EBk eta Italiak amaitu dute aurrekontuari buruzko gerra

Merkatuen presioa gainean zuela, Erromak gastu publikoa handitzen zuten bi neurri atzeratu ditu. Bruselak zigor prozedura eten du

Pierre Moscovici EBko Ekonomia komisarioa, atzo, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE.
Iker Aranburu.
2018ko abenduaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Erronkari luzaroan ez eustea erabaki dute Italiako Gobernuak eta Europako Batzordeak. Bi hilabeteko norgehiagoka dialektikoaren ondoren, akordioa lortu dute 2019ko aurrekontu proiektuaren harira. Neurri batean, Jaka Horien mugimenduaren ondorio da atzo iragarritakoa: haien haserrea baretzeko, Frantziaren defizit publiko %3,2ra igoko duten neurriak iragarri ditu Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Paris sutan ikusita, Brusela ulerbera izan zen, eta, aldi baterako mugimendu bat zela argudiatuta, iragarri zuen ez zuela irekiko Frantziaren aurkako zigor prozedura. Baina, egun batzuetan gogor plantak egin ondoren, Batzordeak onartu behar izan du ezin duela Italia zigortu Frantziarena baino defizit txikiago bat duen aurrekontu bat aurkezteagatik.

Baina, Europako Batzordea ez ezik, Italia ere mugitu da. «Aurrekontuan ez dugu koma bat ere aldatuko», adierazi zuen Matteo Salvini lehen ministrordeak, Bruselaren oharrei muzin egin eta defizita handitzen zuen aurrekontua aurkeztu zuenean. Bada, komak ez ezik, gastu atal osoak ere aldatu ditu Erromako gobernu euroeszeptikoak —M5S Bost Izarren Mugimenduak eta Legak osatutakoa—.

Urrian aurkeztutako aurrekontu proiektuak BPGaren %2,4ko defizit publikoa aurreikusten zuen, gobernuak gastu publikoaren bidez eman nahi ziolako bultzada Italiako ekonomia motelari. Baina zuzenketen ondoren Bruselan onartutakoak ia lau hamarren jaisten du desoreka, %2,04raino. 7.500 milioi euroren aldea, gutxi gorabehera.

Diru hori aurrezteko zenbait kontzesio egin ditu Erromak. Batetik, oinarrizko errenta bat urtarrilean indarrean jarri beharrean, «2019an» egingo dute, eta azken pentsio erreformaren zenbait punturen moldaketa urtebetez atzeratu dute. Hortaz gain, desbideraketak handitzen badira hainbat aseguru lortu ditu Bruselak: 2019ko aurrekontuko 2.000 milioi euroren gastua izoztuko du Italiak, eta BEZ zerga igoko du 2020. eta 2021. urteetan zenbakiak txarrak badira. Trukean, Batzordeak aitortu dio Italiari errepideen hobekuntzan eta uholdeen aurkako lanetan egindako gastu batzuk ez direla defizit gisa zenbatuko.

Bi faktorek eragin dute Italiako Gobernuaren jarrera aldaketa. Batetik, Europako Batzordeak zigor prozedura abiatu zuela bere aurka, eta isun gogorra ezarri ziezaiokeela. Bestetik, merkatuen presioa. Kontu publikoetan funtsezko eragileak dira finantza merkatuak, batez ere Italiaren moduko herrialde zorpetu batean (BPGaren %131), inbertitzaile pribatuak baitira gobernuen defizita finantzatzen dutenak. Bruselarekin borroka hasteak 325 punturaino igo zuten Italiaren arrisku saria —Alemaniako hamar urteko zorrarekiko aldea—, eta Giovanni Tria Finantza ministroak onartu zuen jasangaitza zela kopuru hori. Akordiorako hotsek arrisku saria jaitsi dute azken egunetan, eta atzo 256 puntuan kokatu zen.

Akordioaren ondorioz, Batzordeak eten egin zuen Italiaren aurkako zigor prozedura. Edonola ere, Valdis Dombrovskisek onartu zuen adostutakoa ez dela «ideala», atzeratutako neurriak indarrean jartzen direnean «kostuak handitu egingo direlako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.