EB-REN HAUTAGAIAK NDF-RAKO

2019ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Nadia Calviño Espainiako Ekonomia ministroa

Ez litzateke NDFko lehen presidente espainiarra izango, Rodrigo Rato NDFko buru izan baitzen 2004tik 2007ra. Calviñok soslai tekniko sendoa du: urteetako esperientzia du Europako Batzordeko goi karguetan, eta urtebetekoa Ekonomia ministro gisa. Halere, Financial Times-en arabera, jada ez dago EBren zerrendan.

Mario Centeno Eurotaldeko presidentea

Portugalgo kontu publikoak troikaren esanetara txukuntzeagatik saritu zuten, eta Eurotaldeko buru egin, Dijsselbloem ordezkatzeko. Financial Times-en arabera, EBren zerrendatik erori da jada.

Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidente ohia

Krisiaren gogorrenean izan zen Eurotaldeko buru. Sozialdemokrata herbeheretarra austeritatearen akuilu izan zen; erreskatatutako Europa hegoaldeko herrialdeak haserretu zituen, horrelako esanekin: «Ezin duzu zure diru guztia edaritan eta emakumetan gastatu, eta gero laguntza eskatu».

Olli Rehn Finlandiako Bankuko gobernadorea

EBko Ekonomia eta Diru komisarioa izan zen 2010etik 2014ra, Finlandiako Ekonomia ministroa 2015etik 2016ra, eta, 2018az geroztik, Finlandiako Bankuko gobernadorea da. EBZn Mario Draghi ordezkatzeko kinieletan ere ageri zen.

Kristalina Georgieva MBko idazkari nagusia

Munduko Bankuko presidenteordea da 2008tik, eta 2010etik 2016ra Europako Batzordeko presidenteorde izan zen. NBEn Ban Ki-moon ordezkatzeko hautagai ere izan zen. 66 urte ditu; beraz, gainditu egiten du NDFko zuzendari izateko gehienezko adina (65), baina EBko kideak prest daude NDFko arau hori aldatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.