EBZk denbora gehiago hartu du interes tasak jaisteko

Aurretik uste zuen baino gehiago jaitsiko da inflazioa aurten, %2,3raino, baina hazkunde ekonomikoa ere apalagoa izango da. Lagardek iradoki du ekainera arte itxarongo dutela mugimenduak egiteko.

EBZren dorrea, Frankfurten. ROLAND WITTEK / EFE
EBZren dorrea, Frankfurten. ROLAND WITTEK / EFE
Iker Aranburu.
2024ko martxoaren 7a
15:05
Entzun

Ustekaberik ez da izan Frankfurten. Inflazio aurreikuspenak txikitu egin dituen arren, EBZ Europako Banku Zentraleko kontseiluak erabaki du aldaketarik ez egitea interes tasetan, eta apirilaren 11ko edo ekainaren 6ko bilera arte itxaron beharko da mugimenduak ikusteko. Bigarren aukera horrek du oraintxe indar handien, EBZk berretsi baitu «datu gehiago»  behar dituela erabaki bat hartzeko eta datu horietako batzuk ekainerako izango dituela.

«Bide onean goaz gure inflazio helburua lortzeko, eta konfiantza handiagoa daukagu orain. Baina ez gara erabat fio. Datu gehiago behar ditugu. Pixka bat gehiago jakingo dugu apirilean, baina askoz gehiago ekainean», esan du Christine Lagarde EBZko buruak. Adierazpen horrekin sendotu egin du interes tasen lehen jaitsiera ez dela ekainera arte iritsiko dioen ustea.

Batez ere soldaten bilakaerari buruzko datuen zain dago banku zentrala. Azkenaldian, soldaten igoera erritmoa apaltzen hasi da, eta hori ontzat jo du EBZk; izan ere, haien bilakaerak zeresan handia du zerbitzu sektorearen inflazioan; horietan langile asko aritzen direnez, lan kostuek pisu handia dutelako. Zerbitzuen inflazioa izan da, hain zuzen ere, azkenaldian gutxien jaitsi dena: urtarrilean %4 zen, eta otsailean, berriz, %3,9. Lagardek nabarmendu nahi izan du ez dutela nahi soldatak jaistea.

Soldatak izan beharrean, enpresen irabazi tarteak izan dira hainbat hilabetez inflazioaren bultzatzaile nagusiak, baina azkenaldian ez da halako joerarik antzematen. Are gehiago, esan du oro har soldaten igoera mozkinen marjinaren kontura gertatzen ari dela.

Aurreikuspenak, behera

Inflazioa %2,6ra jaitsi zen otsailean eurogunean, analistek espero zutenaren azpitik. EBZk espero du urteak aurrera egin ahala gehiago apaltzea. Gaur berritu ditu aurreikuspenak, eta banku zentralak esan du batez beste %2,3ko inflazioa izango dela, abenduko bileran aipatu baino lau hamarren gutxiago. 2025ean iritsiko litzateke berak gustuko duen %2ko mailara, eta 2026an are gehiago jaitsiko litzateke: %1,9ra.

Interes tasa handi horiek jarduera ekonomikoa moteltzen ari dira, eta, ondorioz, hazkunde iragarpenak ere apaldu ditu EBZk: %0,6 aurten —abenduan baino 0,2 gutxiago—.

Lagardek onartu du ekonomia «ahul» dabilela, eta, esan duenez, kontsumo motelaren eta esportazioen jaitsieraren ondorio da. Hala ere, hurrengo hilabeteetan hazkundea bizkortzea espero du, soldatak oro har inflazioaren gainetik handituko direnez kontsumoa ere handitzea espero duelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.