Frantziako eta Espainiako argindar sareak lotzeko tentsio handiko beste linea batek zeharkatuko du Euskal Herria. Zehazki nondik nora igaroko den ez dago garbi, Madrilek eta Parisek artean ez dutelako haren ibilbidea erabaki. Ziurra da Nafarroan izango duela abiapuntu bat; printzipioz, Muru Artederretan. Helmuga Cantegriteko zentrala denez, Landetan, ia ezinbestean zeharkatu beharko ditu Lapurdiko lurrak ere. Ikusteko dago Pirinioak Lapurditik ala Nafarroa Beheretik igaroko dituen, baina zaila dirudi Zuberoa ere ukitzea.
Argindar linea berria Espainiako eta Frantziako gobernuen asmoen artean dago, eta atzo jaso zuen Europako Batzordearen bedeinkapena. Bruselak Interes Komuneko Proiektuen artean (IKP) sartu zuen, Europako Batasun osoko argindar sareak konektatzeko eta merkatu bakar bat osatzeko urratsetako bat baita. IKP izendatutako proiektuek biabantaila nagusi dituzte: prozedurak bizkortzen dira, eta EBren laguntzak eta finantzaketa —EIBren bidez— jasotzen dute.
Batzordeak onartutako zerrendak ez du zehazki aipatzen Nafarroaren eta Ipar Euskal Herriaren arteko linea, baina esaten du laguntza emango diela «gaitasuna handitzen duten Frantziaren eta Espainiaren arteko proiektu generikoei». Red Electrica de Espainako iturriek BERRIAri azaldutakoaren arabera, gehiago zehazterik ez dute ez Bruselak, ez beraiek, artean ibilbidea ez dagoelako finkatuta. Gutxienez pare bat urte beharko ditu horretarako.
Espainiako Industria Ministerioaren 2015-2020ko planean, berriz, Muru Artederreta eta «Frantziako mugaren» arteko goi tentsioko linea agertzen da 2020tik aurrera gauzatuko diren proiektuen artean. Onartzen du, ordea, agian abiapuntua ez dela herri hori izango, baizik eta Itsaso-Muru Artederreta-Castejon lineako beste gune batetik irten daitekeela. Hautetsi, herritar eta ekologista askoren protesta eragin du linea horrek, baina Madrilen proiektuen artean jarraitzen du, ministerioaren arabera, Gipuzkoa eta Nafarroa lotzen dituen oraingo linea oso ahula delako eskari edo eskaintza handia dagoenean.
Beste bi proiektu
Europako Batzordeak atzo onartutako 195 proiektuen artean jarraitzen dute Euskal Herriko beste bik, ongi zehazturik horiek, askoz aurreratuago baitaude.Batetik dago Bizkaiko golkoko proiektua, Gatika (Bizkaia) eta Bordele inguruko zentral bana itsaso hondotik joango den 400 kilometroko kable baten bidez lotu behar dituena. Juncker planaren finantzaketa ziurtatua du proiektu horrek. Bestea da transformagailu bat jartzea Arkalen (Irun, Gipuzkoa), zentral horren eta Argiakoaren (Lapurdi) arteko argindar trukea bikoiztu ahal izateko.
Proiektu horien helburua da Frantziako eta Espainiako sareen arteko lotura %10era handitzea. Hots, batek ekoizten duen argindarraren %10 besteari saldu ahal izatea, ekoizpenaren eta kontsumo beharren arabera. Konexio horiekiko interes handirik ez du izan Frantziak, baina bai, ordea, Espainiak, iturri berriztagarrien gorabeherengatik.
Otsailean Ipar eta Hego Kataluniaren artean abian jarritako linea berriari esker, trukea%2,8ra iritsi da. Bizkaiko golkoko proiektuak gaitasun hori bikoiztuko du, eta %8ra iritsiko da Nafarroako proiektua eta Aragoi eta Biarno arteko lotura —atzo onartutakoa— amaitzen direnean.
EBk goi tentsioko beste linea bat bultzatuko du Euskal Herrian
Nafarroa eta Landak batuko ditu, oraindik zehaztu ez duten ibilbide batetik.Aurrera doa Bizkaiko golkoko loturaren proiektua ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu