Txinaren aldean, zuhurrago jokatzea erabaki du Europako Batasunak Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak abiatutako merkataritza gerran. Negoziazioaren atea irekita daukala erakutsi zuen berriro atzo, industria gaietan AEBei %0ko muga zerga eskainita. Aurreragorako proposamen bat zela zehaztu zuen Maros Sefcovic Merkataritza komisarioak, orain ez duelako eskaintza onartzeko borondaterik ikusten Washingtonen. Ez zegoen oker: Trumpek berak ezetz erantzun dio Bruselaren proposamenari.
Nahikoa al da EBren proposamena, galdetu zion kazetari batek Trumpi, Etxe Zurian atzo egindako agerraldi batean —gaua zen Euskal Herrian—. «Ez, ez da», erantzun zion hark, eta konponbidea zein zen zehaztu zuen: AEBek EBrekin duen merkataritza defizita ezabatzea. 350.000 milioi dolarrekoa dela esan zuen Trumpek, baina, Eurostaten arabera, benetako datua gertuago dago 200.000 milioi dolarretatik.
Eta formula bat eman zuen aldea txikitzeko: «Erraz eta bizkor desagertzeko modu bat bada: gure energia erosi beharko dute. Egin dezakete, eta 350.000 milioi desager daiteke aste bakarrean».
«Europako Batasuna merkataritza kontuetan Estatu Batuei kalte egiteko sortu zen»DONALD TRUMP AEBetako presidentea
Trumpen lehen agintaldian, EB prest agertu zen AEBetatik gas eta petrolio gehiago erosteko, eta hori gertatu da azken urteetan. Ukrainako gerraren ondorioz, EBk Errusiako petrolioa erosteari utzi dio, asko murriztu ditu gas inportazioak, eta AEBetara jo du horren zati bat hornitzeko. Petrolio gordina da EBk AEBetatik gehien ekartzen duen produktua, eta gasa bosgarrena da.
Kontsumitzen duen gas naturalaren erdia AEBetatik datorrela gogorarazi dio Batzordeak Trumpi, baina esan dio gehiago erosteko prest dagoela. Hori bai, Anna-Kaisa Itkonen bozeramaileak oroitarazi du erakundeek beraiek ez dutela gasa erosten, eta enpresa pribatuen esku dagoela gehiago ala gutxiago erostea.
«EB oso gaiztoa izan da gurekin»
Beste askotan erabilitako esaldiak errepikatu zituen Trumpek EBk eskainitakoa arbuiatzeko. «EB oso gaiztoa izan da gurekin. Haiek militarki babesteko ordaintzen dugu, baina merkataritza kontuetan engainatu egiten gaituzte, eta hori ez da konbinazio ona», esan zuen, eta beste tesi faltsu bat gogorarazi: «EB merkataritza kontuetan AEBei kalte egiteko sortu zen».
Horren adibide bat izango lirateke EBren arauak, bai teknikoak, baita osasun arlokoak ere. «Helburu bakarrarekin sortu dituzte: zuk ezin duzu herrialde horietan saldu zeure produktua».
Besteak beste, EBk debekatu egiten du AEBetatik hormonaz elikatutako behien haragia eta kloroarekin garbitutako oilaskoa inportatzea, eta azken urteetan indarrean jarri ditu Zerbitzu Digitalen Araua (ZDA) eta Merkatu Digitalen Araua (MDA), enpresa teknologikoen boterea murrizteko eta herritarren eskubideak babesteko.
Isunak Appleri eta Metari
Hain zuzen ere, hurrengo egunotarako espero da Bruselak isun bana jartzea Appleri eta Metari, zerbitzu digitalen araua hausteagatik. Atlantikoaren bi aldeen arteko giroa jada nahiko bero dagoenez, ez da espero Batzordeak ahal zuen isunik handiena jartzea —enpresa horien fakturazioaren %10—.

Baina isuna edozein izanda ere, oso litekeena da AEBen erantzuna zakarra izatea eta merkataritza gerraren parte bihurtzea. AEBetako enpresa teknologiko handietako buru gehienak Trumpekin lerratu dira azkenaldian, eta gogor mintzatu dira EBren arauen aurka, haien ustez baztertzaileak direlako. «Batzordeak kalte egin nahi die AEBetako enpresa arrakastatsuei, AEBetakoak direlako baino ez, eta edozer egiteko askatasuna ematen die Txinako eta Europako haien lehiakideei», ziurtatu du Metak —Facebook, Instagram eta Whatsappen jabea da—.
EB-ren erantzuna, bi epetan
Txinak baino zuhurrago jokatzeak ez du esan nahi du Europako Batasunak ez duela ezer egingo ez duenik Donald Trumpi erantzuteko. Bihar bertan etorriko da lehena, AEBek altzairuaren eta aluminioaren inportazioei jarritako %25ko muga zergaren erantzuna bozkatuko dute ministroek eta, onartuz gero, datorren astean EBk aduana tarifak handituko dizkio AEBetako hainbat produkturi. Haien artean ez da izango Kentuckyko bourbona, EBko ardo eta pattarren industriak espresuki eskatuta. Datorren astean, berriz, Bruselak beste muga zerga sorta bat aurkeztuko du, Trumpek joan den astean iragarritako %20ko muga zerga gehigarriari erantzuteko. Proposamena gobernuen mahaira pasatuko da gero, baina haiek ontzat hartuta ere, ez dira maiatzera arte indarrean jarriko, Bruselak denbora eman nahi diolako Washingtoni «benetako negoziazio bat» hasteko.