EBko kideek ontzat hartu dute Txinako auto elektrikoei muga zergak handitzea

Europako Batzordeak azaldu du Pekinekin negoziatzen jarraituko duela konponbide bat aurkitzeko.

Xiaomiren autoen erakusketa, Pekinen. WU HAO / EFE
Xiaomiren autoen erakusketa, Pekinen. WU HAO / EFE
Iker Aranburu.
2024ko urriaren 4a
13:15
Entzun

Alemaniak ez du arrakastarik izan Txinako auto elektrikoen muga zergen aurkako mugimenduarekin. Europako Batasuneko 27 kideetatik bostek soilik egin dute tarifa horiek handitzearen aurka, eta, hortaz, indarrean jarraituko dute Europako Batzordeak uztailean ezarritakoek. Muga zergen alde egin dute hamar estatuk, hala nola Frantziak eta Italiak; abstentziora jo duten hamabien artean egon da Espainia, nahiz eta Pedro Sanchez Txinan egon zenetik kritiko agertu den tarifen inguruan.

Muga zergak justifikatzeko, Europako Batzordeak ziurtatu du frogatuta dagoela Txinako autogile elektrikoek laguntza publiko handiak jaso dituztela eta horregatik direla hain lehiakorrak. Aldi berean, neurri horren bitartez, Europako auto industria babestu nahi du Batzordeak, eta denbora gehiago eman gai izan daitezen Txinako autogileen salneurri lehiakorrei beren produktu propioekin erantzun ahal izateko. 

Erabaki horren ifrentzua da kontsumitzaileek prezio apaleko auto gutxiago izango dituztela eskura, eta horrek garraioaren elektrifikazioa eta karbono isuriak gutxitzeko prozesua motelduko duela. 

Gaur egun, Txinan ekoizten dira Europara iristen diren prezio apaleneko modeloak, hango markenak ez ezik, baita Europako autogileek han egindakoak ere. Autogile europarrek, ordea, modelo merkeagoak agindu dituzte hurrengo urteetarako.

EBko industrian ere ez da adostasunik muga zergen inguruan. Alde azaldu dira batzuk, baina aurka beste batzuk. Alemaniako autogileak daude kezkatuen, bi arrazoi direla eta. Batetik, azkenaldian salmentak jaisten ari bazaizkie ere, Txina oso merkatu garrantzitsua da haientzat, eta kontrako zigorren beldur dira. Bestetik, Txinan egiten dituzte beren auto elektrikoetako batzuk, eta gero Europara esportatzen, eta, hortaz, muga zergak ordaindu behar dituzte. VW taldeak, esaterako, ziurtatu du muga zergen ondorioz Cupra Tavascan modeloa galerak dakartzala saldu beharko duela Europan.

(ID_13146808) GERMANY TRANSPORT MOTOR SHOW
Cupra Tavascan modeloa, VW taldeak Txinan egindakoa. RONALD WITTEK / EFE

EBren ikerketari emandako laguntzaren araberakoak dira autogile bakoitzak ordaindu beharreko muga zergak. Horrela, Teslak Txinan egindako modeloek %7,8ko tasa bat ordaindu behar dute EBra sartzeko, eta %35,3, berriz, MGrenek. Muga zerga horiek batzen zaizkio orain arte ordaintzen zuten %10eko tasari.

Lantegiak eta prezioak

Txinako autogileek bide desberdinak jorratu dituzte tarifei izkin egiteko. Batetik, EBren lurraldean beren fabrikak jartzeko urratsak egin dituzte (BYDk Hungarian, Cheryk Katalunian...), eta, bestetik, prest azaldu dira beren salneurriak igotzeko. Azken hori dagoeneko egiten dute, baina Europako Batzordeak esan du ez dela nahikoa tarifei izkin egiteko.

EBko gobernuen babesa jaso ondoren, Bruselak ziurtatu du Txinako Gobernuarekin negoziatzen jarraituko duela arazoari irtenbide bat bilatzeko. Pekinek oraindik ez die erantzun muga zergei, baina horretarako prestatzen ari da. Brandya, txerrikiak eta esnekiak ditu jomugan. Berez, Frantziako Cognac-aren eta EBko beste brandyen muga zerga onartuta dauka, baina ez du oraindik indarrean jarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.