Joan den ekainean, Europako Batasunak eta Mercosurrek izozkailutik atera zuten bien arteko merkataritza ituna, eta urtea amaitu aurretik berresteko borondatea erakutsi zuten. Data hori iristen ari da, baina bi aldeak oraindik urrun daude. Hain urrun, ezen Valdis Dombrovskis Europako Batzordeko merkataritza komisarioak bertan behera utzi baitu gaur Rio de Jainerora (Brasil) egin behar zuen bisita. Hura gabe bilduko dira Mercosurreko buruzagiak.
2019an adostutako akordioa ez da artean indarrean jarri, koronabirusaren pandemiak, Ukrainako gerrak eta, batez ere, olatu protekzionista batek hoztu egin dutelako merkataritza gehiago liberalizatzeko gogoa. Baina, Jair Bolsonaro Brasilgo lehendakaritzatik atera izanak ituna berreskuratzeko aukera ematen zuela ikusita, gaiari berriro heltzea erabaki zuen Europako Batzordeak, eta aldeko erantzuna jaso zuen Atlantikoaren beste aldean.
Akordioaren muina hauxe da: EBk atea irekiko die Mercosurreko haragiari, sojari eta beste nekazaritza produktu batzuei, eta, trukean, EBko industriak eta zerbitzuek ez dute trabarik izango Mercosurreko herrialdeetan aritzeko. Ezaugarri horiekin, itunak baditu irabazleak (EBko industria eta zerbitzu hornitzaileak, Brasilgo eta Argentinako nekazari handiak...), baina baita irabazteko baino galtzeko gehiago dutenak ere (EBko nekazariak eta abeltzainak, Mercosurreko industria...).
zer da mercosur?
Hegoaldeko Merkatu Komuna (Mercosur) 1991n sortu zuten Argentinak, Brasilek, Paraguaik eta Uruguaik. Helburua da haien artean merkataritza librerako gune bat sortzea, Europako merkatu bakarraren antzekoa. 2006an, Venezuelak bat egiteko prozesua hasi zuen, eta 2012an amaitu zuen, baina haren partaidetza etenda dago. Boliviak, berriz, 2012an eskatu zuen kide izatea, baina oraindik ez du erabat itxi bat egiteko prozesua. Mercosurrek ia hamabost milioi metro koadroko azalera du (Euskal Herria halako 709), eta 295 milioi biztanle. Haren esportazio nagusiak soja, haragia, artoa, burdina eta petrolioa dira.
Edonola ere, akordioa ixteko oztopo nagusia beste bat da: ingurumena. 2019. urteaz geroztik, EBk gogortu egin ditu bere ekoizpen arauak, ingurumenari egiten dioten kalteak eta CO2 isuriak txikitze aldera. Arau horiek Mercosurrekiko itunean sartu nahi ditu EBk, baina ezezkoa jaso du, batez ere Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidentearen ahotik.
Giroa gehiago gaiztotu du EBk maiatzean hartutako beste erabaki batek: debekatu egin du basogabetzearen ondorio diren produktuen inportazioa. Da Silvak «neokolonialismo berdea» inposatu nahi izatea egotzi die europarrei, eta akordiorik ez badago errua europarrena izango dela ziurtatu. Boterera itzuli zenetik Amazoniaren basogabetzea asko moteldu dela eta oihana eta han bizi diren tribu indigenak babesteko neurriak hartu dituela nabarmendu du Brasilgo presidenteak. Hortaz, «aitzakiarik» ez du ikusten ituna ez berresteko.
Ikuspuntu kontrajarriak Europan
Brasilgo presidentea Dubaiko COP28 bilerara batu zen joan den asteburuan, Emmanuel Macron Frantziako Errepublikako presidentearekin, hain justu europarren aldetik ituna berresteko eragozpen handienak dituen ordezkariarekin. Ingurumenaren defentsa argudiatu ohi du Macronek, baina haren mezu horrek ez du ezkutatzen baduela beste lehentasun bat: Frantziako agroindustria boteretsua defendatzea.
Lularekin bildu izanak ez zuen aldatu Frantziako presidentearen jarrera: «Ezin diet eskatu laborariei, Frantziako industriari eta Europako besteei ahaleginak egitea deskarbonizatzeko arau berriak betetzeko, eta bat-batean esan muga zergak kenduko dizkiedala arau horiek bete behar ez dituztenei. [...] Ez nago akordioaren zain, ez dakidalako nola azal diezaiokedan altzairu ekoizle bati, laborari bati edo Frantziako porlan ekoizle bati. Eta, ezin dudanez etxean azaldu, ezin dugu nazioarteko bileretan babestu». Testuetan egindako aldaketak gutxietsi ditu: «Frantzia baretzeko esaldi gutxi batzuk gehitu dira testuaren hasieran eta bukaeran, baina ez da nahikoa».
«Ez dakit nola azal diezaiokedan Mercosurrekiko ituna altzairu ekoizle bati, laborari bati, edo Frantziako porlan ekoizle bati». EMMANUEL MACRONFrantziako Errepublikako presidentea
Macronen jarrerak ez du bat egiten Alemaniak duenarekin. Astelehenean Lula da Silvarekin batzartu zen Olaf Scholz kantzilerra, eta ituna berrestearen alde dagoela azaldu zion —Alemaniako esportazioak lagun ditzake—. Gai horretan «pragmatismoz» jokatzeko eskatu zuen, «baita EBk ere».
Europako Batzordeak ere itxi nahi du ituna, eta hura ari da Mercosurrekin negoziatzen. Astelehenean, Balasz Ujvari Batzordeko bozeramaileak azaldu zuen negoziazioan «aurrerapauso nabarmenak» izan zirela, baita ingurumenari buruzko arauetan ere. Elkarrizketa horiek «ahal bezain pronto» bukatzeko asmoa azaldu zuen, baina ezin izan zuen baieztatu urtea amaitu aurretik itxiko dituztela. Uler daitekeenez, oztopoak ez dira teknikoak, politikoak baizik.
Parlamentuek dute azken hitza
Dena dela, Batzordeak Mercosurrekin akordio bat ixteak ez du ziurtatzen merkataritza ituna indarrean jartzea; estatuetako gobernuen eta eskualdeetakoen eskuduntzei eragiten dienez, parlamentuen babesa behar dute, eta prozesu zaila da hori. 2016. urtean, esaterako, Walloniako Parlamentuak oztopatu egin zuen hainbat astez EBren eta Kanadaren arteko CETA merkataritza ituna ixtea. Traba hori gaindituta, ituna behin-behinean indarrean jartzea baimendu zuen EBko Justizia Auzitegiak, baina ez da erabat aplikatuko estatukide guztien oniritzia jaso arte.
Javier milei
Mercosurren eta EBren arteko ituna berresteko aintzat hartu behar den beste faktorea Javier Milei da. Igandean hartuko du Argentinako lehendakaritza politikari ultraeskuindarrak, eta ez dago erabat garbi zer jokaera izango duen. Muturreko liberalismoa bultzatzen duen heinean, ituna «protekzionista» delako baztertu izan du Mileik, baina, orain, boterea ukitzeko zorian den honetan, jarrera biguntzen ari da. Haren Atzerri ministro izango denak, Diana Mondinok, ziurtatu du EBrekin merkataritza ituna berrestearen alde daudela. Ikusteko dago, ordea, Mileiren gobernua zer-nolako lan harremana lantzeko gai den Brasilgo Gobernuarekin. Oso eskuinera lerratuta egongo da Buenos Airesko gobernua, eta ezkerrera, berriz, Brasiliakoa. Mileiren kargu hartzera azaltzekoa da Jair Bolsonaro Brasilgo presidente ohia, baina oraindik ez dago garbi Lula agertuko ote den.