Donald Trumpek benetan muga zergei buruz hitz egin nahi badu, horretarako prest dago Europako Batzordea. Bruselak uste du aduana tarifen maila ez dela AEBetako presidenteak gerra komertzial bat hastearen arrazoi nagusia, eta EBri %20ko muga zerga bat iragartzeak beste motibazio bat duela. Baina, hala balitz ere, eskaintza bat egin dio: Atlantikoa zeharkatzen duten industria gaiek %0ko muga zerga izatea alde batean zein bestean. Gaur egun, EBk askoz gehiago esportatzen die AEBei atal horretan alderantziz baino.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeak egin dio eskaintza Trumpi, eta aurretik esandakoa berretsi du: EBk ez du gerra komertzialik nahi, eta nahiago du desadostasunak negoziazioaren bitartez konpondu. Baina, aldi berean, «aukera guztiak» mahai gainean daude; hau da, prest dago hura ere AEBetako produktuen inportazioa zigortzeko, eta herrialde hartako zerbitzu enpresei —enpresa teknologikoak barne— trabak jartzeko.
Bilera egin dute gaur Luxenburgon merkataritzaz arduratzen diren EBko ministroek, Trumpen muga zergei zer erantzun eman behar dieten erabakitzeko. «Eztabaida irekia eta zintzoa» izan da, Michal Baranowski Poloniako Ekonomia ministroak esan duenez, eta, herrialde bakoitzaren interesak gorabehera, «bateraturik» erantzuteko gogoa azaldu dute ministro guztiek. Baina ez da erraza 27 gobernu ados jartzea, eta, horregatik, denbora hartzen ari dira Trumpek jarritako lehen muga zergei erantzuteko.
Otsailaren hasieran iragarri zuen AEBetako presidenteak altzairu eta aluminio inportazio orok %25eko muga zerga bat izango zuela bere portuetan. Bi hilabete pasatxo beharko ditu EBk erantzuteko: muga zerga gehigarriak ezarriko zaizkien produktuen zerrenda gaur iluntzean finduko dute, eta etzi bozkatuko. Apirilaren 15ean dira indarrean jartzekoak.
Bourbona, zerrendatik kanpo
Hasieran, AEBetako produktuen 26.000 milioi euroren inportazioak zergapetu behar zituen EBk. «Bazkideei arretaz entzun ondoren» gutxiago izango direla onartu du Maros Sefcovic Merkataritza komisarioak. Esaterako, bidean geratzekotan dira bourbonaren gainekoak, ardoaren eta edari alkoholdunen sektoreak presio gogorra egin duela eta.
Izan ere, EB munduko ardo esportatzailerik handiena da (Frantzia, Italia eta Espainia buru direla), eta pattarrek ere pisu handia dute herrialde batzuen esportazioetan (Frantzia eta Irlanda nagusiki). AEBak dira, era berean, Europatik kanpo EBko edari alkoholdun gehien erosten dutenak. Horregatik, sektorea asko kezkatu zen Trumpek mehatxu egin zuenean EBren edari alkoholdunen inportazioari %200eko muga zerga ezarriko ziola baldin eta Bruselak bourbona zergapetzea erabakitzen bazuen. Presioek fruitua eman dutela kaleratu du Financial Times-ek.