Erregai fosilen erabileraren jaitsiera ez da Euskal Herrira mugatu. Europako Batasun osoan txikitu da haren kontsumoa, eta jaitsiera hori bereziki esanguratsua da argindarraren sorkuntzan. Ember erakundeak hilaren hasieran kaleratu zuen txosten baten arabera, EBko zentral termikoek %26 ikatz gutxiago eta %15 gas gutxiago erre zuten iaz, eta, horren ondorioz, %19 apaldu zen iaz argindarraren sorkuntzak EBko zeruetara isuri zuen karbono dioxidoa.
Erregai fosilen erabileraren beherakadaren faktore nagusia (-94 terawatt-ordu TWh) izan da argindar kontsumoa jaitsi egin dela, eta horretan zeresana izan du industria elektrointentsiboaren (kimikagintza, siderurgia eta papergintza) eskaera asko txikitu izanak, argindar garestiaren ondorioz.
Baina haizeak eta eguzkiak sortutako argindarraren ekarpen gero eta handiagoak 90 TWh kendu dizkie erregai fosilei. Parke eolikoak argindar iturri handienetan bigarrena bilakatu dira (%17,6), eta plaka fotolvoltaikoek beste %9,1 ekarri dute —2010ean %0,8 baizik ez zuten sortzen—.
Atmosferara gas kutsagarririk isurtzen ez duten beste bi argindar iturrik ere gehiago ekoitzi dute: nuklearra %23ra iritsi da —puntu bat gehiago—, Frantziako zentralek atzean utzi dituztelako 2022ko geldialdiak; hidroelektrikoaren ekarpena %15 handitu zen, 2023a oro har hezeagoa izan zelako 2022 lehorra baino.
Usteak erdia ustel
Errusiak gasaren iturria ixteak ikatz kontsumoa handitu egingo zuela iragarri zuten askok, eta lerroburu handiak ekarri zituen Alemaniak zentral termiko batzuk irekitzeak. Baina epe laburrekoa eta nahiko apala izan da igoera hori: 2021ean, argindarraren %14,6 sortu zen ikatzaren bitartez, eta 2022an, %16,2. Baina 2023an orduan igotakoa baino gehiago jaitsi da, %12,3raino. Inoizko daturik apalena da. 2000. urtean, esaterako, %30,5 izan zen.
Ikatzak sortutako argindarra %26 jaitsi zen 2023an, baina horrek ez du esan nahi maila horretan jaitsi zela ekoizpen gaitasuna. 2021etik 2023ra soilik %4 txikitu zen gaitasuna, itxiera batzuk atzeratu egin zirelako energia krisiari aurre egiteko. Baina orain beste krisirik ez badago, bizkortu egingo da zentral termikoen itxiera: bostetik bat dira itzaltzekoak 2024an eta 2025ean, Alemanian, Italian eta Polonian nagusiki. Espainiak 2025ean utziko dio ikatza erabiltzeari, Aboñoko zentral termikoa (Asturias) gasa erretzen hastekoa baita.
Gasa galtzen
Gasaren pisuak, berriz, 2008an jo zuen goia, %20,7ko kuotarekin. Antzeko mailan izan da 2022 arte —gorabeherekin, hidroelektrikoaren ekarpenaren arabera—, baina 2023an koska bat egin du behera, %19,2tik %16,8ra. Emberrek uste du gasak argindar sorkuntzan duen pisua gehiago jaitsiko dela hurrengo urteotan, baina horretarako lan egin beharko dela nabarmendu du Sarah Brown erakundeko Europako zuzendariak. «Ikatza itzalaldira gerturatzen ari da, eta, eolikoa eta fotovoltaikoa handitu ahala, gasa izango da gainbehera terminal batera doan hurrengoa. Edonola ere, ez gaitezen erosotasunean erori. EBk bizkor hedatu behar ditu haize eta eguzki energiak, eta malgutasuna behar du erregai fosilen arriskurik ez dakarren sistema bat sortzeko».
Ez da erraza izango, ordea. Emberrek ohartarazi du batez beste lau urte behar izaten direla lurreko parke eoliko baten proiektua bururaino eramateko, eta halako bi, errotak itsasoan jartzen badira. Gainera, enkanteen sistema eta kostuen igoeraren ondorioz, ekoizleek errentagarritasun arazo handia daukate.
Kontsumoak jaisteari utziko dio
Berez, argindar kontsumoa jaitsi egin zen: %3,4. Ez da lehen aldia: 2018az geroztik 2021 izan da elektrizitatearen eskaria jaitsi ez den urte bakarra, eta hori gertatu zen 2020an, itxialdien ondorioz, kontsumoa amildu egin zelako. Baina Emberrek ez du uste joera horrek iraungo duenik, garraioaren eta berokuntzaren elektrifikazioak elektrizitate gehiago sortu behar izatea ekarriko duelako. 2024rako, kontsumoa %2 eta %3 artean handitzea espero du, prezioak jaitsi egin direlako, ekonomia eta bereziki industria gehiago haziko direlako.
DATUAK
-3722015etik 2023ra, 372 TWh gutxitu da ikatzak sortutako argindarra, baina batez ere Alemanian (-140 TWh), Espainian (-48 TWh), Italian (-29 TWh), eta Polonian (-28 TWh). Haren lekua berriztagarriek bete dute. Energia eolikoaren ekarpena 211 TWh handitu da, Alemaniaren (+60 TWh), Frantziaren (+27 TWh) eta Espainiaren (+15 TWh) eskutik. Fotovoltaikoek 146 TWh handitu dute beren ekoizpena, eta horretan ere nabarmendu dira Espainia (+31 TWh) eta Alemania (+24 TWh).
%61Polonian, ikatzak argindar beharren %61 sortu zituen iaz, eta herrialdea atzean geratzen ari da: 2000-2023 epean %41 gutxitu dira EBren CO2 emisioak, baina %18 baizik ez Poloniarenak. Txekia (%40), Bulgaria (%29) eta Alemania (%26) dira beste kontsumitzaile handiak.