Ekonomia

EBZk espero zen baino gehiago igo ditu interes tasak: %0,50

Tasak igotzea erabakiko zuela iragarria zuen erakundeak, baina 0,25 puntuko igoera izango zela uste zuten gehienek. Banku zentralak TPI mekanismoa onartu du, herrialde batzuen arrisku sariak neurririk gabe igo ez daitezen.

Christine Lagarde EBZk presidentea, gaur. RONALD WITTEK / EFE
xabier martin
2022ko uztailaren 21a
14:29
Entzun

Inflazio neurrigabeari aurre egiteko, interes tasak igo ditu EBZ Europako Banku Zentralak, baina ez %0,25 analista gehienek uste zuten moduan, baizik eta %0,50. Kolpe bakar batean hainbeste igotzearen alde egiteak erakusten du zenbaterainokoa den euroguneko ekonomiak hartu duen inflazioaren birusaren arriskua. Ekainean, %8,6koa izan da inflazio hori eurogunean, eta 0,25 puntu ez baina 0,50 igotzea beharrezkoa dela erabaki du EBZk. 22 urte igaro dira hainbeste igo zuen azken alditik. Gordailuen tasa ere 0,50 puntu igo ditu, eta %0,75ean geratu da erreferentzia.

Horrela, Frankfurteko erakundeak agur esan dio zero tasako aro luzeari: 2016tik egon dira tasak %0an, eta 2014ko udatik tasa negatiboan egon dira gordailuei dagokienez. Baina diru merkearenak egin duela esan daiteke, aurrerantzean aldaketa nabarmenak izango baitira finantzaketaren alorrean, hala gobernuentzat nola pribatuentzat. Gobernu kontseiluan, belatzen tesia gailendu da, nahiz eta Christine Lagarde presidenteak berak erabakia «aho batez» hartu dutela zehaztu duen. Ekonomiak duen sukarra hozteko dosi handiaren alde egin du banku zentralak, edonola ere. Lagardek badaki, ordea, tentu handiz erreparatu beharko diotela orain interes tasen igoera handi horrek duen eboluzioari, gauza bat baita ekonomia moltetzea eta bestea atzeraldi bati ateak parez pare zabaltzea.

Eztabaida bizia dago eurogunean inflazioari aurre egiteko hartu behar diren neurrien inguruan, estatu batzuek besteek baino egoera askoz hobea dutelako kontu publikoei begira, eta, ondorioz, finantzaketari begira ere bai. AEBetan egindako interes tasen igoera handiak —ekainean %0,75 igo zituen— hango ekonomia gehiegi hoztu duelako ustea azkar hedatzen ari da, eta atzeraldiaren atariari buruz hitz egiten ari dira asko. Gainera, argi dago Europako inflazioaren jatorrizko arrazoia energia krisia dela, ekonomiaren beroketa klasiko batetik harago. Horregatik, interes tasak kolpe bakar batean %0,50 igotzea ez dute gustura hartuko zor publikoak itota bizi diren estatuak.

Arrisku sariak baretzeko tresna

Herrialde batzuek merkatuetan izan dezaketen arriskuaren jakitun, EBZk mekanismo bat onartu du arrisku sariak neurririk gabe igo ez daitezen herrialde horietan. TPI (Transmission Protection Instrument) da onartutako tresna hori, haustura bat egon ez dadin herrialdeen arrisku sarien artean. «Mekanismo hau beharrezkoa da diru politika eraginkorra izan dadin», azaldu du EBZk, ohar batean. Diru politikaren Trasmisioa Babesteko Tresnaren bidez erosiko den zorraren bolumena «diru politika eraginkorra izateko dauden arriskuen araberakoa» izango da. Hau da, herrialde batzuen arrisku sariak zenbat igo daitezkeen, horren araberako erantzuna emango du EBZk TPIrekin, sariak jaisteko.

Edonola ere, erakundeak ez du ezkutatu erabaki garrantzitsua hartu duela 0,50 puntuko igoerarekin: «Neurri garrantzitsuak hartu ditu Gobernu Kontseiluak, inflazioa %2ko helburuan koka dadin epe ertainera». Eta ez du baztertu luze gabe interes tasak berriro igotzea: «Kontseiluaren hurrengo bilkuretan egokia izango da interes tasen beste normalizazio bat egitea». Aurrerantzean EBZk egiten duen bilkura bakoitzean doikuntzak egiteko aukera zabaldu da, beraz. Aro berri batean sartu da banku zentrala, eta inflazioaren arabera jokatu du Franfurtek.

Euroguneko zor publikoa BPGaren %95,6an kokatu da, zertxobait jaitsita, baina barne produktu gordina igo delako, eta ez zorraren bolumena apaldu delako. Zor publiko handienak dituzten herrialdeak hauek dira: Grezia (%189,3), Italia (%152,6), Portugal (%127), Espainia (%117,7) eta Frantzia (%114). Interes tasak %0,50 igotzeak ekarriko duen finantzaketa aro berrian, adi begiratu beharko du EBZk nola doazen herrialde horien arrisku sariak. Hurrengo bilkura irailaren 8an egingo du.

Euriborra eta Euroaren kotizazioa

Europako Banku Zentralak interes tasa ofizialak igo izanak gora eramango du euriborra berriro, hipoteka maileguak egiteko erreferentzia nagusia. Tasak igoko zituela iragartze hutsak zeropetik atera zuen herritarrei zuzenean eragiten dien interes nagusia, apirilean. Sei urtez zero azpitik egon ondoren, positiboa da berriro euriborra apirilaren 12az geroztik, eta goranzko joeran dago. Gaurkoa berri ona da bankuentzat —kexu dira interes tasa apalen ondoren beren negozio arruntak ez duela etekin handirik ematen—, baina txarra maileguak ordaindu behar dituzten herritarrentzat eta enpresentzat, fakturak igo baitzaizkie azken asteetan. EBZren tasen igoera handiak goranzko joera areagotuko duela aurreikus daiteke. Uztaileko batezbestekoa %0,943 da jadanik.

Banku zentralaren igoerak gora eraman du euroa, neurria iragarri eta berehala. 1,0261 dolarren truke aldatu da (+%0,9). Billete berdearekin izan duen parekidetasuna atzean utzi du azken egunetan Europako diruak, EBZk interes tasak %0,50 igotzea aztertuko zuela jakite hutsak %2 igotzera eraman baitu azken astean. Baina, gero, behera egin du berriro, eta 1,0163 dolarren truke aldatzen hasi da.

Gaurko iragarpenak izan ditu beste ondorio batzuk ere. Hamar urterako Italiaren bonoa %3,672ra iritsi da, Alemaniako bunda baino 232 puntu gehiago. Italiaren egoera politiko ezegonkorra (Mario Draghiren dimisioa tarteko) beste kezka bat da EBZrentzat eta Europako Batasun osoarentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.