EBk dio Txinarekin duen desoreka komertziala «jasanezina» dela

Agintariek goi bilera egin dute, pandemiaz geroztik lehenengoa. Bruselak dio merkataritza defizita izugarri handitu dela. Pekinek iradoki du Europa gero eta lerratuago dagoela AEBekin.

TXINA - EU
EBko eta Txinako agintariak, ostegun honetan Pekinen egindako bileran. HUANG JINGWEN / EFE
jokin sagarzazu
2023ko abenduaren 7a
16:40
Entzun

Zubiak berreraikitzeko goi bilera egin dute Europako Batasunak eta Txinak, pandemia hasi zenetik lehen aldiz. Pekinen elkartu dira ostegun honetan Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea eta Charles Michel Europako Kontseilukoa, alde batetik, eta Xi Jinping Txinako presidentea eta Li Qiang lehen ministroa, bestetik. Tenperatura hartzeko balio izan dute bilerek: ez da akordiorik egon, ezta adierazpen bateraturik ere.

Azken urteetan hoztu egin dira Bruselaren eta Pekinen arteko harremanak, bereziki Ukrainako gerra piztu eta blokeen politika nazioarteko harremanetara itzuli denetik. EBk bere ustez Pekinek egindako «laidoen zerrenda» bat eraman du bilerara, eta beste aldeak ere egin du berea.

Bruselaren ustez, Txinako ekonomiaren susperraldia moteldu eta barne eskaria ahuldu dela-eta, Asiako erraldoiak gehiago esportatu du kanpora, eta hori mehatxu bat da Europan funtsezkoak diren industrientzat. Gainera, Pekinek azkenaldian hartutako erabaki batzuk salatu ditu EBk, batez ere teknologia berriak eta trantsizio energetikoarekin loturiko produktuak ekoizteko funtsezkoak diren lehengaien eta lur arraroen esportazioei jarritako mugak. Europako produktu batzuei Txinak ezarritako «boikota» ere aipatu du Von der Leyenek.

Batzordeko presidentearen esanetan, horregatik guztiagatik, Txinaren eta Europako Batasunaren arteko merkataritza harremana «jasanezina» bihurtzen ari da. «Desoreka» hori gero eta handiagoa dela salatu du Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak, eta kopuru bat jarri dio horri: EBk Txinarekin duen merkataritza defizita urtean 400.000 milioi eurokoa dela adierazi du.

«Erantzukizuna»

Txinako Gobernuak ere gogor kritikatu ditu EBk duela gutxi hartutako erabaki batzuk. Adibidez, Txinako auto elektrikoentzako diru laguntzak ikertzeko asmoz Bruselak abiatuko duen ikerketa eta ibilgailu horien esportazioei zerga berezi bat jartzeko erabakia —Txina da auto elektrikoen eta baterien ekoizle nagusia munduan, alde handiz gainera—. Aurretik ere antzeko erabaki batzuk hartu dituela gogoratu du; adibidez, 5G teknologiari dagokionez, Huaweiri jarritako debekuak.

Bileran, halere, adiskidetze mezu bat eman du Xi Jinping presidenteak. Europako Batasuneko agintariei esan die Txina eta Europa ez direla aurkari ekonomikoak, eta azkenaldian izan dituzten desadostasunak konpontzeko prest agertu da. Txinako presidentearen ustez, goi bilera «hasiera berri bat» da bi blokeen arteko harremanetan, eta Bruselak ere «inteligentziaz eta erantzukizunez» jokatzea espero duela azpimarratu du.

Egunotan, hala ere, Pekingo agintariak gogorrago mintzatu dira: adierazi dute esportazioen arloan ez dutela EBren murrizketarik onartuko. Bilera osteko agirian, beste tonu bat erabili du Txinako presidenteak. «Ez genuke geure burua aurkari gisa ikusi behar soilik gure sistemak desberdinak direlako edo beste gai batzuetan desadostasunak ditugulako, eta ez genuke lankidetza murriztu behar lehia dagoelako».

Merkataritza desorekez gain, beste gai batzuk ere eraman dituzte bilerara, hala nola, Ukrainako gerra, Gazakoa, eta Taiwango gatazka. Horrez gain, gailurraren bezperan, Italiak ofizialki iragarri zuen Zetaren Bide Berria deiturikoa utziko zuela. EBk ez du begi onez ikusten Pekinen egitasmo erraldoi hori, eta gaia hizpide izan dutela zabaldu du Txinako CCTV telebista kateak. Horren arabera, Xik esan du bere gobernua prest dagoela bere proiektua EBk duenarekin «konektatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.