Beste alor askotan nagusitu ohi den ezadostasun giroa gaindituta, ados jarri dira Europako Batasuneko 28 herrialdeak energia politikaren helburu nagusiak gaurkotzeko. Akordio berriak 2030. urtera arteko erronkak ezarri ditu. Haatik, horien lorpena herrialde bakoitza egiteko prest dagoen ahaleginaren menpe geratuko da erabat, gobernu bakoitzaren eskuetan baitago energia politika garatzeko azken hitza, eta interes oso bestelakoak dituzte batzuek eta besteek.
Sinbolikoki eta praktikoki erabiltzen zuen orain arte Bruselak 2020. urtea. Hor laburbiltzen ziren helburuak: 20-20-20. Alegia, berriztagarrien pisua %20ra handitzea, isurketak %20 jaistea, eta energia eraginkortasuna %20ra iristea. Aurrera begira, esparru bakoitzean helburu ezberdinak izango dira.
Berriztagarrien erabilerari dagokionez, energia kontsumoaren %27 iturri horietatik lortzea da EBko gobernuen konpromisoa. Eurostaten azken datuaren arabera, %14 inguru da gaur egun berriztagarrien pisua. Haatik, alde handiak daude herrialde batetik bestera. Suedia liderrak, esaterako, energiaren erdia iturri berriztagarrietatik sortzen du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan kontsumoaren %5,4 baino ez dute estaltzen, %22 Nafarroan. Helburu orokorra %27 da. Ondoren, bere helmuga propioa jarri beharko du gobernu bakoitzak.
Zailtasun handiagoak izan dituzte EBko gobernuek karbono dioxidoaren isurketen jaitsierari buruz akordioa lortzeko. Azkenean, helburu orokorra gas isurketak %40 jaistea izango da, 1990. urtean zuen mailatik. Helmugak handitzeko erresistentziarik handiena ekialdeko herrialdeetatik iritsi da. Polonia, Hungaria, Errumania eta Txekiar Errepublikatik. Horietako batzuek oraindik ere ikatza erabiltzen dute iturri nagusi gisa. Akordioak baldintza leunago batzuk ezartzen dizkie herrialde horiei. Esaterako, baimen gehiago izango dituzte isurketen truke sisteman.
Isurketa kutsagarriak gehiago mugatzeko konpromisoa txalotu du Europako Batzordeko Ingurumen komisario Connie Hedegaardek. «Europan CO2 isurketak %40 jaistea ez da lan erraza. Soilik gizarteko parte guztietan aldaketa handi bat eginda lor liteke», azaldu du ohar batean.
Akordioaren hirugarren atalean, kontsumoa gutxitzeko konpromisoetan, urrats ausartagoak eskatzen zituen Bruselak, baina ez ditu lortu. Kasu honetan ere espero den kontsumoa %27 murriztea izango da 2030. urterako helburua, baina berrikusiko dute sei urte barru, %30era igotzeko aukerari begira. Europako Batzordeak energia aurrezteko aukera handienak eskaintzen dituzten sektoreak definituko ditu.
Elkarri lotzea eta segurtasuna
Ukrainako gatazkak energia horniduraren segurtasunari buruzko beldurrak suspertu ditu, bereziki Europako ekialdean. Kontsumitzen duen energiaren %53 inportatzen du EBk. Errusiatik, hain zuzen, gasaren %39 eta petrolioaren %33 eskuratzen ditu. Menpekotasuna gutxitzeko, energia merkatu integratu eta elkarri lotu bat sustatzeari ekingo zaio.
Batez ere, mugaz gaindiko lotzeak erraztu nahi ditu EBk. Hau da, herrialde batetik bestera argindarra esportatzea. Herrialde guztietan gutxienez %10 izatea nahi dute. Gaur egun, Baltikoko herrialdeak, Espainia eta Portugal bakartuta daude. Halaber, Grezia, Malta eta Zipreren egoerari arreta berezia agindu diote.
EB ados jarri da energia politikaren helburuak igotzeko
2030. urterako kontsumoaren %27 iturri berriztagarrietatik lortzeko erronka ezarri dute 28 herrialdeek.Argindar sareak elkarri lotzea bultzatzeko neurriak hitzartu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu