Europako Batasunak estatu errepublikanoak zigortuko ditu

Batasuneko kideek onartu egin dute AEBetako produktu batzuei muga zergak handitzea. Zigortutako produktuen zerrendan soja, tabakoa eta haragia daude, nagusiki Trumpen alde bozkatzen duten estatuetan ekoitzitakoak.

Soja uzta biltzen, Wisconsin estatuan. TAMMEN MAURY / EFE
Soja uzta biltzen, Wisconsin estatuan. TAMMEN MAURY / EFE
Iker Aranburu.
2025eko apirilaren 9a
13:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Europako Batasunak gaur bota ditu lehen tiroak Donald Trumpek hasitako merkataritza gerran. AEBetako presidenteak altzairu eta aluminio inportazioei jarritako %25eko muga zergari erantzuteko, Batasunak aduana tarifak handituko dizkio Atlantikoaren beste aldetik datorren produktu sorta bati. «EBk uste du AEBen muga zergak ez daudela justifikatuta eta kalte ekonomikoa egingo dietela bi aldeei, baita munduko ekonomiari ere», azaldu du Batasunak, eta gatazka negoziazioaren bitartez konpontzea eskaini dio berriro ere Washingtoni.

Zerrenda osatzeko denbora hartu du EBk —otsailaren 10ean iragarri zituen Trumpek—, eta ez soilik hainbat herrialde eta sektore ekonomikoren presioak izan direlako tartean; Bruselak AEBetako sektore jakin batzuk zigortu nahi izan ditu, eta Trump Etxe Zurira eraman zuten estatu errepublikanoak jarri ditu jomugan. Kalte politikoa egin nahi dio AEBetako presidenteari, eta hori errazago egiten da Alabamako eta Floridako ekonomia kaltetuz, Kaliforniakoa eta New Yorkekoa zigortuz baino.

EBko 27 kideen artean soilik Hungariak eman du aurkako botoa eta gehiengo sinplearekin nahikoa zenez, EBk %25eko muga zerga jarriko die iaz 22.100 milioi euroren balioa izan zuten inportazioei. Haien artean ez daude petrolioa eta gasa —lehenengoa eta bosgarrena, AEBetik inportatutako produktuen zerrendan—, haien behar handia duelako EBk.

Hiru data

Hiru epetan jarriko du indarrean. Apirilaren 15ean muga zerga berezia izango dute, esaterako, laranja eta ahabia zukuak. Non ekoizten dira nagusiki? Floridan, 2024ko hauteskundeetan Trumpi 30 boto eman zizkion estatuan. 

Maiatzaren 16an, berriz, altzairuaren, haragiaren, txokolate zuriaren eta polietilenoaren gaineko zerga ezarriko da, hori ere %25ekoa.

Abenduaren 1ean jarriko dira indarrean almendren eta sojaren gaineko muga zergak. Horren arrazoi ofiziala da uzta orduan egiten dela, baina egia da atzerapen horrek aukera ematen diola Europako Batzordeari negoziatzeko. Sojak garrantzi handia dauka ekonomikoki —AEBak dira esportatzaile handienetan bigarrenak—, baina baita sinbolikoki ere, hura nagusiki ekoizten duten estatuak alderdi errepublikanoaren gotorlekuak baitira.

Zehatzago, AEBetatik Europara datorren sojaren %82,5 Louisianatik dator, Trumpen alde egin zuen estatutik (%60) eta haren aliatu Mike Johnson Ordezkarien Ganberako buruaren sorlekutik, alegia.

Hautesle errepublikanoei min ematea helburu dute EBren zerrendan dauden beste hainbat produktuk: haragia (Kansas eta Nebraska), oilaskoa (Louisiana), tabakoa (Florida), egurrezko produktuak (Ipar Carolina, Georgia, Alabama), izozkiak (Arizona), mukizapiak (Hego Carolina), tapaki elektrikoak (Alabama)...

Bourbona, ez

Zigorretatik libratu da bourbona, nagusiki Kentucky estatu oso errepublikanotik datorren arren (%64,6). Hasierako zerrendan zegoen, 2018an bezala, baina ardo eta pattar ekoizle europarrek —eta Frantziak, Italiak eta Irlandak—, gogor egin dute presio zerrendatik ateratzeko, Trumpek EBren edari alkoholdunen inportazioari %200eko muga zerga jarriko diola mehatxu egin zuelako.

Gorbatekin ikusten da argien EBren zigorren atzean zer asmo politiko dagoen: oihalez egindakoei muga zerga berezia jarriko die EBk, Floridak esportatzen dituelako, baina ez zetazkoei, Kaliforniatik datozelako.

Egia da, ordea, Kamala Harris demokrataren alde bozkatu zuten estatu batzuetako produktuak ere agertzen direla EBren zerrendan (margoak, almendrak, bitxiak, paladioa...).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.