EBZk hoztu egin du interes tasak jaisteari buruzko eztabaida

Banku zentralak %4,5ean utzi ditu interes tasak, eta berretsi du denbora batez hor utziko dituela. Aitortu du, ordea, inflazioa aurretik uste zuen baino bizkorrago jaitsiko dela.

christine lagarde
Christine Lagarde EBZko presidentea, Frankfurten. RONALD WITTEK / EFE
Iker Aranburu.
2023ko abenduaren 14a
16:45
Entzun

Inflazioaren borroka ongi doa, baina oraindik ez da bukatu. Hori da, beste hitz batzuekin, Europako Banku Zentralak zabaldu nahi duen mezua. Horregatik uste du ez dagoela interes tasak gehiago igotzeko inolako beharrik, baina oraindik goizegi dela tasa horiek jaisten hasteko.

Eurogunean inflazioa uste baino gehiago moteldu izanak piztu du interes tasen jaitsierari buruzko eztabaida. Azaroan, %2,4an kokatu zen, EBZren %2ko helburutik oso gertu. Epe laburrean berriro handituko dela ohartarazi du EBZk, baina «aldi baterako» baizik ez da izango. Faktore batek pisu handia izango du igoera horretan: iazko abenduan, Alemaniako Gobernuak bere gain hartu zuen energia fakturaren parte bat, eta aurten ez da halakorik egongo.

Azaroko datuak eztabaida bat piztu du analisten eta merkatuen artean: EBZk gaizki neurtu al du inflazioaren jaitsieraren bizkortasuna? Gaizki neurtu zuen inflazioa zenbat igoko zen —%10,6ra iritsi zen 2022ko urrian—, baina baita zenbat iraungo zuen ere: oso iragankorra izan behar zuena jada bi urte irauteko bidean dago. Orain akats bera egiten ari ote den eta ekonomia inolako beharrik gabe itotzen ari ote den, horixe da eztabaida. 

Eztabaida hori are gehiago puztu du atzo AEBetako Erreserba Federalak nahiko modu garbian iradoki izanak ez duela asko itxarongo interes tasak jaisten hasteko; %5,25ean daude han.

%3,719

Merkatuak hasi dira kontuan hartzen interes tasen mugimenduak beheranzkoak izan direla. Adibide esanguratsu bat Euriborrean ikusi da: urrian jo zuen goia, %4,16ko batezbestekoarekin, baina ordutik apaltzera egin du, eta gaur %3,719ra iritsi da, hau da, apirileko mailara. Horrek esan nahi du sei hilean behin eguneratzen diren hipotekak jaitsi egingo direla, ekainean %4,007 izan baitzen Euriborra. Urtean behin berritu beharrekoak, ordea, pixka bat garestituko dira, iazko abenduan %3,018an geratu baitzen.

Debate hori hoztu nahi izan du Christine Lagarde EBZko presidenteak, bankuaren kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan. «Ez dugu interes tasen jaitsiera eztabaidatu ere egin», ziurtatu du, eta inflazioaren aurkako borrokan irmo jarraitu behar dutela nabarmendu. «Lasaitzeko garaia al da? Hori galdetzen diogu geure buruari, eta erantzuna ezezkoa da».

Urriko bileran bezala, EBZren agiriak dio interes tasak «maila murriztaile batean» jarraituko dutela «beharrezkoa den denbora osoan». Denbora hori noiz arte luzatuko den, hori da galdera, eta Lagarderen hitzetatik uler daiteke ez dela urtarrileko eta martxoko bileretan izango.

Datuen zain

Lagardek oroitarazi du 2024ko lehen erdian iritsiko diren datuen zain dagoela erabaki bat hartzeko. Bi arlori eman die garrantzia, soldata igoerei eta enpresen irabaziei, uste baitu horien menpe dagoela inflazioak berriro gorantz egitea. EBZk askotan nabarmendu izan du soldata igoera handien arriskua, baina datuek diote azken urteetako inflazio handiaren gakoetako bat izan dela enpresek irabazi tarte oparoak eduki dituztela, sektore batzuetan bereziki. 

Enpresen irabazi tartea txikitzen ari dela aitortu du Lagardek, eta horrek isla izango du inflazio datu osoan, txikiagoa izango baita aurretik iragarritakoa baino. Batez beste %2,7ko inflazioa espero du 2024rako, %2,1ekoa 2025erako, eta %1,9koa 2026rako.

Hurrengo hilabeteotan inflazioa motelago jaitsiko dela iragarri du banku zentralak, egutegi efektuarengatik —iaz behera egin zuen nabarmen urtearen hasieran—, eta energiaren eta elikagaien prezioa jaisteko gobernuek hartutako neurri batzuk amaitu egingo direlako. 

balantzea arinduko du

2015. urtean, EBZ zor publikoa eta pribatua erosten hasi zen APP programaren bidez, ekonomia bultzatzeko eta, zeharka bazen ere, euroguneko estatu ahulenak finantzatzen laguntzeko. 2020an antzeko beste programa bat jarri zuen indarrean (PEPP), pandemiaren kalteei aurre egiteko. APPren bitartez erositako zorra gutxika bere balantzetik ateratzen ari da EBZ, eta 2024ko bigarren erditik aurrera gauza bera egingo du PEPP programaren bitartez erositako 1,7 bilioi euroekin. Hori bai, Lagardek ohartarazi du esku hartzeko prest daudela ikusten badute estatu batek arazoak dituela bere burua finantzatzeko —interes handiegiak eskatzen dizkiotelako—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.