralak aitortu duenez. Ez du eztabaidatu bere balantzean pilatutako zor publikoa bizkorrago arintzeko aukeraz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu