Lau urtez etenda egon ondoren, berriro egongo da indarrean Europako Batasuneko Egonkortasun Ituna; hau da, EBko estatu kideak beren kontu publikoak orekatzera behartzen dituen ituna. Hainbat hilabete iraun dute negoziazioek, eta ohiko zatiketak agertu dira, baina, epea gainean zegoela, ados jarri dira asteazkenean EBko Ekonomia eta Finantza ministroak, Ekofin deitutako bileran —Zoom bidez egin dute—.
Pandemiari eta energia krisiari aurre egiteko gastu publikoa nahi eta ahal beste erabili ondoren, funtsean erabaki dutena da gerrikoa zenbat estutu behar duten eta zenbaterainoko presaz. Inoiz ez da garai ona gastua murrizteko, baina orain EBk erronka handiei erantzun beharko die —klima larrialdia, Ukrainako gerra...—, eta gerrikoa gehiegi estutu beharrak oztopatu egin ditzake erronka horiei aurre egiteko funtsezko diren inbertsio horiek.
Espainiaren proposamena
Espainiako Gobernuak izan du azken urte erdian Europako Batasuneko Kontseiluaren gidaritza. Espainiak ontzat jo zuen duela aste batzuk Alemaniak egindako proposamena, eta hori onartu dute. Zor publiko handia duten estatu kideek —BPGaren %90tik gorakoa dutenek— gutxienez puntu bat jaitsi beharko dute zor publikoa urtean; eta %60 eta %90 artekoa dutenek, 0,5 puntu urtean.
Frantziak eta Italiak eskatu zuten zorra murrizteko kalkulurako oinarrian ez aintzat hartzea zorrarengatik ordaindu beharreko interesak, eta azkenean horrela izango da, baina 2027ra arte bakarrik.
Eurostaten azken datuen arabera, 2022. urtearen amaieran EBko sei kidek zuten %90tik gorako zorra, eta haien artean daude Espainia (%111,6) eta Frantzia (%111,8), baina baita Italia (%141,7) eta Grezia ere (%172,6). Tarteko taldean beste zazpi estatu daude —Alemania, besteak beste—, eta %60tik beherako zorra izateko araua betetzen dute hamalau kidek.
Zorra jaisteko bi modu daude: bata, zor hori kitatzea; bestea, berriz, BPGa handitzea zorraren pisua txikitu ahal izateko. Azken sistema hori nahiago izaten dute gobernuek, beste aukerarekin gastu publikoen murrizketa bortitzagoak egin behar baitira.
Defizita, %1,5
Zorraren mugaz gain, hari lotutako beste bat dago, defizitarena. Gaur egun indarrean dagoen Egonkortasun Itunak dio gehienez BPGaren %3ko defizita izan dezaketela EBko kideek. Muga hori 11 estatuk hautsi zuten iaz, eta horietako batzuek, oso alde handiz: %8ko defizita izan zuen Italiak 2022an, %4,8koa Frantziak, eta %4,7koa Espainiak.
Egonkortasun Itun berrituak bere horretan utzi du muga hori, baina %3tik beherako defizita dutenei eskatuko die %1,5era iristeko ahalegina egiteko.
Denbora gehiago
Orain arte bezala, zor eta defizit mugak betetzen ez dituzten estatuek lau urterako doikuntza fiskaleko plan bat aurkeztu beharko dute, baina gobernuek denbora gehiago —beste hiru urte, zazpi denera— izango dute Bruselarekin adostutako erreformak ezartzeko.
Akordioak Europako Parlamentuaren babesa jaso beharko du orain. Prozesu hori bizkortu nahi du Batzordeak, eta, udaberria baino lehen onartzeko eta indarrean sartzeko, Europako Parlamenturako hauteskundeen aurretik.
Erlazionatuta