EBren funtsak industria energian laguntzeko eskatu ditu Irujok

Industria denez kontsumitzaile handiena, haren eraginkortasuna hobetzea lehentasuna dela esan du Tapiak. Soldaten auzian, «zentzuz jokatzeko» eta enpresaz enpresa egiteko eskatu dute

Arantxa Tapia eta Mikel Irujo, atzo, Altsasun. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Aranburu.
Altsasu
2022ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Euskal industriaren aurreikuspenei buruz hitz egitera gonbidatu zituzten Mikel Irujo eta Arantxa Tapia Sabino Arana fundazioak eta Irujo Etxeak, Altsasura (Nafarroa), atzo. Baina hasiera-hasieratik, hitzaldia eta eztabaida gai batera bideratu ziren, gaur egun industria ataka zailean jarri duen gaira hain zuzen ere: energia garestira. Biak ala biak kezkatuta azaldu ziren, eta Irujo Nafarroako Ekonomiaren Garapenerako kontseilariak eskaera zuzen bat egin zion Espainiako Gobernuari: Next Generation funtseko diruak industriari zuzentzeko, batez ere elektrointentsiboei, laguntza zuzenak emateko energia gastu eraginkorrago eta berriztagarriago bat egin dezaten.

Irujok gogorarazi zuen industriak Nafarroako BPGaren %31 ekartzen duela, eta hark egiten duela energia kontsumoaren %38 —merkataritzak %4, eta garraioak beste %37—. Beste zenbaki ikusgarri bat ere eman zuen; industriari energia eta hornidura gastuak bikoiztu egin zaizkio azken urtean. Horregatik, Nafarroako Gobernuak Espainiako Gobernuari bidali dion kontingentzia planak industriari lehentasuna ematen dio. «Ministerioari esan diogu industriari begiratu behar diola. Diru gehiago behar dute autokontsumoa laguntzeko, inbertsioak egiteko...». Garaiaren garrantzia nabarmendu zuen: energia trantsizioa «lasterketa bat da, eta lehenengo bukatzen duena indartuta geratuko da».

Tapiak ez zuen aukera galdu energia aurrezteko neurrien artean Espainiako Gobernuak lehentasuna «termostatoari» eman izana kritikatzeko. Haren garrantzia gutxietsi gabe, Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak ziurtatu zuen energia aurrezpen handiena eraginkortasunak dakarrela. «Euskadin, azken hogei urteotan %50 gutxitu dugu energia kontsumoa, eta industriak egin du batez ere. Inbertsio asko egin dira, eta bide horretan jarraitu behar da».

Industria horrek, baina, oraindik energia gastua egiten duela aitortu zuen, eta, haren hitzetan, horri aurre egiteko «ez da nahikoa lantegien eta etxeen teilatuekin». Hau da, autokontsumorako eguzki plakak ez ezik, parke eolikoak, fotovoltaikoak eta beste instalazio handiak behar direla. Ildo horretan, ohikoa duen kexua errepikatu zuen Jaurlaritzako sailburuak: berriztagarrien pisua oso txikia dela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako energia ekoizpenean (%8), eta asko kostatzen dela proiektuak aurrera eramatea, «herritar gehienak alde egon arren».

Egoera desberdina da Nafarroan, bere garaian apustu handia egin zuelako energia berriztagarrien alde, eta eolikoen alde bereziki. Apustu horrek jarraitzen duela gogoratu zuen Irujok. «82 proiektu tramitatzen ari gara, eta beste dozena bat Espainiako Gobernuaren esku daude, 50 MW baino handiagoak direlako eta erkidego batean baino gehiagotan daudelako. Hogeiren batek jaso dute lehen baimena». «82 parke dio Mikelek; ez diot esango zenbat ditugun guk», erantzun zion Tapiak, irribarre sarkastiko batekin.

KPIa eta soldatak

Javier Ollo Altsasuko alkateak galdetuta, bi sailburuek beste eztabaidagai nagusiari ere heldu zioten: zer egin behar da soldatekin? KPIaren arabera igo behar al dira? Aurrean zituztenetako asko enpresa sektorekoak izanik, zuhur mintzatu ziren. «Zentzua erabili behar da; enpresa sareak lehiakorragoa izan behar du, langileen erosahalmena asko galdu gabe», esan zuen Irujok; Tapiak, berriz, adierazi zuen enpresa batetik bestera alde handiak daudela, eta ez dela gauza bera uda oparoa bizi izan duen turismo arloko enpresa bat edo kinka txarrean dagoen bat. «Oso erraza da esatea, baina zaila egitea. Ez nuke nahi egon egin behar duenaren azalean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.