Koronabirusa

EBZk ez dio men egingo Alemaniako Auzitegi Konstituzionalari

«Erakunde independente bat gara, eta gure agindua bete behar dugu, zirkinik egin gabe», erantzun die Christine Lagarde EBZko buruak

Europako Banku Zentraleko egoitza, Frankfurten. RONALD WITTEK / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Epai bakar batekin, Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak kolokan jarri ditu Europako Banku Zentralaren independentzia eta Europako Justizia Auzitegiaren agintea. Asteartean, Karlsruheko toga gorriko epaileek errieta egin zioten Europako auzitegiari, EBZren politika guztia onesteagatik, eta eskaera zehatz bat egin zioten banku zentralari: hiru hileko epean justifikatu behar dio zergatik aritu den estatuen zorra erosten PSPP programaren bitartez. Erantzuna oso erraz eman dezakeela uste dute EBZko kideek, baina, gaur-gaurkoz, ez dute eskaria betetzeko inolako asmorik, uste baitute ezin dietela men egin estatukide bateko auzitegi baten presioei.

Alemaniako Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenaren arrisku nagusia da EBZk bere burua mugatuta ikustea krisiari aurre egiteko eman beharreko erantzunetan. Hau da, ezein erabaki hartu baino lehen buruan izatea Alemaniako epaileek edo beste herrialde batekoek gustuko izango duten ala ez.

Halakorik ez dela izango aditzera eman zuten atzo EBZko bi buru nagusiek. «Erakunde independente bat gara; Europako Legebiltzarrari kontuak ematen dizkiogu, eta gure agindua bete behar dugu. Beharrezkoa den guztia egingo dugu agindu hori betetzeko. Zirkinik egin gabe», azaldu zuen Christine Lagarde EBZko presidenteak.

Zorra erosteko programa espresuki defendatu zuen Luis de Guindos EBZko lehendakariordeak: «Eutsi egingo diogu beharrezkoa den guztia egiteko konpromisoari, eta indarrean jarriko ditugu merkatuen zatiketa eragozteko tresna guztiak; lehen defentsa lerroa zor subiranoen merkatua da».

Beste hitz batzuetan: EBZk jarraituko du herrialdeen zorra erosten, hartara zor horren interesak ez daitezen neurriz kanpo igo, eta Italiak, Espainiak, Greziak eta beste batzuek beren burua prezio onargarrietan finantzatzen jarraitzeko.

Bruselan egindako agerraldi telematikoan, De Guindosek izkin egin zion kazetari guztiek jakin nahi zuten galderari: zer erantzungo du EBZk? Baina zeharka iradoki zuen ez duela uste Alemaniako auzitegi bati kontuak eman behar dizkiotenik. Nabarmendu zuen Europako Justizia Auzitegiaren jurisdikzioa duela bete beharrekoa —hark onartu zuen zorraren erosketa—.

«Argudio barregarriak»

EBZko buruzagitzako beste kide batzuek argiago hitz egin dute, baina izenik eman gabe. «Auzitegiaren argudioak barregarriak dira, eta bost minutuan erantzun genitzake, baina ez genuke egin behar», adierazi dio haietako batek Financial Times-egunkariari. «Zein da arriskua erantzunez gero? Interes tasak igotzeko unea iristen denean, beste herrialde bateko auzitegi batek erronka botako digu; orduan, zer?», beste batek.

Gauzak horrela, indarra hartzen ari da aukera hau: Alemaniako banku zentralari egokitzea bere auzitegi konstituzionalari erantzutea. Paradoxikoa izango litzateke, Bundesbankeko presidente Jens Weidmann baita zorra erosteko programen kritiko nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.