Goizeko hamarretatik aurrera Bruselan bildu dira Europako Batasuneko Nekazaritza ministroak. Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetarako lau hilabete baizik falta ez direla, ministroen helburua da Batasuneko nekazarien haserrea baretzea. Horretarako hautatuko duten bidea izango da ingurumen baldintzak laxatzea.
Kanpoan, berriz, ministroei zuzenean presio egiteko, Bruselan protesta egitera deitu dute nekazarien eta abeltzainen elkarte asko. Ia mila traktorerekin sartu dira goizean, eta gehientsuenek EBren erakundeak dauden auzora jo dute. Arratsaldearen hasieran, blokeatua zuten auzo horretako hiribide nagusia, Rue de la Loi izenekoa. Manifestari batzuek Europar Kontseiluaren egoitzara jo dute, pneumatikoak eta lasto fardelak erre dituzte, eta arrautzak eta laranjak bota dituzte eraikinaren aurka.
Handik gertu istiluak izan dira nekazarien eta polizien artean. Manifestariek beirazko pilotak eta suziriak bota dituzte, eta poliziek ur kanoien bidez urrundu nahi izan dituzte EBren egoitzetatik.
Nekazarien artean iritzi desberdinak daudela argi geratu da. Ingurumenari buruzko baldintzak biguntzea eskatu izan dute elkarte askok, baina beste batzuek, ordea, ez. Azken horien artean dago Morgan Ody Via Campesinako Europako Koordinakundeko bozeramailea. Efe agentziari egindako adierazpenetan azaldu du haiek ez daudela ingurumen arauak laxatzearen alde, eta beren lehentasunak beste batzuk direla: merkataritza librerako akordioak bertan behera uztea, eta beren produktuentzat gutxieneko prezio bat lortzea.
Bilkuraren nondik norakoak
Gaur egun, Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) laguntza jaso ahal izateko, EBko laborariek ingurumena babesteko bederatzi arau bete behar dituzte. Arau horiek karga burokratiko handia eragiten dietela salatu dute nekazarien elkarte gehienek, eta asko kexu dira EBtik kanpoko lehiakideek ez dituztela bete behar halako arauak, eta horrek haien kostuak txikitzen dituela.
Bide horretan doan Europako Batzordearen proposamen sorta bat izan dute mahai gainean EBko Nekazaritza ministroek. Proposamen horien artean daude lur gutxiago utzi behar izatea larre iraunkor gisa, laboreak derrigorrez txandakatzeko beharra apaltzea, eta lugorriak txikitzea. Halaber aztergai izan dute nekazarien gaineko kontrolak erdira gutxitzea, eta hamar hektarea baino gutxiago dituzten laborari eta abeltzain txikiek dokumentazio gutxiago bete behar izatea NPBren laguntza jaso ahal izateko.
Bilkuraren ostean, Janusz Wojciechowski Nekazaritzako komisario poloniarrak azaldu du Nekazaritza Politika Bateratuko (NPB) laguntzak jaso ahal izateko asmoz laborariei galdegiten zaizkien arauetako batzuk borondatezkoak izatea proposatu dutela: hala nola, errotaziorako lurren erabilera edo lugorriari buruzkoa. Egungo NPBko arauak berrikusteko prest azaldu da. «Hobe da aldaketak sustatzea eta ez inposatzea»
Hauteskundeak ekainean izango direnez, denbora amaitzen ari da egungo Batzordeak neurriak har ditzan. Wojciechowskiren arabera, herrialdeak zein Europako Legebiltzarra ados daude Bruselari dagokiola ekimena hartzea. Bere irudiko, oraindik denbora dago: «Teorikoki posible da agintaldi honetan egotea, azkar erreakzionatzen badugu».
Dena den, gaurko bileran, hainbat ministrok kritikatu dute Europako Batzordeak mahai gainean jarritako neurriek ez dutela lortuko laborarien haserrea baretzea. Sei hileko honetan, Belgikari dagokio Europako Batasuneko presidentetza izatea, eta David Clarinval Belgikako Nekazaritza Ministroaren arabera, proposamenak «ez dira nahikoak». «EBko Kontseiluak gonbidatu egiten du Batzordea aurkeztutako neurrien ordez anbizio handiagoko beste batzuk aurkeztera», gaineratu du.
Clarinvalen arabera, herrialde gehienek uste dute laboreen errotazioari, lugorriari eta zoruen erosioari buruzko arauak aldatu behar direla, laborariei lan karga kentzeko asmoz. Ministro belgikarrak adierazi du merkataritzako akordioak aztertu behar direla, NPBtik kanpo egon arren, lehen sektoreari zuzenean eragiten diotelako.
Madrilen ere traktoreak
Bruselan ez ezik, beste hiri batzuetan ere ikusi dira gaur traktoreak. Esaterako, Madrilen batzeko deia egin dute Asaja, COAG eta UPA nekazarien sindikatuek. Traktoreen martxa bat egin dute Arganda del Rey herritik Espainiako Nekazaritza Ministeriora, eta han oinezko manifestazio bat abiatu da Europako Legebiltzarrak Madrilen duen egoitzaraino. Haien artean izango dira Hego Euskal Herriko ordezkari batzuk —UAGN Asaja kontserbadoreko kide da, eta EHNE konfederaziokoak, berriz, COAG ezkertiarrekoak—.
Felix Bariain UAGNko presidentea Madrilen izan da, bere sindikatuko 400en bat kiderekin batera. Azaldu duenez, manifestazioaren helburua da adieraztea EBren nekazaritza politikarekin «nazkatuta» daudela. «Ezin da [nekazaritza] politika bulego batetik egin; ezin dizute handik esan zer landatu behar duzun, kontuan hartu gabe baldintzarik oinarrizkoena: klima». Nafarroaren egoera zehatzari dagokionez, berriro aldarrikatu du lurralde horretako nekazariek beste autonomia erkidegoetakoek baino zerga gehiago ordaintzen dituztela.
Nafarroako EHNEk, berriz, bi autobus bete ditu bere aldekoekin.
UAGN, EHNErekin eta UCAN kooperatiben batasunarekin batera, negoziazio prozesuan dago Nafarroako Gobernuarekin. Hortik kanpo utzi dute, berriz, Otsailaren 6ko Plataforma, azken asteetan Nafarroan protesta gehien bultzatu dituen taldea. Ostiralean bezala, gaur ere traktoreak eraman dituzte Iruñe erdialdera, eta trafiko arazoak sortzen ari dira Zabalgunean. Tentsio pixka bat izan da une batean, nekazari batek kargu hartu diolako traktoreen matrikulak apuntatzen ari zen Espainiako polizia bati.
Ostiral honetan Donostian dira biltzekoak Gipuzkoako nekazariak eta abeltzainak, EHNEk eta ENBAk deituta.
Iruñean, protesta gehiago
Nafarroan, goizean, Otsailaren 6a plataformak prentsaurreko bat deitu du Iruñeko Foruen Monumentuan, traktoreak kalera ateratzen jarraituko dutela iragartzeko. «Orain asko dugu jokoan», adierazi dute Fran Jaso eta Joaquin Garaioa laborariek plataformaren izenean. Traktoreekin hiriburuko erdigunera igo dira, eta Vianako zein Merindades plaza artean utzi dituzte.
Iragan otsailaren 16an Nafarroako Gobernuaren, nekazaritza sindikatuen eta plataformaren beraren bilkuraren ondotik gertatutakoa izan dute hizpide. Bilkura haren ondotik, plataformako orduko eledunak «nahiko konforme» atera zirela adierazi zuten, baina eraikin kanpoan zirenen artean jada ikusi zen ez zutela begi onez hartu bilkura osteko mezua eta planteamendua. «Ez zen jakin azaltzen nekazariei eta abeltzainei topaketa honen emaitza. Une hartan mahai gainean jarri behar zen zerga neurriekin edo NPBrekin ez dela nahikoa. Nahi genuke gobernuko kontseilariek inplikazio eta ardura gehiago izatea». Klima larrialdiaren inguruko 2030 Agenda malgutzea ere nahi dutela aldarrikatu dute, eta sektorea «entzutea».