EBZk berriro jaitsi ditu interes tasak, baina esan du bide hori ezingo dela askorik luzatu

Banku zentralak hazkunde aurreikuspenak apaldu ditu, «ziurgabetasun izugarria» inbertsioak oztopatzen ari dela eta. Lagardek ez du aurreratu zer egingo duten hurrengo bileretan, «egoerari bizkor erantzuteko» aukera nahi dutelako.

Christine Lagarde EBZko presidentea, gaur, Franfurten. ROLAND WITTEK / EFE
Christine Lagarde EBZko presidentea, gaur, Franfurten. ROLAND WITTEK / EFE
Iker Aranburu.
2025eko martxoaren 6a
10:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Donald Trumpen bigarren agintaldiak hankaz gora jarri ditu Europako Batasunaren eta AEBen arteko harremanak, eta eurogunearen diru politika baldintzatzen hasi da. Gaurko bileran, EBZ Europako Banku Zentralak beste puntu laurden jaitsi ditu interes tasa ofizialak, %2,5eraino, baina Christine Lagardek aitortu du hurrengo urratsei buruzko zalantzak areagotu zaizkiela, giro politiko eta ekonomiko nahasiak zail egiten duelako ezer iragartzea.

«Ziurgabetasuna izugarria da, arriskuak edonon daude», esan du Lagardek. Ez du Trump aipatu ere egin, baina argi dago haren iragarpenei buruz ari zela —Ukraina laguntzeari eta Europa militarki babesteari uztea, merkataritza gerrak hastea...— . Izan ere, «merkataritza politikan eta, oro har, giro politikoan dagoen ziurgabetasuna» enpresen inbertsio erabakiak atzeratzen ari da, eta horrek esportazioak gutxituko dituela uste du EBZk. Hori dela eta, hazkunde iragarpenak apaldu ditu EBZk: %0,9ko hazkundea espero du 2025erako (%1,1 aurretik), eta %1,2koa 2026rako (%1,4).

Giro horretan, Lagardek nabarmendu du ez dutela aurreratu nahi zer egingo duten hurrengo bileretan. «Egoerari bizkor erantzuteko» aukera zabalik nahi dutela esan du, baina garbi utzi du interes tasak gehiago jaistea edo jaitsiera horietan eten bat egitea direla aukerak, eta ez interes tasak igotzea.

Interes tasak jaisteko zikloa iazko ekainean hasi zuen banku zentralak —%4an zegoen orduan gordailuen tasa, EBZren erreferentziazkoa—, eta orduz geroko zazpi bileretatik sei erabili ditu 0,25eko murrizketa txikiak egiteko. Bi gauzek erakusten dute ziklo hori ezingo dela askoz gehiago luzatu.

Batetik, EBZko kontseiluko kide batek, Austriako Roberto Holzmannek, abstentzioa hautatu du. Belatzen artean belatzena da Holzmann, hau da, inflazioaren aurkako borrokari erabateko lehentasuna ematen diola, horrek jarduera ekonomikoan izan dezakeen eraginari askorik erreparatu gabe. Beste belatzak hurrengo jaitsiera oztopatzen saia daitezkeela iradokitzen du haren botoak.

Bestetik, EBZk aldaketa bat egin du bere agirian, eta horri asko erreparatzen diote finantza merkatuetako eragileek. Azken hilabeteetan, EBZk esaten zuen interes tasak «murriztaileak» zirela, hau da, jarduera ekonomikoa murrizten zutela inflazioa jaitsi ahal izateko. Gaur onartutako testuak, berriz, aldaketa bat egin dio, eta zera dio orain: «Diru politika ez da hain murriztailea, interes tasen jaitsieraren ondorioz mailegatzea ez delako hain garestia enpresentzat eta familientzat, eta kredituak ugaritzen ari direlako».

Beste modu batera esanda, interes tasak maila neutro batera heltzen ari direla, hau da, ez dutela ekonomia murrizten, ezta sustatzen ere. EBZren teknikarien azterketak %1,75 eta %2,25 artean kokatu du maila neutro hori.

friedrich merz
CDUko eta SPDko kideak, Alemaniako koalizio gobernua osatzeko negoziazioan. GUIDO BERGMANN / BPA-EFE

Belatzen tesien aldera lerratu dira banku zentralaren aurreikuspen berriak. Orain uste du aurten batez beste %2,3koa izango dela inflazioa —%2,1 zioen aurretik—, eta 2026ra ez dela iritsiko gogoko duen mailara, %2ra. Ondoren, egonkor jarraitzea espero du —%1,9 2027an—. EBZk azaldu duenez, soldatak eta prezioak «atzerapen batekin ari dira egokitzen inflazioaren iraganeko igoerari», eta horrek behartu ditu iragarpenak aldatzera. Edonola ere, nabarmendu du soldaten igoera «espero bezala» ari dela indarra galtzen, eta enpresak irabaziak apalduz ari direla aurre egiten inflazioaren kolpeari.

Agian ekainean izango da hurrengoa

Aurten beste bi jaitsiera izango direlakoan dago Aitor Aranburu ekonomista, euroguneko ekonomiak dirua merkatzea eskertuko duela uste baitu. «Segur aski hurrengoa ekainean izango da, eta urte bukaeran bestea, abenduan edo». Hala balitz, urtearen amaieran %2an egongo litzateke interes tasa ofiziala, EBZk egokitzat jotzen duen inflazioaren mailan.

Beste faktore bat ere aipatu du Aranburuk: Trump. Haren iragarpenen, erabakien eta ondorengo zuzenketen zurrunbiloak ziurgabetasuna sortzen dute merkatuetan, eta hori ez da ona ekonomiarako, inbertsio erabakiak hankaz gora jartzen ditu eta. 

%2,448

Euriborra. Interes tasa ofizialen jaitsierari aurrea hartu zion iazko udan Euriborrak, eta orain egonkor dabil. Gaur %2,2448an geratu da, otsaileko batez bestekotik pixka bat gora. Maileguak martxoko datuekin berrikusi behar dituztenek kuota txikiagoak ordaindu beharko dituzte, duela sei hilabete %2,936an baitzegoen, eta %3,718an duela urtebete.

Baina Trumpek beste modu batera ere baldintzatzen ditu EBZren erabakiak: dibisen balioaren bidez. «Estatubatuarrei dolarra ahul egotea interesatzen zaie, muga zergen antzeko efektu bat dutelako; inportazioak garestitzen ditu, eta, hortaz, barne ekoizpena sustatzen. Dolarra indartsu badago, ordea, baliteke muga zergen efektua ezereztea».

Azken egunotan balioa galdu du dolarrak, baina behar baino gehiago ez galtzea interesatzen zaio euroguneari, askoz gehiago esportatzen baitu AEBetara handik erosten duena baino. Eurogunean interes tasak jaisteak erakargarriago egin beharko luke AEBetan inbertitzea, eta litekeena da horren ondorioz dolarra askorik ez ahultzea.

Finantzaketa kostuak, gora

Atlantikoaren beste aldetik iristen ari diren mezuak direla eta, gastu militarra handitzen ari dira euroguneko kideak, eta horrek eragina du finantza merkatuetan. Azken egunotan gora egin dute herrialdeen finantzaketa kostuek, garbi geratzen ari baita euroguneko estatuek zorraren bidea hartuko dutela gastu hori handitzeko.

Alemania dago lehen lerroan. Zor kontuetan herrialde zuhurra izan da orain arte, eta gehienek baino gutxiago ordaindu behar zuen zorpetzeko. Astearte iluntzean, ordea, Friedrich Merz kantzilergaiak iragarri zuen akordioa lortu zuela SPDrekin zorraren galga erreformatzeko, armetan eta azpiegituretan 900.000 milioi euroren inbertsioak zorraren bitartez finantzatu ahal izateko. Iragarpen horren ondorioz, asteazkenean 0,30 puntu egin zuen gora Alemaniaren hamar urteko zorraren errentagarritasunak. Igoerarik handiena izan da hori azken 30 urteetan, eta gaur beste koska bat egin du gora. Harekin batera igo da euroguneko beste herrialdeen zorraren prezioa. 

EBZk lasaitasun mezu bat bidali nahi izan du. «Egoera zainduko dugu», esan du Christine Lagardek, baina nabarmendu du zorpetze hori oraindik ez dela hasi, eta euroguneko herrialdeen artean ez dela tarte handirik zabaldu. 2010eko hamarkadako finantza krisiari eta COVID-19aren pandemiak eragindakoari zor publikoa erosiz egin zion aurre banku zentralak, baina oraingoz ez du ikusten bide hori hartzeko beharrik.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.