Gerra Ukrainan. Merkataritza harremanak

EBk Errusiatik egindako inportazioak erdira apaldu ziren 2022 amaierarako

Ikatza eta petrolioa erosteari utzi dio, eta asko txikitu da gasaren eta ongarrien inportazioa ere. Esportazioak ere erdira jaitsi dira urtebetean

AEBetako GNL gas natural likidotuak ordezkatu du Errusiako gasa. Irudian, gasontzi bat, Swinoujsscie-ko portura iristen, Polonian. MARCIN BIELECKI / EFE.
Iker Aranburu.
2023ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
XX. Mundu Gerran Europan sortutako Burdinazko Errezela berriro ari da eratzen. Ehunka kilometro ekialderago dago orain, eta oraindik sarea da oihal itxia baino, baina Ukrainako gerrak nabarmen gutxitu ditu Europako Batasunaren eta Errusiaren arteko merkataritza harremanak. Eurostatek atzo zabaldutako datu batek laburtzen du bazkide zirenek nola eman dioten elkarri bizkarra: 2022ko otsailarekin alderatuta, EBk Errusiatik egindako inportazioak otsailekoak baino %51 txikiagoak izan dira.

Ikusi gehiago:Kazakhstan da bide bakarra

Denbora bat behar izan duen prozesua izan da, bai behintzat inportazioen kasuan. EBk Errusiara egindako esportazioen balioa %55 txikitu ziren otsailetik martxora, batasunak Moskuren aurkako lehen zigorrak ezarri bezain pronto. Baina inportazioekin kontrakoa gertatu zen hasieran, eta %3 handitu ziren gerraren lehen hilabete horretan. Inportazioen bolumena murrizten hasi zen, baina haren balioa izugarri handitu zen energiaren garestitzearen ondorioz.

Baina orduz gero ia-ia hilero jaitsi egin dira EBko enpresek Errusian egindako erosketak. Ondorioz, Errusiak EBren inportazioetan zuen pisua amildu egin da: %9,5etik %4,3ra. Esportazioetan, ordea, %4tik %2ra jaitsi zen berehala, baina maila horretan geratu dira.

Herbehereak eta Alemania dira inportatzaile nagusiak, 30.000 milioi eurotik gorako erosketekin, eta atzean dute Italia, 27.000 milioirekin. Baina portzentualki, Errusiaren auzo herrialdeak dira gehien inportatzen dutenak: Letoniaren eta Estoniaren inportazioen %32 etorri ziren Errusiatik.

Alemania da esportatzailerik handiena ere (14.500 milioi), nahiz eta azken urtean kolpe handia hartu duten bere industriaren indarguneetako bik, makinek eta ibilgailuek. Hobeto eutsi diote sendagaien, elikagaien eta edari alkoholdunen esportazioek; haien gaineko debekurik ez dago.

Ikatza zero, nikela antzera

Eurostatek espresuki erreparatu die Errusiaren energia eta lehengaien esportazioei, horiek zirelako bien arteko harremanaren osagai nagusia, eta horietako batzuetan aldaketak oso handiak izan direlako.

Errusiako ikatzaren inportazioa, esaterako, debekatu egin zuen EBk abuztuan, eta ofizialki behintzat, tona bakar bat ere ez da iritsi 2022ko azken hiruhilekoan. Errusiak EBko ikatzaren merkatuan 2021 amaieran zuen kuota (%44) Hegoafrikak, Kolonbiak, Indonesiak eta Kazakhstanek estali dute 2022 bukaeran.

Nikelarekin, berriz, aldaketa nahiko txikia da, eta Errusia da oraindik EBren iturri nagusia, haren kuota %49tik %40era jaitsi den arren. Eroriko horren zati handi bat Kanadak bete du.

Errusiatik gasa EBra eramateko debekurik ez dago, baina hura dagoeneko ez da erregai horren hornitzaile nagusia —%33tik %18ra igaro da—, bi arrazoi direla eta: Mosku fluxua mozten aritu delako —itxita zegoen Nord Stream 1, hura lehertu zutenerako—, eta EBk beste iturri «fidagarriago» batzuk bilatu dituelako. Ondorioz, AEBen kuota—%12tik %21era igaro da, eta hura da orain hornitzaile nagusia.

Petrolioari dagokionez, bi epetan sartu da indarrean Errusiarena erosteko debekua: abenduan, petrolio gordinarena eta duela hilabete produktu finduena. Hortaz, iaz hasitako jaitsiera aurten sakonduko da.

Errusiaren kuota jaitsi egin da ongarrietan —%32tik %20ra— eta burdinan eta altzairuan —%14tik %6ra—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.