EBk bankuak berregituratzeko sistema ez du itxi

Alemaniak, Frantziak, Italiak, Espainiak eta Herbehereek oinarrizko printzipioen gaineko akordioa lortu dute

Ivan Santamaria.
2013ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Banku batasuna finkatzeko bigarren urratsa adostu ezinik dabiltza oraindik EBko herrialdeak. Iaz ikuskaritza bakarra eratzeko negoziazioekin gertatu zen gisara, bankuak berregituratzeko sistemarekin ere azken orduko hitzarmena lortzen saiatuko dira herrialdeak, hasiera batean heldu den asterako deituko den beste Ecofin kontseilu batean.

Azken bilera luzetik ez dira esku hutsik atera, hala ere. Oinarrizko akordioa itxi dute euroguneko bost herrialde nagusiek. Alemania, Frantzia, Italia, Espainia eta Herbehereak bat datoz oinarrizko printzipioetan. Akordio horrek, hala ere, ez ditu EBren nahiak asetzen, eta ez du, oraingoz, beste herrialdeen babesik.

Akordioak nabarmen mugatuko du Bruselak aurkeztu zuen plan handinahitsua. Horren arabera, EBk izan behar zuen azken hitza finantza erakunde bat berregituratzea edo likidatzea erabakitzeko. Alemaniak ez du sekula aukera hori begi onez ikusi. Orain, proposamenak dio diru publikorik behar ez duten erabakien ardura izango duela Bruselak, baina funts publikoak jarri behar direnean, 28 herrialdeek bozkatu beharko dutela. Organo horretan Bruselak eta EBZk ordezkaritza izango dute, baina erabaki ahalmenik ez.

Alemaniaren erresistentzia

Faktura nork ordaindu behar duen izaten ari da beste puntu zail bat. Batzordearen proposamenean funts bateratu bat eratzeari lehentasuna eman zitzaion. Alegia, EBko banku guztiek finantzatutako funts bakarra sortzea, eta hortik jartzea arazoak dituzten bankuak kapitalizatzeko dirua. Berriro ere, Alemaniaren erresistentziak helburu hori urardotzeko bidean jarri du. Funts hori herrialdez herrialde martxan jarriko da. Hots, herrialde bakoitzak bere finantza sistemaren onbideratzea ordainduko du, edo funts horretako dirua erabilita edo gobernuak jarritako dirua baliatuta. Funts bateratu oso bat egotea onartu du Alemaniak, baina ez da 2025-2026 urtea arte indarrean egongo.

Michel Barnier Barne Merkatuko komisarioak ez du ezkutatu bost herrialdeen itunak ez datorrela bat Bruselaren asmoekin. Baldintzetako bat EBko itunak eguneratzea izan liteke, eta horrek arazoak sor ditzake. «Europako parlamentuak Europa mailako irtenbideak nahiago ditu, eta akaso proposamen horrek ez du asebeteko, Batzordea asebetetzen ez duen gisara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.