EBri pazientzia agortu zaio

EBk gaur arteko epea eman die Poloniari eta Hungariari aurrekontuen gaineko betoa alde batera uzteko. 'Brexit'-aren negoziazioa «hurrengo egunotan» itxi nahi du Johsonekin berarekin, Bruselan

Michel Barnier brexit-aren EBren negoziatzailea, atzo, Bruselan. JOHN THYS / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Buruko min franko eman dioten bi gairekin zirt edo zart egin nahi du Europako Batasunak ondoko egunotan. Gaur arteko epea eman die Poloniari eta Hungariari altxa dezaten EBren aurrekontu proiektuari jarritako betoa; egiten ez badute, B plan bat indarrean jarriko du Next Generation planaren 750.000 milioiak banatzeko —Varsovia eta Budapest kanpoan utzita, noski—. Eta «hurrengo egunotan» itxi nahi ditu brexit-ari buruzko negoziazioak Bruselak. Azken eguna bihar izan zitekeela aipatu zuen Michel Barnier EBko negoziatzaileak, baina «aurrez aurreko bilera bat» hitzartu zuten Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak.

NEXT GENERATION

Poloniari eta Hungariari ultimatum bat eman diete Europako Batasuneko gobernuek: EBren aurrekontu proiektuari jarritako betoa kendu behar dute, edo bestela aurrekontu hori lotuta dagoen suspertze plana, Next Generation, haiek gabe jarriko da indarrean. Denbora tarte laburra dute erantzuteko Varsoviako eta Budapesteko gobernuek, gaur arratsaldera arte.

Next Generation planaren bitartez, 750.000 milioi euro banatu nahi ditu EBk estatukideen artean, koronabirusaren krisiaren kalteei aurre egiteko, baina batez ere EBren etorkizuneko erronkei bultzada bat emateko, hala nola trantsizio energetikoari. Gutxi gorabehera, diruaren erdia maileguak izango dira, eta beste erdia, Bruselari itzuli beharko ez dizkioten transferentziak. Funts horren onuradun nagusien artean leudeke Polonia eta Hungaria, EBko estatu pobreenen artean daudelako, baina arrazoi politikoengatik blokeatzen dituzte. Izan ere, Varsoviako eta Budapesteko gobernuek estuago lotzeko klausula batekin doa funtsa: haren dirua nahi duenak ezingo du «zuzenbide estatua bortxatu».

Kontzeptu zabala da hori, eta ziur aski EBko kide gehienei lepora dakieke modu batera edo bestera legeak zintzoki ez betetzea, baina urteak daramatzate Viktor Orbanen Hungariak eta Mateusz Morawiwckiren Poloniak jarrera autoritarioekin eta talde zehatz batzuk jazartzen. Aurrekontuari betoa jarrita, ziurtatu nahi dute klausula hori urardotuko dutela, eta ez zaiela haiei ezarriko.

Baina orain hori egiteak, hainbat hilabeteko negoziazio neketsuen ondoren, beste kolpe bat emango lioke EBren sinesgarritasun zigortuari. Horregatik, B plan bat lantzen aritu da Europako Batzordea: suspertze funtsa osatu nahi du gainontzeko estatukideen babesarekin, eta EBren aurrekontuari lotu gabe. Proposamen horren arazoa da aurrekontuak blokeatuta jarraituko lukeela, eta 2014-2020 epekoa luzatu beharko lukeela EBk.

'BREXIT'-A

Suspertze planaren sorrera ez da erraza izan, baina ezer gutxi konparatuta EBk duen beste buruhauste nagusiarekin: brexit-a. Urtezaharreko kanpai hotsekin batera hautsiko da Erresuma Batua EBra lotuta mantendu duen haria, eta artean ez dago erabakita merkataritza itun batek ordezkatuko duen, ala brexit gogorrena gertatuko ote den, akordiorik gabekoa.

Azken aukera horrek indarra hartu zuen atzo Bruselan. Mezu ezkorrak zabaldu zituen Michel Barnier EBko negoziatzaileak, estatukideen ordezkariei esan baitzien akordioa ez zegoela ziurtatuta. Negoziazioak ixteko epe bat ere eman zuen, biharkoa, baina Londresek ez du bere egin.

Elkarrizketei azken aukera ematea hitzartu zuten larunbatean Von der Leyenek eta Johnsonek, baina asteburuko elkarrizketek ez zituzten hiru korapiloak askatu: zer arrantzatu ahal izango duten EBko arrantzaleek Eskoziako eta Ingalaterrako uretan? Londresek EBren antzeko lan, ingurumen eta estatu laguntzei buruzko arauak izango al ditu aurrerantzean ere? Nola konponduko dituzte desadostasunak?

Johnsonek eta Von der Leyenek berriro hitz egin zuten atzo arratsaldean, telefonoz. Agiri labur bateratu batean azaldu zutenez, beren negoziatzaileei eskatu diete desadostasunei buruzko txosten bana egiteko. Horien gainean negoziatuko dute, aurrez aurre, Bruselan, eta «hurrengo egunotan». Ondoren baieztatu zutenez, Johnson bera joango da EBren hiriburura Von der Leyenekin negoziatzera. Ostegunean eta ostiralean goi bilera dute han batasuneko gobernuburuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.