Europako Banku Zentralak ez du abendura arte itxaron interes tasak jaisteko. Gaurko bileran beste puntu laurden apaldu ditu, eta %3,25ean geratu da haren erreferentziazko tasa, gordailuena. Erabakia aho batez hartu dutela argitu du Christine Lagarde EBZko presidenteak.
Bi arrazoik bultzatu dute EBZ dagoeneko esku hartzera. Batetik dago inflazioa «bide onean» doala, eta jada %2ko mailatik behera kokatu dela, hau da, banku zentralaren helburutik behera. Hain zuzen ere gaur eguneratu ditu Eurostatek iraileko datuak, eta duela aste batzuk aurreratutakoaren azpitik geratu da, %1,7an. Kopururik txikiena da 2021eko apirilaz geroztik.
Edonola ere, urtearen amaieran berriro igoko dela espero du banku zentralak, iazko azken hilabeteetan jaitsiera handia izan baitzuen, eta eragin hori desagertu egingo baita aurtengo datuetan. %2ko helburuan «datorren urtean zehar» finkatuko direla uste du bankuak. Alde horretatik, aldaketa bat dago EBZren mezuan, aurretik esaten baitzuen 2025 amaieran helduko zela.
Ekonomia, ahul
Jarduera ekonomikoa apal dabil eurogunean, eta, are gehiago, atzeraldian dago haren motor nagusia, Alemania. Eurogune osorako atzeraldirik ez dutela espero argitu du Lagardek —«lurreratze biguna espero dugu»—, baina onartu du azken datuak «uste baino ahulagoak» izan direla. Bereziki nabarmendu du familien kontsumoa espektatiben azpitik geratu dela. Dena dela, oraindik «soldatak erritmo bizian hazten ari direnez», bankuak dio gutxika berreskuratuko dela kontsumoa, eta horrekin jarduera ekonomikoa sendotuko dela.
Hazkundearekin «kezkatuta» daudela aitortu du Lagardek, «baina hazkundeak inflazioan duen eraginagatik» gertatzen dela hori. Berretsi du inflazioa kontrolatzea dela EBZren helburua, eta oraingo interes tasak «murriztaileak» direla dio azaldu du, hau da, jarduera ekonomikoa moteltzen dutela eta ez sustatu. Baina azken bi bileretan interes tasak jaitsi izana hazkundeari trabak kentzeko urrats gisa uler daiteke.
«Erabaki guztiak datuen araberakoak izango dira. Ez diot deusi atea ireki»
CHRISTINE LAGARDEEuropako Banku Zentraleko lehendakaria
Eta hurrengo bileretan zer gertatuko da? Merkatuek eta analistek ziurtzat jotzen dute abenduaren 12ko bileran berriro beste puntu laurden bat jaitsiko direla tasak, baina Lagarde ez da atera markatutako bidetik, eta berretsi du erabaki guztiak «datuen menpe» daudela. «Ez diot deusi atea ireki».
Euriborra eta maileguak
Interes tasen jaitsierak zuzenean eragingo die maileguei. Tasa aldakorreko maileguak kalkulatzeko erabiltzen den indizeak, Euriborrak, jaitsiera betean jarraitzen du. Gaur, %2,717an kokatu da, eta urriko batezbestekoa %2,756 da.
Horrek jaitsiera handiak ekarriko dizkie hipotekaren kuota urriko datuarekin berritu behar dutenei, eta, batez ere, urtean behin berritzen dutenei. Izan ere, iazko urrian goia jo zuen Euriborrak, %4,16ra iritsi baitzen, baina orain hori baino ia puntu eta erdi apalago dago. 150.000 euroko mailegu bat itzultzeko dutenek hilean ehun euro baino gehiago aurreztuko dituzte horrela.
Baina tasa aldakorra dutenei ez ezik, interes tasa ofizialen jaitsierak maileguak eskatu behar dituzten besteei ere eragiten die, bankuek haien arabera egokitzen dituzte-eta tasa finkoan eskaintzen dituzten interesak ere.
Hipotekei dagokienez, 2021eko eta 2022ko interes tasen igoerak tasa finkoko maileguak sinatzea bultzatu zuen, ordura arte nagusi ziren tasa aldakorrekoen kaltetan. Gaur egun, berriz, mailegu hibridoak dira gehien sinatzen direnak, hau da, tasa aldakorra eta tasa finkoa uztartzen dituztenak.
Kutxabanken webguneak, esaterako, beste produktu batzuk kontratatuz gero, hipoteka maileguaren lehen urterako tasa finko bat eskaintzen du lehen urterako, %2,06koa, eta gero aldakorra, Euriborra gehi %0,49.
Europako Banku Zentralak uste du interes tasak jaisteak maileguak ematera bultzatuko dituela euroguneko bankuak. Bere azken txostenean, banku zentralak ziurtatu du maileguak emateko baldintzak laxatuko dituztela.
Horren arrazoietako bat da EBZk berak bigunago jokatuko duela finantza erakundeekin. Azken bi urteetan, interes tasak goian zeudenez, kostu handiagoa zuen familientzat maileguei aurre egiteak, eta, horregatik, zuhurtzia handiz jokatzeko agindu zien EBZk. Orain, baina, hileroko kuotak jaisten ari dira, eta, harekin batera, biguntzen ari dira bankuei eskatutako baldintzak.
Hego Euskal Herrian, hipoteka kopuruak %1,9 egin du gora aurtengo lehen zazpi hilabeteetan, iazkoekin alderatuz gero.
%1,7
Inflazioa eurogunean. Duela bi aste aurreratutako datua (%1,8) zuzendu du Eurostatek, eta irailean prezioak duela urtebete baino %1,7 handiagoak zirela ziurtatu du. Azpiko inflazioa ere jaitsi da, %2,7raino. Zerbitzuen inflazioa bi hamarren txikitu da, baina oraindik handia da (%3,9); elikagaiena, berriz, hamarren bat igo da, %2,4raino. Energia, ordea, duela urtebete baino %6,1 beherago dago.