Diru politika

EBZk %2ra igo ditu interes tasak

Inflazioa apaldu nahian, diruaren prezioa garestitu eta garestitu ari da Europako Banku Zentrala. Gainera, esan du igoera gehiago etorriko direla; horrek kredituak eta hipoteka maileguak zurruntzea eragingo du.

Christine Lagarde gaur Frankfurten. RONALD WITTEK / EFE
Irune Lasa.
2022ko urriaren 27a
14:39
Entzun

Ustekabekorik ez du eman Europako Banku Zentralak gaur, eta inflazio handia makurrarazteko dirua garestitzen jarraitzea erabaki du, nahiz eta jakin diru politika zurrunagoek atzeraldia bultza dezaketela eurogunean, zeina energia krisian baitago.

EBZk 0,75 puntu igo ditu interes tasak, %2raino. 2009. urteaz geroztik, ez ziren iritsiak %2ra.

Ez da erabaki erraza izan. EBZk eurogunearen %9,9ko inflazioa dauka, batetik, bankuak epe ertainerako ezarrita daukan %2ko inflazioa halako bost. Eta tasa «handiegiek» ekonomiari kalte egiten diotela dioten agintari politikoak dauzka bestetik, hala nola Giorgia Meloni Italiako lehen ministroa eta Emmanuel Macron bera, Frantziako presidentea.

Edonola ere, banku zentralak interes tasak igotzen jarraitzea hobetsi du –hirugarren igoera du gaurkoa–, eta oraindik igoera gehiago etorriko direla ere iragarri du bere oharrean. Analistek jada ziurtzat jotzen dute EBZk %2,5era igoko dituela tasak abenduan.

«Inflazioa oso altu dago oraindik ere, eta luzaroan jarraituko du [%2ko] helburuaren gainetik», azaldu du Christine Lagarde EBZko lehendakariak. Ekonomiaren bilakaeraren inguruan ere ezkor agertu da. «Hirugarren hiruhilekoan, eurogunearen jarduera ekonomikoa modu esanguratsuan geldotu da; urte honen bukaeran eta hurrengoaren hasieran, are gehiago ahulduko da, eta handitu egingo da atzeraldiaren arriskua». EBZko buruak uste du balitekeela langabezia igotzea.

Edonola ere, haren ustez «ez gaude agertokirik okerrenean», eta azpimarratu du lehengaien prezioak merkatu egin direla.

Panorama horrekin, eta aldi berean inflazioa ez areagotzeko, Lagarderen ustez, euroguneko gobernuen laguntzek «mugatuak eta behin-behinekoak» izan behar dute energia krisiari aurre egiteko, «herritar kalteberenei zuzenduak».

Bitartean, Europako Banku Zentralak «bileraz bilera» erabakiko du bere diru politika. Hitz horiek irakurrita, analistek ulertu dute interes tasak agian ez direla hainbeste igoko, batez ere hurrengo urtearen hasieran.

Likidezia

Beste bi aldaketa handi ere erabaki ditu EBZk gaur Frankfurten. Gordailuen tasan ere beste 0,75 puntuko igoera egin du, tasa %1,5era igoz. Azken urteetan, negatiboan egon izan da tasa hori, bankuek ez zezaten bilatu etekinik sobran zuten dirua EBZren gordailuetan edukitzeagatik, eta maileguak emateko erabil zezaten. Orain, kontrakoa nahi du EBZk. Irailean, gordailuen tasa %0,75era igo zuen banku zentralak, eta, beraz, jarraian egindako bigarren igoera da gaurkoa.

Hala ere, eta bankuen etekinei lotuta zuzenean, likidezia izan da gaur Frankfurten hizpidera ekarri duten gairik arantzatsuena. Zer egin behar zuen EBZk LTRO tresnarekin? Bankuei likideziagatik mailegu izugarri merkeen bidez egindako aparteko ordainketak apaltzera ausartuko ote zen?

Izan ere, banku zentrala tasak igotzen hasi den honetan, espero gabeko diru iturri bat topatu dute bankuek aparteko diru horretan, eta ez nolanahikoa. 20.000 milioi euroko etekinak sor zitezkeen, diru hori EBZren kontuetan jarrita. Baina, horrez gain, EBZrentzat ez zuen zentzu handirik baldintza horiekin jarraitzeak, kontuan hartuta likidezia sustatzen, beste eskuarekin interes tasak igotzen eta likidezia zurruntzen ari dela.

Azkenean, EBZk erabaki du interes tasa bat ezartzea LTRO III tresnari, hots, duela bi urte eskainitako baldintzak aldatzea bankuei, nahiz eta horrek arazoren bat sor diezaiokeen bankuekin segurtasun juridikoaren aldetik.

Lagardek argudiatu du erabakia: «Diru-politika arrazoiengatik hartu dugu erabakia. LTRO III pandemiarekin sortu genuen, kredituak bultzatu nahi genituelako. Eta, orain, inflazio handiarekin helburuak aldatu egin dira erabat; egoera aldatu egin da, eta baldintzak aldatu egin ditugu, gure diru politikaren transmisioa ziurtatu beharra daukagulako».

EBZko presidenteak ez die erantzun bankuen irabaziei buruzko galderei. «Gure arrazoi bakarra izan da diru politikaren transmisioa; ahalik eta transmisio onena nahi dugu, eta horregatik aldatu ditugu duela bi urte jarritako baldintza erakargarriak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.