Zenbat balio du kafeak taberna batean? Ipar Euskal Herriko kostaldeko kafetegiak eta hegoaldeko hiriburuetako gune turistikoak albo batera utzita, 1,50 eta 1,60 euro inguruko prezioa izan ohi du herri eta auzo gehienetan. Tabernariei kosta egiten zaie kafea garestitzea; prezioaren igoera motela izan ohi da. Halere, baliteke aurki kolpetik asko ukitu behar izatea, eta bi euroen langa psikologikora gerturatzea. Baina nondik hain iragarpen ezkorra? Kafe aleen prezioa asko igo delako nazioarteko merkatuetan: «Astakeria bat izaten ari da. Hogei urtetik gora daramatzat sektorean, eta halakorik ikusi gabea nintzen: %53ko, %43ko eta %68ko igoera jatorriaren arabera... Guztioi eragingo digu». Azalpen zintzoa Gorka Etxenikerena da, La Casa del Cafe etxearen zuzendari komertzialarena.
Kafe enpresa guztiek nozitu dute garestitzea, munduko kafe jatorri guztiak zipriztindu dituelako. Etxenikek aletu ditu batzuk. «Brasilgo kafe kiloa 2,20 euroan zegoen duela sei hilabete; orain, berriz, 3,84an dago. Kolonbiakoa, kalitate hobeagokoa, 3,40tik 5,21era igo da. Vietnamgoa, Robusta motakoa, 1,48an zegoen, eta %36 garestitu da. Hori, jatorrian; gero, ekarri egin behar duzu, txigortu, paketatu, banatu...».
Baina zer gertatu da? Arrazoi nagusia eguraldi aldaketa bortitz bat izan da. Uztailaren 20an izotza bota zuen Brasilen, kafeondo gehien dituzten lurraldeetan. 1994az geroztik Sao Pauloko eta Minas Geraiseko estatuetan egon den izozterik gogorrena izan da aurtengoa. Brasil da munduko kafe ekoizlerik handiena: uzta osoaren %38. Izozterako, uztaren hiru laurdenak bilduta zeuden, baina kalte handia egin dio biltzeko zegoen azken laurdenari, eta ikusteko dago zer eragin izango duen hurrengo urteko uztan.
«Izoztearena ziur egia dela. Baina pandemia betean, Brasil Txina bezalako merkatu berrien bila dabilenean... Ziur zerbait gehiago dagoela igoeraren atzean», zabaldu du susmoa Etxenikek. Eta arrazoi du; Fernando Etxabe Cafes Baqueko zuzendari nagusia da, Euskal Herriko kafe erosle handiena, eta hark luzatu du azalpena: «Bi arrazoi daude: inbertsio funtsen jarduna eta eguraldia». Banaka azaldu ditu: «Urtarriletik ekainera kafearen kotizazioak %40 igo ziren. Arabica kafeak (Brasil, Kolonbia...) New Yorkeko burtsan (AEB) du merkatua, eta Robustak, Londresekoan. Aktibo erakargarririk gabe, inbertsio funtsak nekazaritza lehengaietan babestu dira pandemian, eta prezioak igo dituzte. 2007ko krisian gauza bera egin zuten. Urte hasieran, baina, pandemiaren arrastoaren atzetik gindoazen, eta iaz saldu gabeko kafe asko genuen biltegietan. Baina hura agortu egin zaigu, eta gehiagoren bila joan garenean prezio hauek aurkitu ditugu».
Garraioa, espekulazioa...
Gero iritsi zen izotza, eta haren eskutik prezioen bigarren gorakada: «Inoiz gertatu gabea zen. Izozterik ez zen espero jada; kafe nekazariak izotz arriskua zuten lurretatik joanak ziren», azaldu du Etxabek. Bi aldagaiak batuta, Brasilgo kafea %116 garestitu da iazko uztailetik aurtengora, eta Kolonbiakoa, %68. «Jatorri nagusiaren galerak besteei eragiten die, mundu osoko eskaera bera delako. Gure kasuan, Brasilgo kilo bakoitzagatik Kolonbiako lau erosten ditugu», gehitu du Etxenikek. «Gure itxaropena hurrengo urteko uzta ona izatea da. Orain ari da loratzen, eta euria egitea behar dugu. Brasilen euria egin dezan behar dugu; bi uzta txar jarraian hondamendia litzateke», iragarri du Etxabek.
Kafearen ekaitz perfektuak, baina, hari mutur gehiago ditu. Lehengaien salerosketan adituak diren enpresen txostenek nazioarteko garraioan dagoen krisia ere aipatzen dute. Itsasontzi eta eta edukiontzien gabeziak garraioa garestitu du, eta kafea itsasoz mugitzen da. Munduko kafe kontsumoaren bilakaera ere beste aldagai garrantzitsu bat da: urtez urte goraka doa, eta espekulazioa bilakaera horri lotuta doa.
Kafea dolarretan salerosten da —dolarrak librako (453 gramo) da neurri ofiziala—, eta ekoizle diren herrialdeetako txanponek dolarrarekiko izan duten debaluazioak ere eragina du prezioan. Burtsetan prezio iragarpenak egiten dituzte etorkizunera begira, eta ez dirudi, luze gabe behintzat, kafea asko merkatuko denik. BERRIAk kontsultatu dituen lehengaien salerosketa enpresak ere iritzi berekoak dira: «Testuinguru honetan, litekeena da kafearen prezioa maila altuetan mantentzea edota igotzen jarraitzea».
Bi euro kiloko
Uzta bakarra dago urtean, eta kafezaleek egoera honetan erosi dituzte aurten txigortu eta salduko dituzten aleak. «Lehengaia %100 garestitzen badizute eta zuk ez baduzu ezer egiten, zeure buruaz beste egiten ari zara. Guk erosi dugu dagoeneko, eta guk gure gain har dezakegu galera horren zati bat, baina iaz guk ere izan genituen komeriak; koltxoi mehea dugu», azaldu du Etxabek. «Irailean aztertuko ditugu zenbakiak berriz, eta bezeroei azaldu beharko diegu. Garrantzitsua da hori: ezin dugu igoera guztia eraman azken preziora, baina guztiek mugitu beharko dugu. Urteak egin ditu antzeko prezioan», gehitu du.
Etxenikek ere ez du beste erremediorik ikusten: «Kafea produktu egonkorra da, eta prezioa gutxi aldatzen da, askotan ezta KPIa ere. Baina, egoera honetan, ez igotzeak pertsiana bota behar izatea eragin dezake. Guk kalitatearen aldeko apustua egiten dugu; agian beste batzuek horrekin joka dezakete, kalitatea jaitsi eta prezioa mantenduz. Guk pandemiaren ondoren eskari bana oparitu genien gure bezeroei; ahalegin handia eginikoak gara». Kopuruetan sartzea ez da erraza, baina, kalkulu bizkorrak egiten jarrita, baliteke hogei euro inguru balio duen kilo bateko kafe poltsa bat 1,50-2 euro garestitzea. Gero, ostalariak azken produktura eraman beharko luke %15 inguruko igoera hori, eta baliteke horrek gerturatzea barrako prezioa bi eurotara.
Eta etxeko kontsumoa?
Prezioak igotzeko garai onik ez dago. Txarrak eta okerragoak daude, eta pandemia betean are latzagoa da. Ostalaritza txikiak asko sufritu du, baina baita kafe saltzaileek ere. 2019a inoizko urterik onena izan zen Baquerentzat, baina 2020an, ostalaritza itxita zegoela, hondoa jo zuen. Ekoizpenaren %75 ostalaritzara zuzentzen du, eta iazko apirilean, esaterako, bide horretatik ohikoa duen kopuruaren %2 fakturatu zuen. Urteko balantzea, berriz, %45-%50ekoa izan zen. La Casa del Cafen ere antzera ibili ziren. Bi enpresek aldi baterako erregulazioetara jo behar izan zuten. «Oraingoa gogorra da, baina hura latzagoa izan zen. Zenbat bezerok eutsiko zioten jakin gabe. Urduritasun handia zegoen sektorean», ekarri du gogora Etxenikek.
Aurten, ostalaritza apurka lozorrotik ateratzen ari da. Baquek aurtengorako iragarpenetan pandemia aurreko urteetako salmenten %80 aurreikusi zuen. La Casa del Cafen ere %80-%85 inguruan egotea espero dute. Etxeko kontsumoa beste mundu bat da. Bi etxeek diote gaur-gaurkoz ez dela negozio iturri handiena, baina litekeena dela aldatzea. Etxenike: «Kafezaletasuna asko handitu da pandemian, eta gustua findu egin da. Jendea ikasten ari da: jatorriak, teknikak... Etxean ere kafe oso ona egin daitekeela ikusi du, eta baliteke joera hori ugaltzea».