EBZk berretsi du ez duela presarik interes tasak jaisteko

Interes tasak bere horretan utzi ditu Europako Banku Zentralak, eta azaldu du soldaten bilakaera ikusi arte ez duela mugimendurik egiteko asmorik.

Europako Banku Zentrala
Europako Banku Zentralaren egoitza, gaur, Frankfurten. ROLAND WITTEK / EFE
Iker Aranburu.
2024ko urtarrilaren 25a
16:10
Entzun

Luzea izango da ekainera arteko bidea. Luzea Europako Banku Zentralarentzat, finantza munduko erakundeentzat, eta, batez ere, azken bi horien erabakien ondorioz maileguak eskatu eta ordaindu behar dituzten herritarrentzat, enpresentzat eta beste taldeentzat. Izan ere, joan den astean aurreratu zuena berretsi du gaur Christine Lagarde EBZko presidenteak: soldata igoerei buruzko datuen zain daude interes tasa ofizialak jaisteko, eta, horiek apirilaren amaieran iritsiko direnez, oso litekeena da lehen mugimenduak ekainaren 6ko bileran gertatzea.

2022ko uztailean hasi zen EBZ interes tasak igotzen,  eta 2023ko irailera arte hala egin zuen bere kontseilua diru politika erabakitzeko bildu zen bakoitzean. Orduz geroztik, ez da aldaketarik izan, eta gaurko bileran ere ez: %4,5ean ematen dizkie maileguak bankuei, eta %4 ematen die gordailuen truke. Banku zentralak baieztatu duenez, ez du kopuru horietan aldaketarik egiteko asmorik egiaztatu arte inflazioa %2ko mailara «modu sendoan» hurbilduko dela. Lagarderen arabera, gaurko bileran «adostasuna egon da esateko goiz dela tasak jaisteko».

Presioak

Lehenago mugitzeko presio ugari izango ditu EBZk hurrengo hilabeteotan. Batetik, AEBetako Erreserba Federalaren asmoa da udaberrian tasak jaisten hastea. Bestetik, ekonomiari galga kentzeko presio soziala eta politikoa gerta daiteke. Izan ere, interes tasa handiak lortzen ari dira beren helburua: maileguak garestitzea eta gutxitzea, eta, horren ondorioz, ekonomia hoztea eta inflazioa apaltzea. Datorren asteartean jakinaraziko du Eurostatek 2023ko azken hiruhilekoko barne produktu gordinaren datu aurreratua, eta espero da esatea ekonomia pixka bat txikitu dela edo ez dela batere hazi. 2023ko hirugarren hiruhilekoan hamarren bat uzkurtu zenez, laugarrenean gauza bera egiteak esan nahiko luke eurogunea ofizialki atzeraldian dagoela.

Inflazioa ere asko txikitu da azken urtean. Iazko urrian jo zuen goia, %10,6arekin, baina abenduan %2,9raino jaitsi zen.

%3,614

EBZk uda arte diru politikan aldaketarik ez duela egingo baieztatu izanak seko eten du Euriborraren jaitsiera. %3,5ean ere egon zen, baina azken egunotan gora egin du, eta gaur %3,662an kokatu da. Hilabetea amaitzeko astebete falta dela, batezbestekoa %3,614 da. Horrek esan nahi du urtarrileko datuarekin hipoteka berritu behar dutenek gehiago ordainduko dutela datozen hilabeteetan beren kuotak urtean behin egokitzen badira —iazko urtarrilean %3,337 izan zen—, eta gutxiago sei hilean behin eguneratzen badira —%4,149 iazko uztailean—.

Ekainera arte ez mugitzeko arrazoien artean dago apirilaren amaieran iritsiko direla lehen hiruhilekoko soldaten bilakaerari buruzko datuak. Lagardek zehaztu duenez, euroguneko langileen %40ren sariei buruzko datuak izango dituzte. Langabeziak maila apalean jarraitzen duenez (%6,4), sindikatuek indar handiagoa izango dute eskatzeko soldatek inflazio handiaren garaian galdutakoa berreskuratzeko. 2023ko hirugarren hiruhilekoan %5,3 handitzen ari ziren, urtebete lehenago baino nabarmen gehiago (%2,2).

Hori gertatuko balitz, enpresek beren prezioak igo eta inflazioak berriro goranzko bidea har dezakeen beldur da EBZ, eta hortik datorkio zuhurtzia. Enpresek beren irabazi tarteei eutsi nahi izatea izan da, hain zuzen ere, inflazioa EBZk uste baino gehiago handitu izanaren arrazoietako bat.

Edonola ere, EBZko buruak onartu du oraingoz ikusten dutenarekin pozik daudela. «[Soldatak] Pixka bat gutxiago handitzen ari dira, eta geure itxaropena da enpresen mozkinak gai izango direla soldaten igoera beretzeko; hori ari da gertatzen».

EBz-ko langileak ez daude gustura lagarderekin

Kanpoan uso eta etxean otso. Esaera zaharraren biktima da Christine Lagarde. Lau urte egin ditu frantziarrak EBZko lehendakaritzan, eta uste zabaldua da gai izan dela bankuaren mezua txukun zabaltzeko. Baina uste horrek jarraitzaile gutxi ditu banku zentralaren egituran bertan. Hango langile gehienak ordezkatzen dituen sindikatuak, Ipsok, galdeketa egin du Lagarderen lanari buruz, eta emaitza kaskarrak lortu ditu: EBZko 5.000 langileetatik 1.159k erantzun zuten, eta horien erdiek baino gehiagok esan dute Lagarderen lana «eskasa» edo «oso eskasa» izan dela. Halako balorazio txarrik ez dute izan Lagarderen aurrekoek, Jean Claude Trichetek eta Mario Draghik. Politikari buruz asko hitz egiten duela —Donald Trump kritikatu berri du—  eta ekonomista prestakuntzarik ez duela aurpegiratu diote, besteak beste. 

EBZk auzitan jarri du galdeketaren sinesgarritasuna, eta ziurtatu dute komentarioen atzetik matxismoa eta lan baldintzei buruzko haserrea dagoela —soldata inflazioa baino askoz gutxiago igo diete—. Lagardek berak sua bota izan dio haserreari, joan den astean ekonomisten «tribukeria» salatu zuelako. Gaurko bileran, baina, goretsi egin ditu EBZko «langile talentudunak», eta azpimarratu du haien %80k esaten dutela pozik daudela EBZn lan egitearekin. «Garrantzi gabekoa naiz ni».  

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.