Donald Trump dosi bat nahikoa izan da zalantzak uxatzeko. Duda-mudan zegoen EBZ Europako Banku Zentrala gaurko bilerari begira: zer egin, interes tasei eutsi edo beste koska bat jaitsi? Azken horren aldeko hautua egin du banku zentralak, AEBetako presidenteak abian jarritako merkataritza gerrak ezkortasuna hedatu duelako, eta horrek kostu bat izango duela uste duelako.
Etxe Zuriko maizterraren ateraldiek testuingurua aldatu dute, baita EBZrentzat ere. Alemaniak azpiegituretan inbertsio erraldoiak egingo zituela iragartzeak eta armagintzarako gastua handitzeak eskaera ugalduko zutela uste zen otsailaren hondarrean, baina orain eskaera murriztea da banku zentralak aurre egin beharreko arazoa. Inflazioa, gainera, ez da hainbesteko kezka; urratsez urrats jaisten ari da —%2,2 martxoan, lehen estimazioaren arabera—, eta EBZ maila horretan «egonkortuko» delakoan dago. Gainera, banku zentralaren kezketako bat —soldata igoerek inflazioa eragitea— ez da gauzatzen ari, soldaten igoera indarra galtzen ari delako eta enpresen mozkinak bere gain hartzen ari direlako kostu horren zati bat.
Horiek horrela, EBZk beste puntu laurden bat jaitsi ditu bere interes tasak, eta %2,25ean geratu da banku zentralaren erreferentziazko tasa, gordailuena. Christine Lagarde EBZko presidenteak aitortu du duela gutxi arte kontseiluko kide batzuek gaurko bileran eten bat egin nahi zutela interes tasen jaitsieran, baina iritzi hori aldatu dute azken asteetako gertaerek. Horrela, interes tasak puntu laurden jaisteko erabakia «aho batez» hartu dute, eta, eztabaida izan den arren —«beti eztabaidatzen dugu»—, inork ez du proposatu 0,5 jaistea.
EBZren agiriak esaten du merkataritza gerrak egoera ekonomikoa aldatu duela. «Euroguneko ekonomiak erresilientziaz erantzun die shock globalei, baina hazkunde aurreikuspenak okerrera egin du, merkataritzan tentsioak handitzen ari direlako. Ziurgabetasun handiagoak ziur aski berekin ekarriko du familien eta enpresen konfiantza txikitzea, eta merkataritza tentsioei merkatuak emandako kontrako erantzunak finantza baldintzak estutuko ditu. Horrek guztiak kalte egin diezaioke euroguneko jarduera ekonomikoari».
«Inork uste badu shockik gabeko mundu batean bizi garela, hobe luke bere burua aztertzera eramatea»CHRISTINE LAGARDEEBZko lehendakaria
Deskripzio biziagoekin eman du egoeraren berri Lagardek. «Neurrigabeko ziurgabetasun baten hodeiak» ikusten ditu ekonomian, eta dagoeneko hasi dira haren ondorioak ikusten: esportazioak jaisten ari dira, zer gertatuko den ez jakitea arriskuaren beldurra hedatzen ari da, «eta horrek berekin ekar dezake enpresek inbertsioak atzeratzea eta familiek gastua murriztea». Atzeraldia? Hitz hori dagoeneko hasi dira aipatzen AEBetan, baina ez, ordea, EBZren agirian eta Lagardek kazetarien galderei emandako erantzunetan.
Baina egoeraren seriotasunaren berri emateko, kazetariei mintzatu zaie: «Gela honetan inork uste badu shockik gabeko mundu batean bizi garela, hobe luke bere burua aztertzera eramatea».
Ekainean, gehiago
Kazetari horiek hurrengo bileretan gertatuko denaren arrastoak bilatu dituzte beren galderekin, baina erantzun garbi-garbirik ez dute jaso. Ikusita ez dagoela aurreratzerik Trumpek zer egingo duen muga zergekin, EBZk aukera guztiak zabalduta utzi nahi ditu. «Inoiz baino gehiago, jasotzen dituen datuen menpe gaude. Bileraz bilera joango gara». Ekainaren 6an bilduko da berriro banku zentraleko kontseilua, eta «prest eta bizkor» erantzungo dio orduko egoerari.
Lagarderen hitzak gorabehera, finantza merkatuen uste zabaldua da ekainean ere beste puntu laurden jaitsiko dituela interes tasak, %2raino, eta urtea bukatu baino lehen gehiago izango direla. Bilakaera hori jada ikusten da Euriborrean, %2,1era hurbiltzen ari da eta.
%2,1Euriborra. Interes tasa ofizialak jaisteko itxura izateak bizkorrago apalarazi du Euriborra. Azarotik martxora, hamarren bat ere ez zen jaitsi batezbestekoa, %2,506tik %2,398ra, baina apirileko bi aste zalapartatsu nahikoak izan dira beste bi hamarren kentzeko indize horri. %2,183 da batezbestekoa orain, eta hilabete amaieran txikiagoa izatea espero da. Beraz, ehunka euro aurreztuko dituzte Euriborrari lotutako maileguak orain berritu behar dituztenek.
Bada diruaren prezioa merkatzeko beste arrazoi bat: euroaren igoera etetea. Urtarrilaren 20an hartu zuen kargua Trumpek, euro batek 1,027 dolar balio zuen egun batean. Garai hartan, ustea zen AEBetako dirua eurogunekoaren gainetik geratuko zela berriro, AEBetako ekonomia sendoaren eskutik. Baina Trumpen politika oldarkorrek kontrako efektua eragin dute: dolarra ahuldu egin da, eta gaur 1,13 dolar balio du euro batek, %10 gehiago. Balio galera handia da hiru hilabeterako.
Arrazoietako bat da Trumpek hasitako merkataritza gerrak eta, oro har, politika ekonomiko ulertezinak kapitala urruntzen ari direla AEBetatik. Dirua beldurtia da, eta aurreikus daitezkeen gidaritza ekonomikoak eskertzen ditu; gauza arrarorik ez egitea, alegia. Ondorioz, inbertsiogileak AEBetako aktiboetatik ateratzen ari dira eurogunean inbertitzeko, eta horrek euroa sendotu du dolarraren aldean. Interes tasak gehiago jaisteak prozesu hori eten dezake.
Trumpek erreserba federaleko burua bota nahi du
Banku zentralek botere politikotik independente izan behar dutela esaten du Mendebaldeko azken hamarkadetako teoria ekonomikoak. Are gehiago, AEBetan legez hala izan behar duela dio herrialde hartako Auzitegi Gorenak 1935. urtean emandako ebazpen batek. Donald Trumpek, ordea, bere erara ulertzen du praktika hori. Bere lehen agintaldian sarri kritikatu zuen Jerome Powell Erreserba Federaleko burua, interes tasak ez jaisteagatik, eta gauza bera egin du gaur, Truth Social sare sozialean: «Petrolioaren eta janarien prezioa behera doa, arrautzena barne, eta AEBak muga zergekin aberasten ari dira. Too Late-k [Powellek] aspaldi jaitsi behar zituen interes tasak, EBZ egiten ari den moduan, baina gauza ziurra da orain jaitsi beharko lituzkeela. Powellen agintaldiak amaitu beharra du!». Trumpek berak izendatu zuen Powell, 2018an, eta haren agintaldia 2026ko maiatzean da bukatzekoa. Atzo, Fed-eko buruak esan zuen goizegi zela interes tasak jaisteko, Trumpek indarrean jarritako muga zergek inflazioaren gorakada ekar dezaketelako. Christine Lagarde EBZko buruak bere babesa adierazi dio Powelli, esanez «begirune» handia diola eta harekin «harreman sendoa» eraiki duela.