Mercosurrena ez da EBren itxaron zerrendan dagoen merkataritza librerako itun bakarra. Australiarekin ere 2018an hasi zen negoziatzen Brusela, baina ituna ez da iristen. Azken asmoa zen uda aurretik ixtea, baina epe horrek huts egin du, hasieratik espero zitekeen traba bat dela eta: Australiako nekazaritza eta abeltzaintza produktuen inportazio kuotak.
Australia lurralde erraldoia da, biztanle gutxikoa, eta lehen sektore indartsua dauka. Abeltzaintzak eta nekazaritzak BPGaren %3 ekartzen dute, Europako Batasunean halako bi, eta esportaziora bideratutako sektore bat da: esportazioen %12,5 dagozkio lehen sektoreari.
Merkataritza itunaren bitartez, Canberrak behiki, ardiki, azukre, arroz eta esneki gehiago esportatu nahi ditu EBra, baina Bruselak badaki produktu horiei ez dizkiela ateak guztiz zabaldu behar, bere nekazariak eta abeltzainak sutu nahi ez baditu, eta oraingoz muga zergarik gabeko kuota murritzak baizik ez dizkio eskaini Australiari.
Akordiorako beste traba bat sor-markak dira. Kontu horretan zorrotza da EB: ez ditu onartzen bere produktu izarren izen berak dituzten produktuak bere merkatuan sartzea. Australia, baina, etorkinen herrialde bat da, eta hara joandako europarrek beren produktuak eraman zituzten berekin.
EBk abuztuan negoziatuko du Australiarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu