Europako Batasunak lehen urratsa egin du lan behartuaren bidez egindako produktuak inportatzea debekatzeko. Europar Kontseiluak —gobernuek— eta Europako Parlamentuak lan behartuaren bitartez ekoitzitako produktuen salerosketa debekatzeko araudia lotu dute gaur goizaldean.
Debekuak EBren mugen barruan egindako produktuei eragingo die, baina, batez ere, inportazioei. OIT Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, 2021ean 27,6 milioi lagun aritu ziren bortxazko lanean: 17,3 milioi sektore pribatuan, 3,9 milioi sektore publikoan, eta 6,3 milioi prostituzioan.
Baina litekeena da polemikarik handiena Txinarekin sortzea. Izan ere, Pekingo gobernuari leporatu diote Xinjiang edo Ekialdeko Turkestan eskualdeko jatorrizko biztanleak, uigurrak, masiboki espetxeratzea eta haietako asko lan behartuan jartzea.
Arrazoi hori eman dute AEBek 2022an Xinjiangen egindako produktu guztien inportazioa debekatzeko. EBk batez ere eguzki panelak inportatzen ditu Xinjiangetik, eta Volkswagenek lantegi bat dauka han. Alemaniako autogile horrek ziurtatu du ez duela irregulartasunik egin, baina barne ikerketa bat abiatu du, argitzeko ea bazkide batek lan behartua erabili zuen probatarako zirkuitu bat eraikitzeko.
«Lotsagarria da XXI. mendean esklabotza eta bortxazko lana izatea munduan. Krimen nazkagarri hori desagerrarazi behar da, eta horretarako lehen urratsa da langileak esplotatzen dituzten konpainien produkzio eredua puskatzea».PIERRE IVES DERMAGNEBelgikako lehen ministrordea
EBk ziurtatu du neurria ez dela Txinaren aurkakoa, hori MME Munduko Merkataritza Erakundearen arauen kontrakoa litzatekeelako. Baina eurodiputatu batzuek ez dute ezkutatu Pekin izan dutela buruan debekua bultzatzeko orduan.
«Lotsagarria da XXI. mendean esklabotza eta bortxazko lana izatea munduan. Krimen nazkagarri hori desagerrarazi behar da, eta horretarako lehen urratsa da langileak esplotatzen dituzten konpainien produkzio eredua puskatzea», adierazi du Pierre Yves Dermagne Belgikako lehen ministrordeak —hari dagokio Europar Kontseiluko lehendakaritza—.
Batzordearen ikerketak
Araua indarrean jartzen bada, Europako Batzordeak zerrenda bat egin beharko du ustez lan behartua egiten den herrialdeekin eta sektoreekin, eta haren esku izango da EBtik kanpo dauden herrialdeen aurkako ikerketak abiatzea. EBko estatu kideetako gobernuek ere izango dute ikerketak abiatzeko ahalmena, baina soilik ustezko lege haustea estatu horietako batean gertatu bada. Behin agintaritza batek produktu bat debekatu badu, EB osorako egingo du.
Lan behartuaren bidez egindako produktuak atzemanez gero, modu desberdinetan jokatuko du EBk. Esaterako, auto baten edo makina baten parte bat baldin bada lan behartuaren ondorio, osagai hori aldatuta merkaturatuko dira autoak edo makinak. Baina, EBk jarri duen adibideari jarraituz, tomate bat ekoizteko baliatu bada lan behartua, produktu horrekin egindako saltsari ezarriko zaio debekua. Atzemandako produktuak birrindu edo birziklatu egingo dira, edo karitatean ari diren erakundeei eman.
Ikusteko dago neurria noiz jarriko den indarrean, arau bihurtzeko beharrezkoa baita estatu kide guztiek eta eurodiputatuek baiezkoa ematea. Europako Parlamenturako hauteskundeak izango dira ekainaren hasieran, eta, ordurako egin ez badute, beste sei hilabete beharko lirateke Europako Batzorde berria lanean izan arte. Halaber, gerta daiteke herrialderen batek akordioa urardotu nahi izatea.