Zortzi urtez Amazon multinazionalari Luxenburgon zergak aurreztea ahalbidetu zion araua legez kanpokoa izan zen, Europako Batzordeko Lehia Agintaritzaren ustez. Hori dela eta, bidegabeki ordaindu gabe utzi zuena pagatu beharko du orain: 250 milioi euro inguru, eta interesak gehitu. Dimentsio politikoa ere badu erabakiak, tratua egin eta indarrean egon zen garaian Jean Claude Juncker egungo batzordeko burua zelako Luxenburgoko lehen ministro eta Ogasun ministroa.
Multinazionalek ogasunei gutxiago ordaintzeko erabiltzen dituzten estrategien aurkako laugarren kolpea da. Applek Irlandan, Starbucksek Herbehereetan, eta Fiatek Luxenburgon aldeko tratu bidegabea jaso zutela deliberatu zuen Bruselak. Aldi berean, 35 enpresek Belgikan baliatu zuten eskema bateko zergak berreskuratzea agindu zuen.
«Luxenburgok legez kanpoko zerga abantailak eman zizkion Amazoni. Horren ondorioz, irabazietatik hiru laurden zergapetu gabe geratzen ziren», azaldu du Margrethe Vestager Europako Batzordeko Lehia komisarioak. Luxenburgori dagokio orain fakturaren zenbateko zehatza kalkulatzea, eta lau hilabeteko epean dirua berreskuratzea.
2003. urtean Amazon enpresarentzako zerga araua onartu zuen Luxenburgoko ogasunak. Arau horiek sekretuak dira, baina ez dira, berez, legez kanpokoak. Konpainia bati nola zergapetuko zaion argitzen dioten agiriak dira. 2011. urtean luzapen bat onartu zitzaion. Bi neurri horiei esker 2006. eta 2014. urteen artean Amazonek zerga faktura arintzeko aukera izan zuen, «inolako justifikaziorik gabe».
Konpainiak Europan zeukan negozioa berrantolatu zuen 2004. urtean. Horren ondotik batasun osoan egindako salmenten irabaziak Luxenburgora lekualdatzen hasi zen. Herrialde horretan bi filial kokatu zituen. Amazon EU delakoak 500 bat langile zituen, eta merkataritza negozioaren kudeaketa osoa egiten zuen. Beste enpresa, American Europe Holding Technologies, oskol hutsa zen, jarduerarik, egoitzarik eta langilerik gabe.
Dirua nola mugitzen zen? Oskol konpainiaren egiteko bakarra zen Amazoni AEBetan ordaintzea jabetza intelektualaren truke. Horretarako dirua benetan jarduera zeukan konpainiatik hartzen zen, eta, oskol konpainiatik pasatuta, AEBetara bidaltzen zen. Bruselaren ikerketak ondorioztatu du jabetza intelektualaren trukeko faktura puzten zuela Amazonek, eta konpainiak zituen mozkinen %90 bide horretatik desbideratzen zituela. Sistema horrek legez kanpoko abantaila ematen zion, Vestagerren arabera. «Beste edozein konpainiak baino lau aldiz zerga gutxiago ordaintzea baimentzen zitzaion»,azpimarratu du.
Amazonek akusazioa ukatu du, erabakiren berri jaso bezain pronto. «Uste dugu Amazonek ez zuela tratu berezirik jaso, eta zerga guztiak ordaindu genituen Luxenburgoko eta nazioarteko legeari jarraituz». Helegitea jartzeko aukera aztertuko du, halaber. Luxenburgoko Gobernuak ere ziurtatu du ez zitzaiola legez kanpoko estatu laguntzarik eman.
Irlandaren kontra
Era berean, Bruselari pazientzia agortu zaio Irlandako Gobernuarekin, eta Europako Justizia Auzitegira joko du haren aurka. Joan den urteko abuztuan Appleri legez kanpoko laguntza eman zitzaiola erabaki zuen Europako Batzordeak, eta erraldoi teknologikoak ordaindu gabe utzi zituen 13.000 milioi berreskuratzea agindu zion Irlandari. Legeari jarraituz, lau hilabete zituen Irlandak agindua betetzeko. Urtebete baino gehiago igaro denean, Bruselak leporatu dio euro bat bera ere ez duela berreskuratu.
Irlandako Gobernuak argudiatu du ez dela gai izango faktura zehatza kalkulatzeko 2018ko martxora arte. Erabakia betetzeko borondaterik ikusten ez badu, Bruselak isunak jartzea eska diezaioke auzitegiari.
EBk Junckerren aroan Amazoni eman zitzaion tratua zigortu du
Konpainiak 250 milioi pagatu beharko dizkio Luxenburgori. Irlandaren aurka jo du Bruselak, Appleren dirua ez duelako berreskuratu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu