EBko autogileek estu hartu dute Brusela emisio murrizketak atzeratu ditzan

Auto elektrikoen salmentaren beherakadaren ondorioz, 15.000 milioi euroko isun bati egin behar diote aurre datorren urtean. Europako Batzordea Txinarekin negoziatzen ari da auto elektrikoen inportazioen gaineko muga zergei buruz.

Auto elektriko bat kargatzen, Alemanian. CHRISTOPHER NEUNDORF / EFE
Auto elektriko bat kargatzen, Alemanian. CHRISTOPHER NEUNDORF / EFE
Iker Aranburu.
2024ko irailaren 19a
15:53
Entzun

Auto elektrikoa hedatzeko bidean bihurgune itxiak agertu zaizkio Europako Batasunari. Modelo elektrikoen salmenten gorakada eten egin da, eta merkatu kuota galtzen ari dira aurten, nagusiki prezio handien ondorioz. Moteltze horrek arriskuan jarri ditu Europako autogileen planak, eta milaka milioi euroren isunen atarian jarri ditu, elektriko gehiago saldu ezean ez baitira gai izango CO2 emisioen muga berriak betetzeko. Giro nahasi horretan, ACEA Europako autogileen patronalak Bruselaren gaineko presioa handitu du.

Gaur kaleratutako oharrean, ACEAk «premiazko neurriak» eskatu dizkio Europako Batzordeari. Hala egin ezean panorama beltza iragarri dute autogileek: «Milaka milioi askoren isunak ordaindu beharko ditugu agian, zero emisiorako trantsizioan erabili zitezkeenak; saihestu beharreko ekoizpen murrizketak eta enplegu galerak etorriko dira, eta ahuldu egingo dira Europako hornikuntza eta balio katea, beste eskualde batzuen lehia zorrotza jasaten ari garen honetan».

DATUAK

%14,4

Elektrikoen kuota. Abuztuan 92.627 auto elektriko matrikulatu ziren EBn, auto berri guztien %14,4. Jaitsiera oso handia da iazkoaren aldean (-%44), baina kontuan hartu behar hilabete horretan Alemaniako salmentak puztu egin zirela, laguntza publikoak bukatzear zeudelako. Edonola ere, urte osoan %13,9tik %12,6ra jaitsi da kuota.

15.000

Isuna, milioi eurotan. 2025ean beren batez besteko isuriak %21 murrizten ez badituzte, autogileek 15.000 milioi euroko isun bat ordaindu beharko dute. Hurrengo epea 2030a da: ordurako %55 txikitu behar dituzte emisioak.

Salmenten beherakadaren parte bat EBko autogileei beraiei lepora dakieke, ez baitira gai izan prezio apaleko autoak eskaintzeko kontinenteko kontsumitzaileei. Orain arteko modelo gehienak patrika zabaleko bezeroentzat izan dira; merkaturatu dituzten auto elektriko txikiagoek —Opel Corsa, Renault Megane eta enparauek— 30.000 eurotik gorako prezioa dute, eta ez daude eskuragarri herritar askorentzat. Aurtengorako iragarri zituzten 25.000 eurotik beherako autoak —Renault 5 berria eta Citroen eC3— atzeratu egin dira, eta atea ireki diete, horrela, Txinako auto merkeagoei.

Autogileen patronalak, ordea, ziurtatu du elektrifikaziorako bidean bere «partea» egiten ari dela; milaka milioi euro inbertitu dituela gogorarazi du, eta esan du bere egiten duela EBren helburua, errepide bidezko garraioa osorik 2050erako elektrifikatzekoa.

Bide horretan, bi mugarri igaro behar dituzte autogileek. Bata da 2025ean indarrean jartzekoak direla CO2 muga berriak. Horien arabera, autogileek gehienez 93,6 gramo CO2 isuri beharko dituzte saltzen duten auto berri bakoitzeko —2021ean baino %15 gutxiago—. Batezbesteko hori gainditzen dutenek isun handiak ordaindu beharko dituzte, eta horregatik eskatu du ACEAk muga berri horiek bi urtez atzeratzeko. Izan ere, gaur egun Volvo ez beste guztiek aise gainditzen dituzte muga horiek, auto elektrikoek pisu gutxi dutelako haien salmentetan.

Beste mugarria da 2035etik aurrera ezingo dutela EBn errekuntzako autorik saldu. 2026an du berrikustekoa arau hori EBk, baina ACEAk ziurtatu du ezin duela ordura arte itxaron. Arau horren aurkako ahotsak gero eta ozenago entzuten dira. Azkena, Giorgia Meloni Italiako lehen ministroarena, asteazkenean, esanez «politika autosuntsitzailea» dela eta milaka lanpostu desagerraraziko dituela.

Muga zergak airean

ACEAren agiriak ez dio ezer auto elektrikoen inguruan mahai gainean dagoen beste gaiari buruz: Txinako auto elektrikoen gaineko muga zergei buruz. Uztailean jarri zituen EBk indarrean behin-behinean, bere autogileak «lehia bidegabetik» babesteko. Muga zerga horiei buruzko iritzi kontrajarriak dituzte ACEAko kideek, haietako batzuek Txinan egiten dituzten auto elektrikoak saltzen baitituzte EBn ere.

Hain zuzen ere, gaiari buruz hitz egiteko bildu dira gaur Valdis Dombrovskis Ekonomia komisarioa eta Wang Wentao Txinako Merkataritza ministroa. Pekinek eragotzi egin nahi du muga zerga gehigarriak behin betiko bilakatzea, eta ohartarazi du EBren beste produktu batzuei tarifa igoz erantzun dezakeela.

Muga zerga horien aurka azaldu da Alemania, merkataritza gerra baten beldur delako. Eszeptikoen taldera batu da orain Espainia. Kontinenteko ekoizle handienetako bat da, kontinentearen ekialdea zabaldu aurretik Alemaniako eta Frantziako autogile handiek hara jo zutelako beren ekoizpena merkatzeko. Baina orain Txinako autogileak ari dira ate joka —Chery dagoeneko sartu da, Katalunian—, eta gehiago erakarri nahi ditu Espainiako Gobernuak. Horrela uler daiteke joan den astean Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak auzitan jarri izana Txinako auto elektrikoen gaineko zergak. Gainera, Txinan bertan egin zuen hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.