EBZk ekainerako utzi du interes tasen jaitsiera

Inflazioa jaisten ari bada ere eta ekonomia ia izoztuta izan arren, interes tasak %4,5ean uztea erabaki du gaur.

Christine Lagarde EBZko lehendakaria, gaur, Frankfurten. ROLAND WITTEK / EFE
Christine Lagarde EBZko lehendakaria, gaur, Frankfurten. ROLAND WITTEK / EFE
Iker Aranburu.
2024ko apirilaren 11
16:30
Entzun

Suspense handirik gabeko bilera egin dute gaur Frankfurten EBZ Europako Banku Zentraleko kontseiluko kideek. Espero bezala, ez dituzte interes tasak jaitsi, baina lehen aldiz modu garbian esan dute ekainean hori egiteko prest daudela.

Urrats hori egiteko baldintzak hiru dira: inflazioaren beheranzko joera sendotzea, soldaten igoera erritmoa moteltzen jarraitzea, eta enpresen mozkinek irenstea soldaten handitzearen zati handiago bat. Dagoeneko hori gertatzen ari dela uste du banku zentralak, baina hurrengo asteetan jasoko dituen datuek bere «konfiantza» handituko dutela espero du.

Christine Lagarde EBZko presidenteak onartu du «kide gutxi batzuek» gaurko bileran hasi nahi zutela interes tasak jaisten, uste zutelako bankuak bere esku dituen datuak nahikoak direla ziurtatzeko inflazioa bide onean doala, hau da, %2ko bidean. Baina, azkenean, «gehiengo handiaren iritzia» nagusitu dela azaldu du Lagardek, eta beste bi hilabete itxarotea onartu dutela —EBZ ekainaren 6an elkartuko da berriz diru politikaz hitz egiteko—.

Baina EBZko usoen eskaeraren atzean ez zegoen hainbeste orain tasak jaisteko aukera. Borroka hori galdua zutela bazekiten azken asteetan apirilaren alde apustu egindakoek —haien artean, François Villeroy de Galhau Frantziako Bankuko gobernadorea—, baina orain presio egiteak lagundu ziezaiekeen tasen jaitsiera erritmoa bizkortzen, eta uztailean beste jaitsiera bat lortzen. Haien argudioa da tasa handiek lortu dutela inflazioa itotzea, eta orain garaia dela beste datu makroekonomikoei ere begiratzeko: euroguneak ozta-ozta egin dio izkin atzeraldiari, langabeziak jaisteari utzi dio, zorren faktura handitu zaie familiei, enpresei eta estatuei beraiei, eta beste kontuetarako dirua urritu diete.

AEBetara begira

Usoen bide orrian, ordea, beste oztopo bat azaldu da: AEBetako inflazioa. Izan ere, atzo jakinarazitako azken datuen arabera, martxoan hiru hamarren egin zuen gora, %3,5eraino. Horren ondorioz, baliteke AEBetako Erreserba Federalak denbora gehiago hartzea bere interes tasak jaisteko eta, gainera, polikiago egiteko. Atlantikoaren beste aldean gertatzen denak eurogunearen diru politika baldintzatuko al duen galdetu diote kazetariek Lagarderi, eta ezetz esan du —«datuen menpe gaude, ez erreserba federalaren menpe»—, baina onartu du han gertatzen dena beti dela kontuan hartu beharreko faktore bat. Izan ere, EBZk aurrea hartuz gero, baliteke euroak indarra galtzea dolarrarekin alderatuta, eta faktore horrek inflazioa handitu dezake.

Merkatuen arabera, AEBetako azken datuek ez dute eragotziko interes tasak jaisten hastea, baina bai, ordea, jaitsieraren erritmoa moteltzea. Abenduan, analistek apustu egiten zuten EBZk aurten tasak 1,75 puntu jaitsiko zituela, baina orain iritzi nagusia da 0,75 puntu jaitsiko dituela. 2023ko irailaz geroztik, %4,5ean dago interes tasa ofiziala, eta %4an gordailuen interes tasa —bankuei ordaintzen diena, dirua EBZn gordetzeagatik—.

%3,729

Euriborra nola doan ez dakiela dabil. Martxoan igoera txiki bat izan zuen —batez beste %3,718  izan zen—, baina hilabete horretako azken egunetan apaltzen hasi zen. Azken egunotan berriro egin du gora, ordea, eta gaur %3,729an itxi du.

AEBetan martxoan zer gertatu den ikusita, Lagardek nabarmendu nahi izan du eurogunean ere gerta daitekeela hilabete batzuetan inflazioa igotzea. «Inflazioaren apaltzean gorabeherak izango dira, ez da lineala izango», esan du, eta EBZren aurreikuspena gogorarazi du: %2ko inflazio helburua ez da 2025 erdialderako sendotuko. 

Horretarako beharrezkoa izango da gaur egun prezioen igoerari tira egiten dioten atal batzuek indarra galtzea. Martxoan, euroguneko inflazioa %2,4raino jaitsi zen. Baina datu horrek berak baditu argi-ilunak: argia da elikagaien garestitzea indarra galtzen ari dela, eta iluna, berriz, zerbitzuen inflazioa tinko dagoela oraindik ere, %4an. Horri garrantzi handia eman dio orain arte EBZk, bere tesia indartzen duelako, hots, inflazioa oso errotuta dagoela eta %2ra iristeko azken urratsa izango dela zailena. Soldaten igoerarekin lotu du zerbitzuen inflazioa, eta horregatik esan du soldatei buruzko datu eguneratuen zain dagoela interes tasak jaisten hasteko. Hori bai, Lagardek argi utzi du ez dutela itxarongo «elementu guztiak %2an egon arte» diruaren prezioa jaisteko. 

Bankuak Maileguak errazten ari dira

Interes tasa handiek bere helburua bete dute: mailegu kopurua gutxitzea eta horrela ekonomia hoztea. Baina joera aldaketaren lehen zantzuak agertu dira. EBZk euroguneko 157 bankuen artean egindako inkestak erakusten du etxebizitzak erosteko maileguen baldintzak biguntzen hasi direla. Ez da halakorik gertatu 2021eko azken hiruhilekoaz geroztik. Bi argudio eman dituzte bankuek beren baldintzak errazteko: lehiari aurre egitea eta arriskua hartzeko aukera izatea. Eskariari dagokionez, bankuek nabarmendu dute enpresena nabarmen txikitu dela, eta hipotekena, berriz, pixka bat. Kontsumorako maileguetan ez dute aldaketa handirik antzeman. Hurrengo hiruhilekoetarako, enpresen eskariak jaisten jarraitzea eta hipotekena handitzea espero dute. Azkenaldian maileguen kopurua jaitsi egin den arren, interes tasa handien eskutik bankuek irabazi oparoak izan dituzte azken urte eta erdian, baina aurtengo bigarren erdian haien irabazi tartea txikituko dutelakoan daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.